Kritika. LIteratura

Ispilu jokoak

Angel Erro / 'Itzulpena-Traducción'
2024ko ekainaren 30a
05:10
Entzun

'ITZULPENA-TRADUCCIón'

Egilea: Angel Erro. 

Argitaratzailea: Nafarroako Gobernua.

Navarro Villoslada Literatura Saria irabazita, laugarren poema liburua kaleratu du Angel Errok. Itzulpena-Traducción izenburuak jada gaztigatzen digunez, itzulpengintzari buruzko hausnarketa dago liburuaren muinean, hizkuntza hautu eta poemen antolaketatik hasita. Ele bitan, euskaraz eta gazteleraz aurkezten da poema bakoitza. Izenburu berdina —ez beti— dakarten arren, irakurlea berehala jabetuko da ez direla bata bestearen itzulpen zehatza. Haatik, itzulpen betea dira Walter Benjaminek itzultzaileari emandako egitekoa kontuan hartuta; itzultzaileak helburuzko hizkuntzan intentzio bat aurkitu behar du, zeinak hizkuntza horretan jatorrizkoaren oihartzuna sor dezakeen. Ez dakigu, baina, poemotan jatorrizkoa zein den, jatorrizkorik badagoen. Poemek, izan ere, geruza sakonago batean egiten dute bat, mamian azalean bainoago. Bi hizkuntzen arteko igurtzi horietan gordetzen da haien muina.

Badira liburuan zehar errepikatzen diren gaiak, hala nola desira, bakardadea eta galera. Poeta intimista samarra da Erro. Konfesiorako joera dute poemetako askok, lehenengo pertsonara lerratuta sarritan. Asmatzen du, ordea, artifiziozko tonuaz edota naiftasunaz libratzen, ezin hobeto libratu ere. Poemen egitura formalak gerruntzea ezartzen die emozioei, horiek bridatu eta oihartzun literarioaren bitartez galbahetzeko. Poemon lerro banaketak, zeinak ez gutxitan sintaxia muturreraino bortxatzen duen, ukitu solemnea ematen die batzuei, tarteka hizpide duten gaiarekin kontrastean. Zuzenak ere badira poemak, itzulinguru gehiegirik gabe heltzen diote gaiari eta sententzia kutsuko kolpeak ematen dituzte aldian-aldian. Arnas laburrekoak dira, baina kondentsazio handikoak. Bihurri samarrak planteamenduan eta —poesian, izatez, urrezko araua berau— hainbat irakurketatan deskodetu beharrekoak.

Gertakari poetikoaz eta poetaren lanbideaz ere aritzen da Erro, ildo metaliterarioa antzeratuz. Ez dira horrelakoak gainontzeko poemetatik gehiegi bereizten, dena den. Poesiaren nolakotasunaz jarduteaz gain, bere poeta izaeraz gogoetatzen du autoreak, komikotasun dosi batekin batzuetan —Musen ordezkari sindikala— eta serioago bestetan. Edozein kasutan, eguneroko auziekin batera agertzen zaizkio gehienetan burutaziok poetari. Gorago aipatutako gaiak hizpide dituzten poemetan ere, ondorioz, kontzientzia poetikoa, oro har literarioa, sumatzen da. Liburua zeharkatzen duen nostalgia eta oroiminarekin estuki lotuta ageri da, gainera. Heriotza eta bizitzaren iragankortasunarekin loturak garatzeko bitarteko bat da poesia autorearentzat, ez ororen gainetik dagokeen poeta igarle gisa, ezta bizitza estetizatzera jotzen duen bohemio usteko inozo legez ere, bizitzarekin, min eta ukendu, dagoen norbanako moduan baizik. Berez, ispiluarena da Itzulpena-Traducción irakurri ondoren burura datorren lehenengo figura. Ispiluak dira hizkuntzak eta autoreak bere burua begiratzen du orain batean, orain bestean. Bien arteko ispilu-jokoan taxutzen da, ordea, poetaren egiazko irudia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.