Kritika. Dantza

Iraganean iltzatuta

Agus Perez.
2024ko irailaren 12a
05:05
Entzun

'bach past- present-future'

Konpainia: Schwerin balleta. Koreografia: Xenia Wiest eta Jonathan dos Santos. Musika: Johan Sebastian Bach eta Francesco Tristano. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi. Eguna: irailaren 9a.

Errenteriako Lekuona kulturgunean ere egon den Schwerin balleta ikusi dugu Miarritzeko Gare du Midin, Dantza Maitaldiaren eskutik. Alemaniako konpainiak J.S. Bachen musika baliatu du lan hirukoitza sortzeko, Bach past-present-future (Bach iragana-oraina-etorkizuna) izenburupean. Xenia Wiest balleteko zuzendariak hasieran esan digunez, egitarauak hiru atal dauzka, horrela dantzaren hiru aro irudikatuz: klasikoa, neoklasikoa eta modernoa.

Wiesten hitzetan, Bachen hainbat konposizio erabili dira emanaldirako, eta hasierako atalean partitura malenkoniatsuenak jarri dituzte, konpositoreak bere emazte maitearen heriotzaren ondoren sortu zituelako. Esandako hiru atalez gain, prologo eta epilogoa ere eduki ditu programak, haien arteko etenaldirik izan gabe. Wiestenak izan dira zati guztien koreografiak, Present delakoarena izan ezik, hura Jonathan dos Santosek sinatu duelako.

Neska bakarlari baten irudiarekin hasi da prologoa; horiz jantzitako dantzariak ariketa soilak egiten zituela balleterako barraren laguntzaz, eta barra desagertu ostean hasi dira gainontzeko dantzariak agertzen: hiru emakume eta hiru gizon hasiera batean, puntetan askotan, denak urdin metalizatu koloreko kortsea jantzita, eta gizonek beren praka estuekin zangarrak erakutsiz. Esandako hori izan da emanaldi osoko zati koloretsu bakarra, hortik aurrera ia kolorerik gabeko arropak jantzi dituztelako; krema hil edo urdin grisaxka tonuetan asko jota.

Hasierako pasarteetan akademizismo gordina izan da nagusi ballet klasikoko jarrera eta pauso guztien erakustaldian, eta nik ontzat eman dut, esperota sikiera gero etorriko litzatekeela zuzendariak iragarritako neoklasikoa, eta nire itxaropen guztiak Future izeneko amaieran jarrita. Eta bai, handik hiru ordu laurdenera iruditu zait apur bat alaiagoak eta dinamikoagoak zirela dantzarien eboluzioak, baina justu orduan etorri da hogeita bost minutuko atsedenaldia —printzipioz hamabost minutukoa zen, baina hala ere, zertarako?—. Orduan konturatu naiz lehen bi atalak iraganak zirela haien arteko diferentziarik antzeman gabe, koreografoak desberdinak ziren arren.

Ordurako suposatzekoa zenez, urrutiko intxaurrak hamalau azken atalean eta epilogoan. Iraganean hain tinko iltzatuta dagoen konpainia bat ezin da halako batean aldatu, baina beraien ustez ausartak izango liratekeen berrikuntzak ikusi ditugu. Horra hor: ordura arteko argi hitsek tonu berde, gorri eta urdina hartu dute une batzuez, eta dantzarien pausoetan nolabaiteko itxura robotikoa antzeman zitekeen, betiere erro klasiko sakonetatik askatu gabe. Nik ez dakit Bachek berak zer pentsatuko zukeen bere musikaren erabileraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.