Literatura

Iñigo Astizek bere lehen ipuin liburua plazaratu du: ‘Monogamoak’

Hamasei narrazio bildu ditu, hurbilago daudenak «literarioa denaren ertzetik zentrotik baino».

Iñigo Astiz, bere lehen ipuin liburua eskuetan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iñigo Astiz, bere lehen ipuin liburua eskuetan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko maiatzaren 8a
20:00
Entzun

Idazteko orduan buruan bi korapilo nagusi izaten dituela aitortu du Iñigo Astizek; «bi eulitzar hor bueltaka, tekleatzen hasterako». Jardunean beste bat ere agertu zaiola zehaztu du geroago, eta hura uxatu nahian aritu dela. Beste biei, aldiz, geratzen utzi die, eta haien konpainian aritu da Monogamoak liburuko narrazioak idazten, korapilo horiek askatzeko asmorik gabe. Hamasei kontakizun bildu ditu bere lehen ipuin liburuan, eta Susarekin argitaratu du lana idazle eta BERRIAko kazetariak.

Umoreari lotutakoa da lehen korapiloa, Astizek azaldu duenez: «Korapiloa zait, eta ezerosoa zait, ez umorea bera ezerosoa zaidalako, baizik eta umorea irakurtzeko dugun modua gehienetan labur geratzen zaidalako». Uste du bi jarrera izaten direla nagusi zerbait umorez kontatzean: hori txiste bat da esanez kontatzen denari balioa kentzea, edota hau serioa da esanez kontatzen dena interesgarriago bihurtu nahi izatea. Ez bata ez bestea ez ditu maite, ezpada bien arteko tentsioa. «Gustatzen zait umorearen eta seriotasunaren korapiloa mantentzea, izan dadila problematikoa idazlearentzat eta irakurlearentzat». Horren ondorioz, haren hitzetan, «liburuko ipuin itxuraz deliranteenetako batzuk dira errealitaterik itsusienak» kontatzen dituztenak. «Uste dut liburuan badaudela ipuin batzuk euli ziztrin batzuk kanoikadaka hiltzen dituztenak, eta badaudela beste ipuin batzuk tigre saldo haserretu baten aurka kortxozko pistola batekin joatea bezalakoak direnak. Idazterakoan, dibertitzen nau korapilo horretan egoteak, hori problematikoa izateak, eta espero dut irakurleak ere barne debate batean katramilatzea».

Bigarren eulitzarra errealitatearen eta literaturaren arteko harremanarena da, idazlearentzat. Horretan ere ez baitu gogoko hau literatura da esatea zerbaiti balioa kentzeko, ezta kontatzen den hau egia da esatea ere, horrek balioa emango balio bezala. «Niri gustatzen zait korapilo horren korapiloa, eta hor ere, bi irakurketa posible horien artean, ez soluzio bat eskaintzea, baizik probleman gelditzea. Eta uste dut irakurleak ere ipuin hauetan problema horri aurre egin beharko diola».

«Uste dut liburuan badaudela ipuin batzuk euli ziztrin batzuk kanoikadaka hiltzen dituztenak, eta badaudela beste ipuin batzuk tigre saldo haserretu baten aurka kortxozko pistola batekin joatea bezalakoak direnak».IÑIGO ASTIZIdazlea

Hain zuzen, liburua «artifizio baten eraikuntza oso kontzientea» izan dela azaldu du Astizek: «Baina, era berean, ulertu dut mantu bat balitz bezala, errealitatearen gainean erortzen uzten dudana, eta, nahiz eta errealitatea ez izan, errealitatearen forma hartzen duena». Gogora ekarri du Christo izeneko artistak monumentu handiak oihalekin estaltzen zituela, eta estaltze horren bidez, «kasik naturalizatutzat jotzen zen monumentu bat nabarmentzen zen; hau da, ikusarazten zuen hor zer zegoen, estalita. Nire ustez, artifizio horrek, mantu batek bezala, errealitatearen gainean, errealitatearen formak nabarmentzen ditu, artifizio izateari utzi gabe».

Hala, errealitatean nola, hala agertu zaizkio denetariko gaiak eta pertsonaiak ipuinetan: sexu bortizkeria, ahizpen arteko maitasuna, euskal gatazkak utzitako hondarrak, familia harremanak... «Nik nire mantua bota dut errealitatera, erortzen utzi dut, eta errealitate horretan batzuetan gauza batzuk harrapatu ditu, eta beste batzuetan beste batzuk. Ez dudanez izan gai bat hasieratik buruan, baizik eta gertatzen joan direnez, oso bestiario berezia atera da».

Errealitateari itsatsitako jolasa

Astizek orain arte bi poema liburu —Baita hondakinak ere eta Analfabetoa—, Kixotenean kronika liburua, Ez duzu abusatuko ikerketa liburua —Alberto Barandiaran eta Miren Rubiorekin batera— eta umeentzako hiru liburu plazaratu ditu. Eta estreinako ipuin liburuak haren literaturaren alderdi asko biltzen dituela iritzi dio Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak: «Astizek badu bizitzaren detaileei erreparatzen dien alde bat, bere poesian irakurri izan duguna batez ere; badu, detaileez harago, errealitatea pentsatzen eta izendatzen duen alde bat, argazki zabalago bat egiten duena, bere kazetari lanean eta saiakera gisakoetan ageri zaiguna; eta badu alde jolasti bat, literatura pentsatzeko duen modua bustitzen duena, baina agerikoagoa dena umeentzat idatzitako liburuetan. Hirurak daude hemen: detaileak, begirada zabalagoa eta jolasa».

Liburuan bildutako hamasei ipuinak «nahiko monogamoak» dira, eta, aldi berean, baita «erdi lehengusuak» ere, editorearen hitzetan; autonomoak eta gai, tonu eta estilo aldetik askotarikoak izanagatik, loturak ere badaudelako haien artean. Hala, narrazioetan agertzen dira, besteak beste, baina bat duen oparia jaso duen haur bat; ETAren eta Poliziaren arteko tiroketa baten ondotik hildakoen pabiloi batean agertzen den tipo bat; svastikak marrazten dituzten bi ume; sasoiz kanpo itzuli den norbait; diktadore baten koadroari agian kopa bat bota zion ustezko pailazo bat; ospitalera ama bisitatzera doan emakume bat; aitak egindako santu baten irudia garraiatzen duen familia bat; Hamlet idazten ari diren ezin konta ahala tximino; eta orein zuri bat ikusi duten lagun batzuk.

«Serioa denaren eta umorearen arteko orekan mugitzen da liburu hau, errealitatearen, artifizioaren eta fantasiaren arteko igurtzian».LEIRE LOPEZ ZILUAGASusa argitaletxeko editorea

Orrialde bakarra du laburrenak, eta hamalau luzeenak. Tonu aldetik, serioagoak dira batzuk, eta «saturatuagoak» beste batzuk, hau da, errealitate esaten zaion horren artifizioa ageriago uzten dutenak. «Jolas literarioa dago ipuinotan; hala ere, ez da errealitatetik desitsatsitako jolasa. Gure munduaren gainean gertatzen da literatura, eta, beraz, liburu honetan gaixotasunak daude, indarkeria politikoa, eskaleak, apurtzen diren bikote harremanak, diktadurak, isildutakoak eta ahopean kontatutakoak...», zehaztu du Lopezek. «Serioa denaren eta umorearen arteko orekan mugitzen da liburu hau, errealitatearen, artifizioaren eta fantasiaren arteko igurtzian».

Jarioa eta sedimentua

«Nik oso gutxitan idazten ditut liburuak», adierazi du Astizek, eta segidan azaldu poemak idatzi izan dituela, gerora —«aritzearen ondorioz»— poema liburu bihurtu direnak, eta berdin kronikekin eta beste generoekin ere. «Ipuinak idatzi ditut, eta aritze horren ondorioz atera da ipuin liburu hau, kasik jario bat eta horren sedimentazioa balitz bezala. Horrela bizi dut nik, eta hori da interesatzen zaidana niri idazterakoan, idaztea bera; ez aurretik pentsatuta zerbait exekutatzea, ez aurretik zer izango den erabakia dudan zerbait idaztea, baizik eta idazten ari naizela dakidan horretan, idazten ari naizela ez dakidana agertzen uztea».

Eta, hain zuzen, jardun horretan agertu zaio idazleari hirugarren eulitzarra, hirugarren korapiloa: literatura hitza. Azaldu du bi norabidetan izan zaiola emankor. Batetik, argi zuelako literatura egin nahi zuela, artifizioa. «Eta horrekin esan nahi dut argi ikusten nuela nire erronka testuan zegoela, ez aurrez pentsatutako ideia batean, ez aldarrikapen bati forma ematean, baizik eta testuan: aritze horrek sortu zezala testua bera. Hor jokatu dut ahal izan dudan hobekien. Artifizio hori egiterakoan, Natalia Ginzburgek esaten zuen bezala, ez dut ezer aurreztu, hau da, naizen guztia bota dut, nire beldurrak, nire zauriak, nekienik ere ez nekiena... dena bota dut, baina geruza horretan; literatura egin nahi nuen».

«Zer da literatura, zer da literarioa? Ohartu naizenean euli hori hor zegoela, indarrez saiatu naiz uxatzen, eta horri esker, nire ustez liburura iritsi dira testu batzuk literario denaren ertzetik hurbilago daudenak zentrotik baino».IÑIGO ASTIZIdazlea

Hala, «ezer ez presatzea» izan du ardatzetako bat, eta kontakizun bakoitza lantzea, hari egokien zitzaion forma aurkitu arte. Adibiderako, azaldu du 2017an idazten hasi zela liburuan jasotako ipuinetako bat, eta ordutik «etengabe» aritu dela hura lantzen, moldatzen, aldatzen, elementuak gehitzen nahiz desagerrarazten. «2017tik 2024ko urtarril edo otsailera arte, testu hori bizirik egon da, eta, era berean, badaude testu batzuk azken hilabeteotan idatzi eta bukatutakoak. Nire motorra izan da kontakizun horri egoki zitzaion forma agertu arte lanean aritzea, edo forma agertzean ontzat ematea».

Era berean, literatura hitza «oso euli egoskorra» iruditzen zaio idazleari, eta hala, «ahalik eta gehien uxatzen» saiatu dela adierazi du. «Esan nahi dudana da saiatu naizela literatura zer den ez gehiegi aztertzen, egiten nuena, testura bultzatzen ninduen edozein pultsio, zauri, gogo ontzat ematen, pentsatu gabe ea horrek literatura emango zuen edo ez». Aritzearen ondorio izan da hori, haren ustez. «Zer da literatura, zer da literarioa? Ohartu naizenean euli hori hor zegoela, indarrez saiatu naiz uxatzen, eta horri esker, nire ustez liburura iritsi dira testu batzuk literario denaren ertzetik hurbilago daudenak zentrotik baino. Adibidez, txiste bat izan daiteke ipuin bat? Ipuin batean kabitzen da saiakera? Erantzun guztiak baiezkoak dira; bai, baldin eta testuan gero zutik eusten badio». Horregatik, bere burua literariotzat zeuzkan txokoetarantz jotzen sumatu duenean, geldiarazi egin du, gaineratu duenez: «Geldiarazi, eta esan dut: ‘E, ez dago zertan horrela egin, egin daiteke nahi den bezala edo ateratzen den bezala’. Hori da dibertitzen nauena, testura itzularazten nauena, eserita mantentzen nauena, ez jakitea ziur ea bai edo ez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.