Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Haurren lehen bertso eskola izango du ardatz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak

Irailaren 14an hasiko da txapelketaren bigarren fasea, Urretxun. Guztira hamasei saio izango dira, eta 48 bertsolarik hartuko dute parte. Finala abenduaren 14an izango da, Donostiako Ilunben.

Asier Azpiroz, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria, eta Goizane Alvarez Foru Aldundiko diputatua, gaur Donostian egin den aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
Asier Azpiroz, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria, eta Goizane Alvarez Foru Aldundiko diputatua, gaur Donostian egin den aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko ekainaren 27a
14:00
Entzun

Txapelketa baten eta ondokoaren artean egoten den lau urteko itxaronaldia apur bat luzea egingo zaie bertsozale batzuei. Hori gutxi ez, eta, oraingoan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako bost urte itxaron behar izan dute pandemiaren ondorioz —2019an izan zen azken txapelketa—. Hala ere, batzuetan, itxaroteak merezi izaten du. «Gipuzkoako bertsolaritzaren ekosistemak behar du txapelketa; mugimendu horrek arnasa ematen baitio», esan du Asier Azpirozek, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Uda igarota, irailaren 14an hasiko da txapelketako bigarren fasea, eta abenduaren 14an amaituko da. Gaur aurkeztu dute, Donostian.

Hamasei saio izango dira guztira: zazpi final zortziren, irailaren 14tik urriaren 5era; bost final laurden, urriaren 19tik azaroaren 3ra; hiru finalaurreko, azaroaren 17an, 24an eta abenduaren 1ean; eta finala, abenduaren 14an. Lehenengo saioa Urretxuko Labeaga aretoan izango da, 17:30ean. Finala, aldiz, Donostian izango da, Ilunben. Sarrerak jada salgai daude, bertsosarrerak.eus webgunean. Aretoen leihatiletan ere fisikoki erosteko aukera egongo da. «Aukera paregabea izango da goi mailako bertsolariak ikusteko; gure kulturarentzako eta hizkuntzarentzako ekitaldi garrantzitsua da», azaldu du Goizane Alvarezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak.

48 bertsolari arituko dira nor edo nor, finalera iristeko asmoz, baina soilik zortzik lortu ahal izango dute txartela. Udaberrian hasi zen txapelketarako sailkapen fasea, Gipuzkoa bertsotan izenpean. Bertan 74 bertsolari aritu ziren, hogei saiotan —bi itzulitara egin ziren—. Horietatik 34 sailkatu dira Gipuzkoako Bertsolari txapelketara, eta eurekin batera arituko dira 2019ko txapelketan sailkatu ziren hamalau bertsolariak.

«Gipuzkoako bertsolaritzaren ekosistemak behar du txapelketa; mugimendu horrek arnasa ematen baitio».ASIER AZPIROZGipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria

Bigarren faseko 48 horietatik hamabost soilik dira emakumeak. «Parekidetasunari dagokionez, esan beharra dago datuak ez direla guk nahiko genituzkeenak. Hala ere, faseetan aurrera egin ahala, emakume gehiago sailkatzen dira finalerako», aipatu du Azpirozek. Azken txapelketan sei finalista izan ziren, eta lau emakumezkoak ziren.

Hona hemen aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda: Andoni Rekondo, Ane Zuazubiskar, Antton Aizpurua, Jon Gurrutxaga, Mikel Iturriotz, Unai Mendizabal, Amaia Iturriotz, Aitor Zubikarai, Aner Peritz, Iñigo Mantzisidor, Manu Goiogana, Oier Etxeberria, Beñat Iguaran, Gorka Maiz, Iban Urdangarin, Iñigo Gorostazu, Julen Zulaika, Oihana Arana, Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Iñaki Apalategi, Libe Goenaga, Unai Izagirre, Uxue Fernandez, Ane Beloki, Aratz Igartzabal, Eneritz Artetxe, Maddi Aiestaran, Oier Aizpurua, Unai Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Aitor Salegi, Andoni Mujika, Endika Igarzabal, June Aiestaran, Manex Mujika, Asier Azpiroz, Aitor Tatiegi, German Urteaga, Haizea Arana, Maialen Akizu, Maider Arregi, Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka, Oihana Iguaran eta Nerea Elustondo.

Belaunaldi berriak

Azpirozek hiru taldetan banatu ditu aurtengo parte hartzaileak: batetik, lehenengo edo bigarren txapelketa duten gazteak, bertso eskoletatik datozenak; bestetik, tarteko taldean dauden eta euren hirugarren edo laugarren txapelketa dutenak; Azpirozen esanetan, txapelketan «egonkortuta» daudenak. Eta azken taldean daude bertsolari «esperimentatuak»; ibilbide luzea izaten dute horiek. Aurtengo aldian, 25 urtetik beherako bertsolaririk onena sarituko dute.

Aurten 50 urte betetzen dira haurren lehenengo bertso eskola sortu zela. Leintz Bailarako guraso talde batek haurrentzako bertso eskola bat sortzeko iniziatiba izan zuen, eta ordutik makina bat herri eta hiritan sortu dira halako eskolak. Haiei aitortza egin nahi izan diete txapelketaren antolatzaileek: «Orduan egindako lanarengatik gaude gu hemen. Bertso eskolarik gabe ezin baita bertsolaritza ulertu», aipatu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak.

Lehen bertso eskola hartako haurrak Uztapide bertsolaria bisitatzera joan zireneko argazki bat izan dute oinarri txapelketako irudia sortzeko; Unai Gaztelumendik egin du. Gorriz irudikatu dituzte argazki horretan agertzen direnak, eta urdinez, jende anonimoa gehitu dio Gaztelumendik. Gorriz doan zatia Gipuzkoa bertsotan faseko irudia izan da udaberriko saioetan.

«Erronka da maila honetako txapelketa antolatzea», aitortu du Azpirozek. Horregatik, txapelketaren bueltan aritzen diren erakunde, eragile eta boluntarioen lana aitortu nahi izan du. Talde teknikoa arduratzen da saioetarako ariketak eta gaiak aukeratzeaz, eta esan du «izugarrizko lana» egiten dutela. Besteak beste, Bertsozale Elkarteko bazkideei ere aipamena egin die, «eurak baitira gure etxeko sukaldeari egunero janaria ematen diotenak».

final zortzirenak

  • Irailak 14. Urretxu.
  • Irailak 15. Lasarte-Oria.
  • Irailak 21. Lazkao.
  • Irailak 22. Elgoibar.
  • Irailak 28. Hondarribia.
  • Irailak 29. Andoain.
  • Urriak 5. Azpeitia.

final laurdenak

  • Urriak 19. Eibar. 
  • Urriak 20. Errenteria.
  • Urriak 26. Azkoitia.
  • Urriak 27. Irun.
  • Azaroak 3. Tolosa.

finalaurrekoak

  • Azaroak 17. Oiartzun. 
  • Azaroak 24. Zarautz.
  • Abenduak 1. Arrasate.

finala

  • Abenduak 14. Donostia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.