Gerard Depardieu aktorea epaituko dute bi filmaketatan sexu erasoak egitea egotzita

Atzo polizia etxean atxiki zuten hainbat orduz, eta deklaratu ondotik utzi zuten libre; urrian epaituko dute. Lehendik ere, dozenatik gora emakumek salatu dute Depardieuren biktima izan direla.

Gerard Depardieu aktorea, 2014ko irudi batean. Robin Townsend / EFE
Gerard Depardieu aktorea, 2014ko irudi batean. Robin Townsend / EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko apirilaren 30a
10:13
Entzun

Gerard Depardieu aktorearen izena (Chateauroux, Frantzia, 1948) berriz bistaratu da lerroburuetan. Atzera ere, titulu horiek ikustekorik ez dute zinema lanekin, ezpada sexu indarkeriarekin loturiko delituekin. Poliziak Depardieu atxiki zuen atzo Parisen hainbat orduz, bi emakumeri sexu erasoak egitea leporatuta. Galdeketa egin zioten, eta libre utzi zuten berriz. Auzibidea ez da bukatu, ordea: urrian epaituko dute. Zehazki, hau egozten diote oraingoan: bi pelikularen filmaketetan bi andreri sexu erasoak egin izana. Salaketen arabera, bata 2014an gertatu zen, Jean-Pierre Mockyren Le magicien et les Siamois film laburraren filmaketan. Biktimak adierazi du Depardieuk ukituak eta iruzkin lizunak egin zizkiola, filmatzen hasi aurretik eta filmatu bitartean. Bigarren salaketa 2021ean gertatutako eraso bati loturikoa da: biktima zinema dekoratzailea zen Jean Becker zuzendariaren Les volets verts filmean, eta salatu du aktoreak zangoetatik heldu ziola, eta izterren artean bildu.

Gaur-gaurkoz, deklarazioetan Depardieuk ukatu egin du bi emakume horiei eraso egin izana. Izatez, aktoreak orain arte bere kontra jarritako salaketa guztiak gezurtatu ditu. Besteak beste, iazko urrian gutun bat argitaratu zuen Le Figaro-n, eta hartan idatzi zuen «sekula» ez duela «emakume batez abusatu». Ordea, dagoeneko dozenatik gora emakumek salatu dute haren biktima izan direla. Are, 2021ean inputatu egin zuten sexu erasoa eta bortxaketa egotzita, 2018an aktorearen etxean gertatutako eraso baten harira.

Atzoko atxiloketarekin loturikoez gain, 2023ko abendukoa da Depardieuren kontrako azken salaketa. Ruth Baza aktore eta idazle espainiarrak salatu zuen. Eta, gainera, aurrez, hamahiru andrek salatu zuten 2004 eta 2022 arteko 11 filmaketatan Depardieuk eginiko erasoak jasan izana. Mediapart hedabideak eman zuen horien berri, hain zuzen ere, 2023ko udaberrian.

Depardieu aspaldi egonik ere indarkeria matxistarekin loturiko auzietan, ezagun da zinema munduko lankideek ez ezik zenbait politikarik ere emandako babesa. Esate baterako, Frantziako presidente Emmanuel Macronek Anne-Elisabeth Lemoine kazetariaren C a vous saioan nabarmendu zuen Depardieuren «oso zalea» dela, eta adierazi zuen ez dela «bidezkoa» halako «gizon ehizarik» egitea aktorearen kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.