Bertsolaritza

Gai jartzailea, bertsolaria bezain sortzaile

'Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan?' EHUren udako ikastaroak gai jartzaileari jarri dio arreta bigarren egunean. Haren funtzioen balioespena eta sortzaile gisako aitortza egin dituzte, besteak beste, 'Gai jartzaile autorea' hitzaldian.

Imanol Artola gai jartzailea eta Alaia Martin bertsolaria, EHUren Udako Ikastaroetan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Imanol Artola gai jartzailea eta Alaia Martin bertsolaria, EHUren Udako Ikastaroetan. ANDONI CANELLADA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko uztailaren 5a
17:30
Entzun

Imanol Artola gai jartzailea (Amezketa, Gipuzkoa, 1989) eta Alaia Martin bertsolaria (Oiartzun, Gipuzkoa, 1987) oholtzan bezala aritu dira Gai jartzaile autorea hitzaldian: lehenak gaia jarri, eta bigarrenak erantzun. Lau puntuk ardaztu dute saioa: bertso saioen egiturak, gaitegiak, gai jartzailearen autoretzak eta aitortzak. Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan? EHUren udako ikastaroaren lehen eguneko ekarpenak ere gogoan izan dituzte hitzaldietan.

Saioen egitura

Gai jartzaile autorea zein den definitzea izan du Artolak lehen ahalegina, eta, horretarako, saio bakoitzean kontuan hartu behar izaten dituen elementuak zerrendatu ditu. Batetik, bertsolariek altxaldi kopuru bera izatea, bertsolari bakoitzak hiru bertsoaldi baino gehiago pasatu behar ez izatea eserita, bizpahiru ofizioren ostean bestelako ariketak tartekatzea, eta, ahal dela, bertsolari guztiak elkarrekin ateratzeko aukera bilatzea. Artola: «Saioen hezurdura ofizioak dira, baina denari eman behar zaio zentzua: saioa nondik nora doan, atmosferari erreparatu, aldaketa bilatu, trantsiziorik behar den...». Definiziora itzulita, hortaz, «hori guztia kontuan hartuko lukeena» izango litzateke gai jartzaile autorea.

Izan jaialdia, txapelketa edo bestelako saioa, intentzioa ez da berbera izaten. Nolanahi dela ere, batekoak zein bestekoak dira gai jartzailearen kezkak. Esate baterako, saioetan bestelako jolasik sartu behar ote den, esperimenturik probatu behar ote den, edota prestatutako gidoiari aldaketarik egin behar ote zaion. Artola: «Ni neroni ez naiz zale. Etxean lanketa handia egiten da, eta gerta liteke saio batean klima aldatzea, baina etxean egindako lanez fidatu behar da. Hainbeste ordu pasatu baduzu, fidatu».

«Saioen hezurdura ofizioak dira, baina denari eman behar zaio zentzua: saioa nondik nora doan, atmosferari erreparatu, aldaketa bilatu, trantsiziorik behar den...» IMANOL ARTOLAGai jartzailea

Alaia Martinek emandako erantzunen artean, bakarrean erakutsi du ezadostasuna: «Egitura zurruna izateak ziurtasuna ematen du eta laguntzen du, baina senari kasu egitearen aldekoa naiz. Konektatzeko ezina baldin badago, hobe ariketak aldatu». Oreka funtsezkoa da bertsolariarentzat: «Gai serioak eta arinak tartekatzea garrantzitsua da, eta hori bezain garrantzitsua da kontrastea». Saioak umoretik bakarrik joz gero sentsazio hutsala utz dezakeela uste du, eta bidaiarekin alderatu du bertso saioa: «Behar dira bide bat, tontor batzuk eta lautada batzuk. Beldurra diogu serio edo triste jartzeari, baina beharrezkoak dira, hain zuzen ere, umoreak funtzio bikoitza izan dezan».

Bertsolari batzuk etengabe karikaturizatzeak egin dezakeen kaltea, autoritate banaketa eta gai izarrak beti batzuei gordetzea ere hartu ditu hizpide: «Hori guztia ez da zientzia zehatza; erreproduzitu ahala indartzen den erabaki sorta bat da. Neurria hartu behar zaio». Bestalde, saio bakoitzeko esperimentu bat edo ahalegin bat egiteko gomendioa egin dio gai jartzaileari.

Gaitegia

Saioetan jartzen diren gaiei dagokienez, «hirutasun santua» marraztu du Artolak. Gai jartzaileak, entzuleek eta bertsolariek osatuko lukete: «Erpin bakoitzak bere traumak, aurreiritziak, asmoak eta irrikak dakartza saiora, eta helburua hiruki aldekidea lortzea da». Alegia, hiru multzoen irrikak asetzea. Baina zer daki gai jartzaileak gidatu behar dituen bertsolariez? «Bertsolari jakin batekin saio bakarra egin badu gai jartzaileak, haren ibilbideaz eta kezkez ez daki egiazki gauza handirik, sare sozialetan ageri dena besterik».

Entzuleak, berriz, orokorrean dibertitzera doazela uste du Artolak, eta zalantzak sortzen zaizkio gai kargadunak, intimoagoak zein gertaerei lotutakoak nola, non eta nori sartu. Adibide bat jartzearren, maskulinitateari heldu dio: «Gustura eramango nuke oholtzara, sentitzen dudan gai bat da, baina zein bertsolari dago prest biluzteko? Bost lerro pentsatzeko halako lanak izan baditut, bat-bateko hiru bertso eskatuta, zer ari naiz, bertsolariari aukera ematen ala ataka estuan jartzen?».

Martin konpromiso handiko gaiak jartzearen alde agertu da: «Bestela ez delako aurrera egiten, motibazioa behar delako, bertsolaria funtzio bat betetzen ari delako plazan, eta arriskua hartu behar delako, betiere bertsolariari zirrikitu txiki bat utziz, ihes egin nahiko balu».

Autoretza

Artolarentzat, gai jartzaile autorearena «langintza aski kolektiboa» da, besteak beste, gai jartzaileen talde bat koordinatzen duelako eta saio bat prestatu behar duen bakoitzean bizpahiru lagunen iritzia ere eskatzen duelako. Gai jartzaile guztiek ez dute hala egiten. Askok ofizio bakartitzat daukate. Gipuzkoan saio gehien egiten dituzten gai jartzaileetan bigarrena dela aitortu du Artolak, urtean hamabitik hogeira bitartean egiten baititu. Alde horretatik, bi zeregin jartzen dizkio bere buruari: bata, gai jartzaile berriei laguntza eskaintzea edo kolektiborako proposamena egitea. Bestetik, saioak gazteei pasatzen saiatzea. Autoretzari begira, gai jartzailearenak «lan jarraitua» izan beharko lukeela iritzi dio.

Martinek ez du zalantzarik gai jartzailearen autoretzan: «Haria gai jartzailea da, denbora gehiago hartzen du lanerako, kolore bat ematen dio saioari, zubi lana egiten du, eta, askotan, saioaren aurretik ere laguntzen du: lehendik ezaguna badut beldurtiago edo irekiago joango bainaiz saiora».

«Haria gai jartzailea da, denbora gehiago hartzen du lanerako, kolore bat ematen dio saioari, zubi lana egiten du, eta, askotan, saioaren aurretik ere laguntzen du: lehendik ezaguna badut beldurtiago edo irekiago joango bainaiz saiora» ALAIA MARTINBertsolaria

Aitortza

Gai jartzaile kasualari gida moduko bat eskaintzea proposatu du Artolak: «Ez dakit Lankuren bitartez edo nola, baina horren beharra ikusten dut». Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa dela eta, hamabost lagunen artean 405 gai jarri beharko dituztela esan du, horietarik 250 udazkenean: «Urteko bertso jarduna eta txapelketak elkartu nahi baditugu, oreka handiagoa beharko da».

Bertsolariak hainbat elementu proposatu ditu gai jartzaileen aitortzaren adierazgarri; besteak beste, karteletan bertsolarien pare agertzea, gai jartzaile onenaren saria ematea edo «'zein da zure gai jartzaile gustukoena?' galdera existitzea, bertsolari gustukoarena existitzen den bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.