Musika

Françoiz Breut: uluka basoetarantz

Kantari frantziarrak natura hartu du inspirazio iturritzat 'Vif!’ disko ezinbestean organikoa sortzeko.

Francçiz Breut musikaria.
Francoiz Breut musikaria.
Inigo Astiz
2024ko ekainaren 30a
05:30
Entzun

«Basorantz doan bidea hartzen dut nik». La tangente abestian adierazpen hori bederatzi aldiz errepikatuz itxi nahi izan du Françoiz Breut kantari eta musikari frantsesak bere zortzigarren bakarkako diskoa, Vif! (Bizi), eta, entzule despistaturik balego ere, badaezpada, «au, auuuu», irribarrea pizten duten otso aireko ulutxoekin indartu nahi izan du mezua azken minutuan. Koronabirusak eragindako osasun krisi betean sortu zuen ekoizpen geruzatsuko Flux floy de la foule diskoaren ondoren, gitarra, baxua, teklatuak, bateria eta ahotsa oinarri bakar dituzten hamabi kantako lan organikoa osatu du oraingoan. Birusak bultzatuta, neurri batean. «Gertuko lagunak galdu nituen, eta gerra lehertu zen Ukrainan. Heriotzak inguratzen zuen dena. Testuinguru larri horretan, bizitza sentsazioren bat bilatzeko beharra sentitu nuen, eta, instintuz, hala jo nuen naturarantz».

Diskoa zabaltzen duen Hors sol abestiak markatzen du disko osoaren soinua. Organo laino baten gainean, baxu eta bateria sendo eta erakargarri batek hasten du oinarri musikala, eta gero dator Breuten ahots xuxurlati eta etereoa, asfalto gainean irrist eginez bizi garela seinalatuz, ondoren, teklatu lan jostari eta tarteka psikodeliko bati lekua uzteko. Eta, gutxi gorabehera, lehen minutu horietan jasotako sentsazioa aberastuko du diskoak gero kantuz kantu.

Koronabirusak eragindako krisiaren ondoren, «bizitza sentsazio bat» bilatzen hasi, eta, hala, Breutek naturara jo zuen inspirazio bila.

Hala azaldu du sortze prozesua Breutek. «Antzinako eran sortu nahi izan dut musika, gela batean elkartuta». Marc Meliaren teklatuak, Francois Schulzen baxua eta gitarra, eta Romeo Poirirerren bateria dira gela horretan bildu dituenak, eta orkestrazio minimalista hori mantendu du disko osoan.

Francoiz Breut musikariaren 'Craver l'asphalte' kantaren bideoklipa.

Konposiziorako urratsa

1997an hasi zuen bere bakarkako bidea Breutek, eta beste musikariek konposatu eta idatzitako kantak abesten sortu zituen lehen hiru diskoak. Besteak beste, Dominique A-k, Yann Tiersen-ek, Philippe Katerine-k eta Jerome Miniere-k sortutakoak dira haietako batzuk. Breutek azaldu izan duenez, ordea, une batetik aurrera ezeroso sentitzen hasi zen jasotako testuekin, eta A L’Aveuglette lanean hartu zuen bere hitzak kantatzen hasteko erabakia, 2008an. «Jadanik ez zitzaizkidan proposatzen zizkidaten gaiak interesatzen. Neure buruaren karikatura bat bihurtu nintzen sentsazioa neukan. Amodio kantuak egiteko proposamen asko jasotzen nituen, eta gogoa nuen hizkuntzarekin dibertitzeko. Hizkuntza nahi nuen erritmoa sortzeko oinarrian, eta zerbait esateko gogoz baino gehiago, kanta bat nola ekoizten zen ulertzeko gogoz nengoen».

Arte Ederrak ikasi zituen, eta ibilbide emankorra du ilustratzaile eta artista modura ere. Francoiz Brrr izena darabil halakoetarako, eta, hainbat libururen irudiak sortzeaz gain, hamaika erakusketa ere egin ditu bere lanekin. Hark azaltzen duenez, horregatik, betidanik musikazalea izan arren, «kasualitatez» bukatu zuen musikan murgilduta. Eta Dominique A da erabateko murgiltze hori ulertzeko pertsonaia garrantzitsuetako bat. 1990eko hamarkadan ezagutu zuten elkar Breutek eta berak, eta bikote izan dira 1999an bereiztea erabaki zuten arte. Breutek diseinatu zuen, esaterako, Dominique A-ren Si je connais Harry diskoaren liburuxka, eta hainbat kantatan ere lagundu zuen lehenengo aldiz, eta zuzenean ere elkarrekin aritu ziren geroztik. Maiz egin izan dizkiote, horregatik, bikotekide izan zuen musikariari buruzko aipamenak bere diskoei buruzko oharretan.

Edonola ere, zortzigarren diskoa betetzen duten basoen zuhaitzen gerizpean, inoiz baino arinagoa behar luke itzal horren zamak orain.

Francoiz Breuten 'Ode aux vers' abestia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.