Faye Webster, hausturatik aurrera

Musikari estatubatuarrak harreman baten amaiera hartu du abiapuntutzat ‘Underdressed at the Symphony’ bere bosgarren eta azken lanean.

Faye Websterren bosgarren diskoa da 'Underdressed at the Symphony'. BERRIA
Faye Websterren bosgarren diskoa da 'Underdressed at the Symphony'. BERRIA
mikel lizarralde
2024ko martxoaren 24a
05:20
Entzun

Ehunka dira maitasunaren amaierak eta harreman baten eteteak piztu dituzten diskoak. Hamaika minetik, haserretik eta erresuminetik idatzitako lanak. Baina badira hausturak akuilatutako lan baikorrak ere, atzera begiratu eta iraganean ikasitakoarekin aurrera egiteko gogoz azaltzen diren artistenak. Horietako bat da Underdressed at the Symphony, Faye Webster abeslari estatubatuarraren (Atlanta, 1997) azkeneko lana. 26 urte baino ez ditu Websterrek, baina bosgarren diskoa du dagoeneko, 16 zituela argitaratu baitzuen aurrenekoa, Run and Tell (2013).

Websterrek berak azaldu duenez, hausturaren ondoren ohitura hartu zuen azken momentuan hartzeko beti Atlantako orkestra sinfonikoaren kontzertuetara joateko sarrerak, eta diskoaren izenburua bera autoparodikoa ere bada zentzu horretan, auditorium serio eta solemne batean modu ezegokian jantzita egoteari egiten baitio erreferentzia. Ideia horrek diskoa ere zeharkatzen du, Underdressed at the Symphony-k, harreman horren eteteari buruz baino gehiago, pentsamendu jakin batzuei buruz hitz egiten baitu, askotan umorea erabilita.  

Molde klasikoan

Folk-rockean sustraitutako indie-popa eginez aurkeztu zuen bere burua Websterrek, baina hamar urteko ibilbidean bere soinua garatuz eta perfekzionatuz joan da, eta tarte batez —2019an Atlanta Millionaires Club diskoa argitaratu zuenean— musika garaikideetara eta zehazki hip-hopera irekitzeko tentazioa izan bazuen ere, Underdressed at the Symphony-n molde klasikoetara lerratua azaltzen da —soula, R&Ba eta 1970eko hamarkadan loratu zen soft-rocka dira nagusi—, nahiz eta gaur egungo ukituak ere badituen diskoak. Horien artean nabarmenena Lil Yachty hip-hop musikari eta Websterren gaztetako ikaskideak Lego Ring kantuaren amaieran ahots filtratuarekin kantatzen duen zatia izan liteke, baina segidan datorren Feeling Good Today-n Webster bera da melodia soil eta oso labur baten gainean autotunea erabiltzen duena eguneroko kontu txikiez aritzeko. 

Baina, bi pieza horiez aparte, Underdressed at the Symphony manera klasikoekin dago eraikia. Pedal steel-ak eta pianoak eramaten dituzte kantuak aurrera kasurik gehienetan, eta horien inguruan ari da Webster bere ahots leunarekin kantuan, giro atsegin eta erosoa sortuz. Musikari estatubatuarraren azken diskoak goxo egiten baitu aitzinera, ezusteko handirik gabe, baina monotonian inoiz erori gabe.

Horretan inportantzia handia daukate detaile txikiek —edo hain txiki ez direnek—. Esaterako, pare bat kantu ia esaldi bakar bat errepikatzen duten mantra bilakatzen dira amaierarako, nolabaiteko letaniak izango balira bezala —Thinking About You sentikorra eta jazz kutsuko Lifetime—, eta beste batzuetan instrumentazioak berak bihurtzen ditu pieza batzuk aparteko. Adibidez, But Not Kiss-en, piano eta bateria kolpe eraginkorrek plus bat ematen diote xarma berezia duen kantuari. 

Diskoa tempo ertaineko piezetan eta baladetan ardaztuta badago ere, badira erritmoa azkartzen duten pasarteak; hala nola He Loves Me Yeah! ironikoa, zeinetan Nels Cline Wilco taldeko gitarristak parte hartu duen —baita Wanna Quit All the Time-n ere—. 

Diskotik diskora aurrera eginez, bere lekuaren bila ari dela ari da erakusten Faye Webster, eta Underdressed at the Symphony bilaketa horren lagin aparta da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.