NAK jaialdiko zuzendari artistikoa

Yolanda Campos: «Ez da sustatzen musika lasai eta libre entzutea»

Gaurtik irailaren 14ra eginen dute NAK Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdia, Iruñean. Adiskidetasunari begira ariko dira aurten, «ezinbestean», zuzendari artistikoaren iritziz.

YOLANDA CAMPOS
Yolanda Campos Bergua, NAK Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiko zuzendari artistikoa, iaz, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko irailaren 3a
05:30
Entzun

Ezin kabiturik da NAK Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiko zuzendari artistiko Yolanda Campos (Jaka, Espainia, 1973). Eta, antzera, dioenez, programazio bakarrean ezin kabiarazi dute festibaleko kideek sentitzen duten «esker ona». Hamargarren aldia dute aurten, eta sorreratik ehundutako adiskidetasun harremanei egin nahi diete omenaldia, batik bat. «Sergio Eslaba koordinatzaileak dioen bezala, erori garen bakoitzean eskutik helduta altxatu baikara». Edonola ere, ez da asmorik agur esateko, ezpada bidea urratzen segitzeko. Zehazki, gaurtik irailaren 14ra eginen dute jaialdia, eta erabateko 22 estreinaldi taularatuko dira bitarte horretan, besteak beste.

Hamar urte ez dira alferrik igaro izanen, ezta?

Inondik ere ez, eta uste dut aldi honek ederki jasotzen duela ibilbidea. Agerian geldituko da urte hauetan guztietan ez garela mugatu soinuak sortzera eta pentsamendua estimulatzera; bistaratuko da milaka lotura sendotu ditugula, baita arlo profesionalaz haragokoak ere; laguntasunezkoak. Gainera, urteotako datuek ere asko uzten dute agerian sorkuntzari dagokionez: 70 obra baino gehiago sortu dira NAKen inguruan, eta ehundik gora musika lan, dantza pieza eta ikus-entzunezko estreinatu dira.

Hain zuzen, adiskidantzari eta loturei begirako festibala da aurtengoa, diozuenez. Intentzioan ez ezik, taularatuko dituzuen obren eta eginen diren jardueren bitartez ere helaraziko zaizkie ideia horiek ikusleei?

Aurtengo aldiaren leitmotiva elkarren arteko loturak diren heinean, jaialdiaren historiari buruzko kontu asko erakutsiko dira egunotan, batik bat nabarmenduta zer-nolako ekarpenak egin dizkiguten festibalaren parte izan diren ehunka lagunek. Gainera, ikaspenez mintzo gara, konpromisoaz, irakasletzaz eta bestez, eta, ondorioz, baita miresmenaz, enpatiaz eta errespetuaz ere. Edonola ere, ez, programaturiko eduki musikalak ez daude zuzenki kontzeptu horiei lotuak, salbu eta kontzertu bat: irailaren 14an Belen Otxotorenak Garaikideak proiektuko kideekin batera emanen duena.

Zein izanen da emanaldi horren muina, zehazki?

Soinu eta poesia proposamen bat da, eta adiskidetasuna du gaia, justu. Eta Otxotorenarenak dira testua eta dramaturgia.

Aurkezpenetan-eta, esana duzue hau izanen dela jaialdiaren inoizko aldirik hunkigarriena. Hori jakinekoa duzue dagoeneko?

Ez dut dudarik. Urteurrena izanik, ikusirik zer bide egin dugun denek elkarrekin... ikaragarria da. Are gehiago ez dakizularik hau noiz eta nola bukatuko den.

Noiz arteko bizialdia aurreikusten diozu NAKi, bada?

Entusiasmoak irauten digunera artekoa gutxienez, Remedios Zafrak esanen lukeen bezala. Oxala beste hamar urte beteko balitu.

Erabateko 22 estreinaldi izanen dira aurten. Zer moduzko kopurua da?

Izugarria, are eta hobea aintzat harturik hamar eguneko jaialdia dugula aurten —inoizko luzeena da—. Gainera, beste 21 lanek estreinako aldia izanen dute Nafarroan, eta ez dezagun ahaztu ehun artistatik gora ariko direla guztira.

Aurtengoak dakartzan nobedadeetako bat da kontzertu didaktikoetan Iruñeko Gazte Orkestra ariko dela. Horrek nola aberasten du programazioa?

Ikasketak bukatzear diren konposizio ikasleentzat aukera ezin hobea da orkestra batekin aritzea; egia esan, ez da horren parekorik.

Kontzertu tematikoetarako aukeratutako gaiak ikusita —konfiantza, ikasketa...—, pentsatzekoa da ez dela kasualitatea hain zuzen ere orkestra horri deitu izana.

Deus ez da kasualitatea. Kasu honetan, kontzertu tematiko guztiek lotura dute Josep Maria Esquirol filosofoaren liburu batekin: La escuela del alma.Lanak esplikatzen du nolakoa behar lukeen eskolak, eta, adibidez, antza du Nuccio OrdinekAlferrikakoaren balioa liburuan azaltzen duenarekin. Biek diote sarri itzuli beharko ginatekeela «eskolara», eta bertan ezin duela agindu presak, baizik eta geldotasunak eta elkarrizketek.

«Aldiro aldarrikatzen dugu zera: pentsamenduaren bideetan ezin dela aritu presaka, sakonera joan behar dela»

Iaz Gilles Deleuze filosofoak denboraren gainean eginiko gogoeta hartu zenuten oinarri; aipatu berri duzunaren antza zeukan.

Bai, guztiz. Izatez, NAK abiarazi genuenetik gabiltza aldiro aldarrikatzen zera: pentsamenduaren bideetan ezin dela aritu presaka, sakonera joan behar dela.

Aurten, Carolina Queipo musikologoa da artista gonbidatuetako bat, eta, bihar, Mirari Etxeberria eta Saioa Cuencarekin batera ariko da solasaldi batean, emakumeek arte esparruan eta kultur kudeaketan duten rolaz.Zure ustez, gai horri buruzko zer alderdik ez du behar adinako arretarik bereganatu oraindik?

Tira, nire posizioa eta jaialdiarena oso garbiak dira: emakumeak ez geundeke gauden tokian parekidetasuna sustatzeko politikarik eta kuotarik gabe. Eta, hortaz, kultur zikloek, eta are gehiago diru publikoarekin babestuek, derrigor bete behar ditugu berdintasunari loturiko baldintzak. NAK jaialdian, esaterako, aldi bakoitzean gonbidatzen ditugun artisten erdiek emakumeak izan behar dute derrigor. Zer gartatzen da, baina? Ez dela soluzioa.

Zein da bidea?

Historia berridatzi besterik ez dugu, musikari buruzko historia barne, genero ikuspegiarekin. Eta, horretarako, pedagogia egin beharko dugu, eta, inork baldin badio ez dela horretarako premiarik, izanen da ez duela arrastorik ere patriarkatuaren irismenaz.

Gai hori mahaigaineratzeak aznahia eragiten die zenbaiti?

Jakina, ez egin zalantzarik. Aldian behin izaten diren oldarraldiak ikusi besterik ez dago. Kultur sektorean ere eragotzi nahi izaten zaie emakumeei botere postuetara ailegatzea. Eta bistan da: emakumeek kantatzea edo musika jotzea ongi dago, baina jaialdi bat edo zernahi zuzentzea ez da berdin ikusten. Eta ez diot nigatik preseski.

Edonola ere, zuretzat zer moduzkoa da NAK zuzentzea?

NAK bizimodu bihurtu zait, iparrorratz baten antzeko zerbait, seinalatzen didana etika eta zintzotasuna, eta berak erakusten dit nolakoa behar duen sorkuntza kolektiboak.

Joan den asteko prentsaurrekoan, zera esan zenuen: «Haize kontra joan gara askotan, baina beti eskutik, eta inoiz ez bakarrik». Zein izan dira zailtasunak?

Batetik, eskari eskasiak kezkatzen nau. Kezkatzen nau ikusteak ez direla behar adina estimatzen edo eskatzen hausnarketa eta eztabaida sakonetarako espazioak. Horrez gain, une oso zail ugari bizi izan ditugu, batik bat pandemiaz geroztik. Kudeaketa eta burokrazia izugarri korapilatu dira ordutik, zenbait kontu absurdo izateraino. Gainera, ekonomiari loturiko ziurgabetasuna etengabea da.

Eta nork luzatu dizue eskua urteotan?

Kolektibo eta instituzio askok, berdin publikoek eta pribatuek: Nafarroako Gobernuak, Baluartek, Nafarroako Kontserbatorioak... eta beste askorekin elkarlanean aritu gara artistikoki ere. Asko dira; horiek gabe ezin.

Eskuren bat sumatu duzue faltan?

Beti sumatzen da baten baten falta. Baina berdin da. Beste batzuek ordezkatu dituzte, nolabait.

Zure ustez, zein izan da NAKen lorpenik handiena?

Askotariko pertsonak biltzea. Adibidez, biziki zirraragarria zait pentsatzea mahai beraren bueltan elkartzekoak ditugula Ramon Andres —pentsalaria—, Alberto Posadas —konpositorea— eta Joseba Torre —konpositorea—.

«Jendeak abangoardiako musika aditzeko ohitura falta du; beste kode batzuk ezagutzen dituzte, eta, normalean, halakorik ez dute aurkitzen musika garaikidean; horrek frustrazioa eragin dezake»

Hamar urteotan, NAKek lortu du publikoaren eta musika garaikidearen arteko tartea estutzea?

Sentitzen dut oraindik ere asko falta dela egiteko. Hori ere pedagogia kontua da, gaur egun ez baita sustatzen entzutea; ez behintzat lasai eta libre entzutea, multinazionalek agindutakotik aparte. Sarri, musika garaikidea edo abangoardiakoa ez da erraz sartzen belarritik, eta lanketa behar du.

Zergatik kostatzen da hainbeste?

Nire ustez, problema da uste dela abangoardiako musika berez dela genero bat. Eta ez da horrela inondik ere:  askotarikoa da guztiz. Bestalde, jendeak ohitura falta du; beste kode batzuk ezagutzen dituzte, eta, normalean, halakorik ez dute aurkitzen musika garaikidean; horrek frustrazioa eragin dezake. Garbi eduki behar da ez dela zertan ulertu, esperientzia bizi baizik; hori baitu abangoardiak berezkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.