Kritika-Argazkia

Ez da oroitzen duguna

Begoña Zuberoren erakusketa Iruñeko Ziudadelan. IRUÑEKO UDALA
Begoña Zuberoren erakusketa Iruñeko Ziudadelan. IRUÑEKO UDALA
Iruñea
2024ko apirilaren 23a
05:20
Entzun

'

NEEEV. Ez da exotikoa, ezinbestekoa da'

Egilea: Begoña Zubero. Lekua: Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikina. Noiz arte: Maiatzaren 5era arte.

Nahiz eta jakin edonon gertaera berriak etengabekoak direla, ezagutu genuen horrek bizirauten du gugan, bertaratu eta aldaketa berrien jabe egiten garen arte. Eta ez gara ohartzen maiz, bizitako hartaz gaindi direla lekuak eta espazioak, eta guk, hala, gure barnean sortutako irudi eta esperientzia zehatz horren baitan bakarrik ditugula barneratuak.

Iruñeko Ziudadela inguruan hainbatetan izan nintzen txikitan, eta gogoan dut nola begiratzen nuen kanpoaldetik beheko zulora, eta han nola egoten ziren oreinak eta paumak. Eta haiei begira nola pasatzen nituen minutu luzeak joaten nintzen bakoitzean. Ziudadelan arte erakusketak egiten zirela entzun nuen lehen aldian, beraz, ez nuen ulertzen. Nola? Pauma eta orein artean? Ideia txundigarria izan zitekeen animalia eder horien artetik paseatu ostean arte erakusketa bat ikustea, baina nire fantasia urrunegi zihoan eta errealitatea sinpleagoa zen. Haiek Takoneran zeuden, harresien beste zati batean, nahiz eta Ziudadelatik hurbil izan. Eta Ziudadelak berak, eraikina inguratzen duen harresi eta zuloaz gain —Takoneraren antzera—, barne eraikuntzak ere kontserbatu ditu. Nik espazio eta errealitate haren zati bat soilik oroitzen nuen; txikia nintzen artean, barne espazio hura jada kulturgintzari eskainitakoa bazen ere.

Parke publiko atsegina da barne espazioa, zelai, zuhaitz, zuhaixka, lore eta iturriekin atondua; lasai egoteko lekua, bakarrik zein taldean disfrutatzekoa; eta paumarik eta oreinik ez bada ere, arte-erakusketentzat gelaurre atsegina. Bertan den eraikin bakoitzean gutxienez erakusketa espazio bana dago, txikiak dira gehienak, baina atseginak, eta tartean, Mistoen eraikineko beheko solairuan Begoña Zuberoren banakoa dago orain: NEEEV. Ez da exotikoa, ezinbestekoa da.

Zuberok erakusketa honetan ariketa baten gainean egindako proiektua aurkezten du. Gerra amaitu osteko hiri baten azterketa da oinarria, eta azterketa horren emaitzak dira espazioan formatu handiko argazkien bidez aurkezten dizkigunak, banan-banan. Hiria Mosul da; 2003tik 2015era bitartean etengabeko suntsiketa jasan duen espazioa: Estatu Batuen inbasioarekin lehenik, eta Estatu Islamikoa hiriaren jabe egin zenean gero. Gogoratzen ditut oraindik garai haietan komunikabideetako berrietan behin eta berriz aurkezten zituzten irudiak. Kaleak ziren beti. Kaleak jendez gainezka maiz. Erresistentzia burutzen zuten gorputzak. Eta oihuak. Eta negarrak. Hori zen niretzat Mosul, eta horrela jarraitzen zuen oraindik ere niretzat. Espazio eta errealitatearen une eta ikuspuntu zehatz batzuk soilik ezagutzen nituen, nahiz eta hiriaren irudiak ia egunero ikusi. Eta nire barnean sortu zen iruditegi horrek zirauen oraindik bizirik, nahiz eta jakin hiria ez zela desagertu eta, beraz, eraldatzen ariko zela, beste edozein hiri eta espazioren moduan. Eta horregatik, agian, Zuberoren argazkietan ez dut Mosul ezagutu; Ziudadela bera pauma eta oreinik gabe identifikatzen ez nuen bezala.

Zuberoren argazkietan hiriko kaleak hutsik agertzen dira. Tarteka pertsonaren bat soilik ikus daiteke. Eraikinak dira erresistentzia-gorputz orain, hiriaren existentzia galtzeari uko egiten diotenak. Haien prekaritatean monumental agertzen direnak, barren guztiak bistan. Eta haiei begira, argazkiak ederrak iruditzen zaizkidala ohartu naiz. Eta ohartarazpen honek haiei begira deseroso sentiarazi nau segidan; hemen, kanpoko beroaz babesteko aire egokituarekin pasieran dabilen gorputza, arnasa hartzeko borrokan eta etengabeko erresistentzian dabilen hiriari begira.

Horretarako dute gaitasuna Zuberoren argazki teknikoki bikainek. Ez soilik gudek eta inbasioek suntsituriko hiri baten bizirauteko pausuen zertzeladak eta xehetasunak plazaratzea; ez soilik haren erresistentzia zantzu eta zertzeladak aurkeztea. Baizik eta masiboki jaso ditugun hainbat irudirekin eraikitako espazioen ustezko ezagutza propioa ezbaian jartzea, aldatzea eta birmoldatzea, eta baita, edertasuna tresnatzat hartuz, irudien aurrean ipintzen diren ikusleen gorputzetan hausnarketak, ezinegonak eta zalantzak sortzea bi errealitate ezberdinen arteko dialogoak sortuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.