(Ez)amatasunaz, artisten begietatik

Amatasunak praktika artistiko eta kulturaletan duen eraginari buruz hausnartu dute hamar artistak, Gasteizen. Familia nukleotik harago doazen begiradak izan dituzte hizpide.

'Amek ez dute' kongresuaren mahai ingurua. BERRIA
'Amek ez dute' kongresuaren mahai ingurua. BERRIA
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2024ko uztailaren 5a
05:15
Entzun

«Grisela Pollock historialari eta arte adituak Mary Cassat artistaren amatasunaren ikonografia aztertu zuenean, hau esan zuen: ‘Modernismoak Cassaten modernitatea definitu zuenean, amaren figura abolitu eta bere sormenaren jabetza kendu zion’. Amatasunaren zokoratze hori estuki lotuta dago genealogia femeninoen eta feministen gabeziarekin. Feminismoa hori konpontzen saiatu da». Amatasuna berridatzi, aztertu edota arazo gisa planteatu duten artisten lanaz gogoeta eginez abiatu zuen atzo Maite Garbayo-Maeztu Artearen Historiako ikertzaileak EHUko Arte eta Letren fakultatean egiten ari diren nazioarteko kongresuaren bigarren eguna. Amek ez dute: amatasunaren bilakaera praktika artistiko eta kulturaletan izenburupean, eremu akademiko, artistiko eta kulturaleko dozenaka emakume parte hartzen ari dira hiru egunez mintegian. Ritmos egitasmoak antolatu du kongresua; gaur amaituko dute.

Historian zehar praktika artistiko eta kulturalean (ez)amatasuna adierazteko moduak ertz ugari ditu. Presente izan da, askotan; aldendua eta isilarazia, beste hainbatetan; itxuraldatua eta idealizatua, maiz; zokoratua, sarri. Alde horiek denak aztertu zituzten atzo hamar adituk Genealogia fantasmak praktika artistiko eta kulturaletan mahai inguruan. Eta, hala, amaren irudia lotura genetikotik eta familia nukleotik harago doazen ahaidetasun formak pentsatzeko modua eman zuten eztabaidan, ama (ez) izateak dakarren begirada berri baterako printzak mahai gainean jarrita.

Emakumeak kulturan ikusezin bihurtzeari eta isilarazteari buruzko auzi teoriko bat planteatu zuen Katiuscia Darici literatura irakasleak bere hitzaldian. Azpimarratu zuen ikuspegi androzentrikoak diskurtso ofizialetik at utzi dituela emakumeak mendeetan, eta, ondorioz, eragotzi egin diela beren esperientzia pertsonalaren kontakizuna ezagutaraztea, batez ere amatasunari dagokionez.

«Amatasunaren zokoratzea estuki lotuta dago genealogia femeninoen eta feministen gabeziarekin. Feminismoa hori konpontzen saiatu da»

MAITE GARBAYO-MAEZTU Ikertzailea

Kontakizun hegemonikoa iraultzeko ahalegina egin zuten idazleei erreparatu zien, eta Nuria Labari idazlearen La mejor madre del mundo (Munduko amarik onena) eta El último hombre blanco (Azken gizon zuria) liburuei heldu: «Gai pertsonal bat planteatzen du, eta, aldi berean politikoa, ikuspuntu patriarkal batetik amatasunaren eraikuntza eremu kulturaletik bereizezina delako». Dariciren ustez, idazleak «zentzu berri bat» eman dio idazketa autobiografikoari, kontakizunean amatasunaren esperientzia ikuspuntu pertsonal eta profesional batetik kontatu zuelako, «denbora luzez emakumeak kanon literariotik kanpo utzi dituen planteamendu kontserbadore batetik abiatuta».

Haize kontra

Emakumezko margolarien ibilbideei eta obrei erreparatu zieten, berriz, Maria Lluisa Faxedasek eta Ane Lekuonak. Biek ala biek kontatu zuten historikoki emakumezko artisten lana itzalean izan dela, eta amatasunari buruzko begirada patriarkala nagusitu dela, baina izan direla haize kontra jardun dutenak eta bestelako bideak eta ikuspegiak urratu dituztenak. Esther Boix margolari katalanak, esaterako, amatasunari buruzko begirada berritzailea islatu zuen bere lanetan, «kritikoa» eta «satirikoa» orduko errealitatearekiko, Faxedasek azaldu zuenez.

«[Nuria Labarik] Amatasunaren esperientzia ikuspuntu pertsonal eta profesional batetik kontatu zuen, denbora luzez emakumeak kanon literariotik kanpo utzi dituen planteamendu kontserbadore batetik abiatuta»KATIUSCIA DARICIIrakaslea

Juana Frances, Begoña Izquierdo eta Carmen Maura margolariak, berriz, frankismo garaiko ikuspegi hegemonikoetatik urrundu ziren, eta orduko ikuspegiarekin apurtu zuten, etxea eta seme-alaben zaintzaren iruditeriatik harago joz. Besteak beste, frankismo garaian ama bakarra izatea zer zen irudikatu zuten euren lanetan, eta emakumeek sufritzen zuten «bakardadea, lotsa eta beldurra» islatu zituzten, Lekuonak erantsi zuenez.

Amatasunaren «krisiak»

Literaturan eta pinturan nola, arte garaikidean ere amatasuna irudikatzeko hamaika modu eta bide jorratu dituzte artistek. Amatasunaren barruan izaten diren «krisiak» bistaratzeko helburua duen Materialak amatu erakusketaren komisario lanak egiten ditu Natalia Isla Sarrateak, eta, hark azaldu zuenez, erakusketan ikusgai dauden obren helburua horixe bera da: amatasunari eta zaintzari «kritika» egitea, perspektiba politikotik eta feministatik.

Angela Moreno, Amaia Garcia Azketa, Berta Oses, Oihane McGuinness, Txaro Fontalba eta Zarus Falcon artisten lanak biltzen ditu erakusketak. Hasieran, artistek ez zuten pentsatzen euren lanek amatasunarekin lotura zutenik: «Zazpi artistatik bi bakarrik dira ama, eta ama ez direnei kosta egin zitzaien amatasunera gerturatzea; are, nolabaiteko ukazio bat zuten». Haatik, obra guztiak elkarrizketan jarri zituztenean, ordura arte kontatu gabeko istorioak azaleratu zirela azaldu zuen Islak: «Gorputzaren materia, zaintzaren eta amatasunaren krisi psiko-afektiboa, eta heriotza eta zaindutako izakiaren memoria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.