Komikilaria

Bea Lema: «Eskuek ez didate berdin funtzionatzen tableta batean marraztean»

Lema Iruñean izanen da egunotan, Nafarroako Komikiaren Azokan. Besteak beste, tailer bat emanen du, eta solasaldi batean arituko da; bietan bistaratuko du «brodatuarekiko lilura».

Bea Lema komikilari galiziarra Nafarroako Komiki Azokan izanen da aurtengo aldian
Bea Lema. NAFARROAKO KOMIKI AZOKA
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko irailaren 10a
06:00
Entzun

Iragan ostiraletik da abian Nafarroko XV. Komikiaren Azoka. Ordutik, hormetan paratuak, erakusleihoetan pintatuak eta liburuetan bilduak aurki daitezke ezin konta ahala bineta. Eta askotarikoak dira; Bea Lema artistarenak (Coruña, Galizia, 1985), brodatuz josiak. Urteak dira hariak eta orratza dituela adierazpide artistiko nagusi komikigintzan. «Eta brodatuaz itxi ditut zenbait zauri, eta kontatu ditut neronek bizitako ugari», aitortu du Iruñera iritsi bezperan.

Zurea da aurtengo Nafarroako Komikiaren Azoka iragartzeko kartela. Deabru bat irudikatu duzu, ireki bezain laster lehertu-edo egiten den liburu bat eskuetan duelarik —komiki bat da, seguru asko—. Zer mezu helarazi nahi duzu?

Azokakoek askatasun osoa eman zidaten kartela sortu nezan. Asko maite ditut, oro har, arte herrikoia eta artisautza, eta Nafarroakoei buruz ikertzen hasi nintzen. Besteak beste, deskubritu nituen buruhandiak, erraldoiak eta kilikiak, eta, horien artean, Irurtzungo Deabru. Bereziki gustatzen zait; gaizki absolutuaren sinbolo baten gisakoa da, baina, aldi berean, jostatzeko erabilia. Bestalde, egitasmoarekin bat eginen zuen asmo komunikatiboa ere eman nahi nion lanari, eta, hara.

Zure lan artistikoaren gehienean bezala, kartelean bista-bistakoa da eskuz egina dela.Gaur egun, lan molde digitalaren nagusitasun erabatekoan, iraultza txiki baten tankerakoa da eskuz aritzea?

Ez dakit iraultzailea den, baina, dudarik gabe, bada haize kontra aritzea. Eta, bestalde, sormenaren edo artearen esparruan lan egite hutsa ere bada, behintzat, bazterrean izatea.

Edonola ere, niretzat, eskuz aritzeko arrazoi nagusia gozamena da. Askoz ere gehiago disfrutatzen dut horrela. Lapitzarekin eta paperarekin aritzea, sentitzea grafitoaren marruskadura, zentzumenen bidezko lan bat iruditzen zait. Tableta grafiko baten gainean marrazten dudanean, deskonexioa sentitzen dut, eskuek ez didatela berdin funtzionatzen, besoak erdi hilik baleude bezala da kasik.

Eta kezkatzen zaitu komikigintzan adimen artifiziala erabiltzeak?

Ezinbestean eraginen digu, eta ikusten dut kontrolaezina den zerbait bezala, eta, zintzoki, ez dakit prozesu honek guztiak zer norabide hartuko duen. Itxura guztien arabera, makinek eginen dituzte egun artistek egiten ditugunetako asko.

«Ehungintza historikoki izan da propio emakumeei esleitutako zerbait —batzuetan, inposatutako lan bat—; are, izan da emakumeak gizarteko zenbait erabakigunetatik aldentzeko modu bat»

Askotara hartuko duzu parte komiki azokan. Besteak beste, Memoria ehuntzen izeneko solasaldian ariko zara, Esther Vital artistarekin hizketan. Eta, hain zuzen, hark ere oihalak baliatzen ditu bere obran. Baliabide horren aldarrikapena egin asmo duzue?

Susmoa dut biok dugula ehunen erabilerari balioa emateko desira. Batez ere jakinda ehungintza propio emakumeei esleitutako zerbait izan dela historikoki —batzuetan, inposatutako lan bat—; are, emakumeak gizarteko zenbait erabakigunetatik aldentzeko modu bat. Orain nahi dugu jakintza hori guztia hartu, eta erakutsi, baina beste pisu bat emanda, kanpora begirako balio bat.

Zu nola hasi zinen ehunak arlo artistikoan erabiltzen?

Kasik oharkabean hasi nintzen. Nire lehenbiziko album grafikoa lantzen ari nintzen, buru-belarri, eta premia sentitu nuen jardun horretatik deskonektatzen lagunduko zidan beste zerbait egitekoa. Ordurako, etxeko horma batean paratuak nituen zenbait arpillera, eta, haiei begira, okurritu zitzaidan egin nezakeela horrelako zerbait, jostatzeko, eta azkenerako nire albumerako ere erabili nituen.

Eta, gaur egun, zer bide zabaltzen dizu baliabide horrek?

Batetik, estetikoki asko gustatzen zait, eta, gainera, prozesua oso gozagarria zait. Materialaren arabera, emaitza oso diferenteak izan daitezke: bolumenean, erliebean... Sarri, egin arte ez dago guztiz jakiterik nolakoa den efektua, eta asko gustatzen zait.

Bestalde, denbora joan ahala, konturatu naiz esanahia ere baduela oihala erabiltzeak. Nire familian, aitona-amonen garaitik, askok izan dute josketa lanbide. Niri inork ez dit irakatsi josten, baina amak utzi zionean etxetik kanpo lan egiteari etxean lan egiteko, gurean josten zuen. Eta ni izaten nintzen haren josteko makinaren alboan, begira eta uzten zizkidan oihal puskekin jostetan.

Arpillera-k aipatu dituzu arestian, eta, hain justu, izen hori dauka larunbatean Iruñean emanen duzun tailerrak. Zer dira arpillera-k, baina?

Oihalez eginiko eskulanak dira, ehunezko aplikeekin eginak, eta brodatuak ere badituzte. Collage modukoak dira berez, eta eguneroko eszenak irudikatu ohi dituzte. Nik ditudanak Boliviakoak dira, zehazki.

Ikastaroak zein izanen du muina?

Kontatu nahi nieke nolako arpillera-k egiten ziren Txilen Pinocheten diktadura garaian. Nola emakumeak elkartzen ziren hitz egiteko sufritzen zuten biolentziaz, eta nola irudikatzen zuten hori collageetan, subertsiboki. Arlo praktikoari dagokionez, nahi nuke ikasle bakoitzak bere bizitzako eszena bat irudikatzea arpillera batean, eta ikus dezatela edonork egin dezakeela.

El Cuerpo de Cristo (Kristoren gorputza) da zure lanik sonatuena. Buru nahasmenduak dituen emakume baten kasua du ardatza, alabaren begietatik kontatua betiere. Eta, haren bidez, mintzo zara, orobat, zaintza krisiaz, eromenaz eta tabuez. Aitortua duzu autofikzioa dela, eta esana duzu hura brodatzea «zauriak jostea» izan dela.

Arteak botere hori du. Sinetsia nago sendagarria dela horrelako adierazpideen bidez gauzak ateratzea, distantzia hartzea, eta urrunagotik begiratzea haiei. Autofikzioa da, bai: txikia nintzela bizi izan ditut kontatzen direnetako asko, baina neskato bat zarenean nekez duzu gertatzen ari dena aztertzeko gaitasunik; aski duzu aurrera egitearekin. Prozesuak lagundu dit, eta lagundu dit eginiko dokumentazio lanak ere. Irakurri ditut hainbat idazleren lanak, adibidez psikiatriari eta antipsikiatriari buruzkoak.

Zenbait idazlerentzat, lanak autofikzio gisara sailkatzea ez da erosoa izaten, batik bat izendapenak errenkadan ekarri ohi dituelako hamaika galdera eta iruzkin, intimitateari aski lotuak. Zuk nola bizi duzu?

Nik, batetik, erabiltzen dut iruditzen zaidalako memoria beti dela apur bat fikzionatua; ez ditugu gauza guztiak berdin oroitzen, eta gertakari bakarraren gainean ere oroitzapen diferenteak izan ditzake bakoitzak. Horrez gain, album honi dagokionez, badira pasarte batzuk benetan bizitakoak, batzuk inoiz gertatu ez direnak, eta beste batzuk ez dakidanak ziurtatzen hala izan diren edo ez.

Edonola ere, lan honetan, eztabaida horretan baino, nahiago nuke jorratzen den gaiari erreparatzea jendeak. Neure istorioa da, baina problema sozial bati buruzkoa.

«Psikiatria kontsulta askotan gertatzen dena salagarria da; adibidez, onartezina da medikazioa irtenbide bakartzat aurkeztea»

Hain justu, kontsulta psikiatrikoetako arreta humanorik eza salatzen duzu.

Asko dagoelako hobetzeko alor horretan. Batetik, buru gaixotasun larriez ez da hitz egiten oraindik ere, psikosiak edo eldarnioak gai tabuak dira erabat. Bestetik, kontsulta askotan gertatzen dena salagarria da; adibidez, medikazioa irtenbide bakartzat aurkeztea onartezina da.

Komikia oinarri, animaziozko film labur bat sortzeko lanean zabiltza. Zerbait aurreratzerik bai?

Filmerako ere brodatua erabiliko dugu. Hondoa —atzeko aldea— benetako brodatuz egina izanen da, eta animazioak bi dimentsiokoak izanen dira eta brodatu tradizionala simulatuko dute. Zortzi bat minutu iraunen du guztira.

Oro har, komikigintza sasoiko dago?

Uste dut gero eta irakurle gehiago daudela, eta talentu handiagoa ere bai. Geroz eta autore gehiago daude sektoreari askotariko ekarpen berriak egiten dizkietenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.