Idazlea

Unai Elorriaga: «Esentzialak direnei buruz idatzi behar da»

Papur historiko solteak hartu, eta haien arteko hutsuneak baliatu ditu fikzioa sortzeko Unai Elorriaga idazleak 'Francesco Pasqualeren bosgarren arima' liburuan. XIX. mendean kokatuta egon arren, egungoez ari dela dio.

Unai Elorriaga. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Unai Elorriaga. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
Getxo
2024ko uztailaren 28a
05:30
Entzun

Itxura batean literaturari buruzkoa zirudien galderak, baina historia politikoari buruzko gogoeta egiteko baliatu du Unai Elorriagak (Algorta, Bizkaia, 1973). Berak atera du gaia ordubete pasatxoko elkarrizketaren amaiera aldera, eta, halere, ordura arte baino nabarmen tentu handiagoz aukeratu du hitz bakoitza une horretatik aurrera. Ezagun du gaurkotasunean egindako labanaldi batek zer kalte egin diezaiokeen literaturari. Esaldi oker bat, eta haren itzalak irentsiko du liburu osoa. Eta liburua du bere helmuga. Literatura. Zaindu egin nahi du hori. Horregatik, literaturaren bidez mintzo da gainerako guztiaz ere. Benetako pertsona bat baliatu du oraingoan bere fikziorako. Franceso Pasqualeren bosgarren arima (Susa) deitu du liburua, eta Francesco Pasquale da hango protagonista. Benetako gizon bat. Elorriagaren senide urrun bat. Saprin (Italia) jaio, eta Bermeon (Bizkaia) bukatu zuen, tartean apur biografiko eta historiko solte gutxi batzuk utzita, eta, hain zuzen, literatura egiteko aprobetxatu ditu papurretik papurrerako hutsuneak Elorriagak. Ez du argi nobela kutsuko ipuin liburu bat ote den, edo ipuin liburu gisako nobela bat den, baina berdin dio. «Literatura da, ezta?».

Ez dizu axola, beraz, liburua zein apaletan joango den.

Akademikoen kontuak dira horiek. Nik akademia lana egin behar dut, baina ez hemen [liburuari keinu egiten dio], baizik eta ikasleekin. Ikasleek behar dituzte heldulekuak, baina puntu batetik aurrera ez.

Literatura irakaslea zara ikastetxe batean, eta transmisioa da zure lana, beraz. Eta, aldiz, sorkuntzan ez dirudi kezka hori oso presente duzunik.

Askotan gertatzen da hori. Ni sasoi batean itzultzaile ibili nintzen, eta itzultzaile zarenean, sortzen dituzun testuak oso-oso zuzenak izan behar dira. Paragrafoak ondo, lotura hitzak ederto jarrita, aberastasuna... Sasoi horretan hasi nintzen idazten, eta idaztean izaten zen «bua, libre!», hori guztia fuera! Eta gustura aritzen nintzen itzultzen, baina hain enkortsetatuta, libratzen nintzenean hortik, hasten nintzen SPrako tranbia idazten: esaldiak ez nituen amaitzen, adjektibazioa zen erabateko zorokeria... Ni bizitzan izan naiz oso ikasle ona-eta, baina gero literaturan naiz apur bat punkia.

Benetan existitu zen pertsona bat da liburuko protagonista oraingoan: Francesco Pasquale. Baina haren datu biografiko urriak erabateko fikzioak sortzeko baliatu dituzu.

Gizon honek edukiko zuen bizitza arrunta, migrazio batekin eta horrek dakarrenarekin, baina beste milaka eta milaka pertsonak eduki zutena bezalakoa. Baina nik hor ikusi nuen aukera hipotesiak egiteko eta fikzionatzeko. Ze, batzuetan, bizitzarik arruntenek ere badauzkate momentu distiratsuak. Francescok ere edukiko zituen, eta batzuk asmatu egin ditut. Eta oso ederra da hori gurera ekartzea. Hau da, imajinatzea pertsona bat XIX. mendean, bere zirkunstantziekin, orduko teknologiarekin eta garraiobideekin, eta gauza horiek guztiak hona ekartzea, eta ulertzea gauzak ez direla hainbeste aldatu. Liburuan badago, adibidez, gaixorik dagoen gurdizain baten ipuin bat.

«Gustura aritzen nintzen itzultzen, baina hain enkortsetatuta, libratzen nintzenean hortik, hasten nintzen SPrako tranbia idazten: esaldiak ez nituen amaitzen, adjektibazioa zen erabateko zorokeria...»

Francesco Euskal Herrira ekartzen laguntzen duena.

Gure lagun batek Alboko Esklerosi Amiotrofikoa gaixotasuna du (AEA), eta haren bilakaera ikusten joan gara, eta hori oso-oso barruan daukat nik. Ez dut esango egunero, baina askotan amesten dut nik lagun horrekin. Nik badakit gaixorik dagoela, gero eta mugimendu gaitasun gutxiago duela, eta paralizatuta dagoela, baina nik amesten dut altxatu egiten dela bera bakarrik, eta inoiz baita futbolean ari naizela ere berarekin. Eta gaixotasun hori ere existituko zen XIX. mendean, eta baten batek edukiko zuen. Eta nola kudeatuko zuten? Eta, beraz, eramaten duzu zurea hara, edo ekartzen duzu hangoa hona. Nire demonio guztiak bota ditut hor, eta hor gelditzen da.

Ametsen mundua aipatu duzu. Hain justu, zure liburuetan maiz nahasten dira plano erreala eta plano onirikoa.

Niretzako, ametsak inportanteak dira. Aitarekin egiten dut askotan amets nik [idazleak 9 urte zituenean hil zen], eta amak ere askotan esaten du harekin egin duela amets, gazteak zirela, eta pozik esnatu dela. Errealitatearen parte bat dira ametsak niretzat, ni bizi naiz hor, eta nik uste dut jendea ere hor bizi dela. Bizitzaren beste parte bat da, zoriontsua izan daitekeena edo zorigabekoa.

Ipuin batean, adibidez, Francesco bigarren emaztearekin dagoela bere lehen emaztearekin amesten du. Hori ere ametsa da, baina erreala da, bere buru barruan dagoen zerbait delako, sufriarazten duena, eta trasladatzen da ametsetara, eta ametsetatik errealitatera. Batzuetan presa baten moduan da, konporta zabaldu egiten da, eta sartzen da errealitatea ametsean, edo ametsa errealitatean.

Liburuko pasarte askok duten denboragabetasun giroa da zure estiloaren beste ezaugarri identifikagarrienetako bat. Esentzialak diren eta garaiz garai irauten duten elementuak bakarrik baliatzen dituzu kontakizunak osatzeko.

Nik uste dut esentzialak direnei buruz idatzi behar dela. Edo, behintzat, niri hori gustatzen zait. Nik ipuin bat edo liburu bat imajinatzen dudanean, kontatzen dudanak ni naizen horretan pisurik duen pentsatzen dut lehenik, eta ez badauka, kanpora. Eduki behar du nire esentziatik zerbait.

«Errealitatearen parte bat dira ametsak niretzat. Batzuetan presa baten moduan da, konporta zabaldu egiten da, eta sartzen da errealitatea ametsean, edo ametsa errealitatean»

Idazten hasterako hezurraren bila zoaz, beraz.

Bai. Orain ari naiz liburua gaztelerara itzultzen, eta ikusten dut hori eta pentsatzen dut igual lar zuzena dela. Euskaraz ez da berdin ikusten hori, baina gazteleraz...

Eta zer egiten duzu horrelakoetan?

Berregin egiten dut.

Erritmoak, sintaxi mota baterako joerak eta joan-etorriko azalpenak dira zure literatura identifikagarri egiten duten beste elementuetako bat. Estiloa, alegia. Eta hori izango da itzultzeko elementurik zailena.

Zaila da erritmoa, kadentzia eta tonua harrapatzea ipuin bakoitzean, eta horregatik tardatzen dut lauzpabost urte liburu bakoitzarekin. Eta itzulpena egiteko ere esaten didate ea beharko ditudan pare bat hilabete-edo, eta, bai zera, gutxienez urtebete behar dut. Estiloa itzultzea oso zaila da. Anarik azaldu zuen aurreko batean oso ongi hori; bera ere ari da itzultzen bere liburua [Gari eta goroldiozko], eta, itzultzaile batek esan zionez, lehen itzulpena izaten da astoa, eta asto hori zaldi bihurtu behar da gero. Eta hala da. Ze klaro zuk euskarazko tonua badaukazu, eta lortu behar duzu gaztelaniaz antzerako zer edo zer, eta hori lortzeko... [Esaldia bukatu gabe gelatik atera eta lehen ipuinaren itzulpenaren orriekin itzuli da; mekanografiatutako testuarekin batera, arkatzez egindako ehunka ohar daude ertzeetan]. Hau jada nahiko zuzenduta zegoen, eta, halere, zuzenketa hauek guztiak egin dizkiot.

«Nire mundua euskalduna da; gero, zortea badago, eta baten batek nahi badu, egingo dut beste ahalegin bat, diferentea, gaztelaniaz»

Inork aipatu du hizkuntza literarioak estandarizaziora jo ote duen, jadanik itzulpena presente edukita idazten delako euskaraz.

Uf, ez da nire kasua. Nik euskaraz sortzen dut, eta euskaldunentzat ari naiz. Lehenengo liburuak [SPrako tranbia] arrakasta handia izan zuen, eta igual bigarren edo hirugarren liburuarekin [Vredaman edo Londres kartoizkoa da liburuekin], nik banekien itzuliko zela, eta hor egon nintzen apur bat horrela. Baina laugarren liburutik aurrera argi ikusi nuen: «nik euskaraz idatzi behar dut, eta nire sorkuntza euskaraz da». Nire mundua euskalduna da, gero, zortea badago, eta baten batek nahi badu, egingo dut beste ahalegin bat, diferentea, gaztelaniaz.

Batzuetan, egiten dituzu gauzak, eta ez dakizu zenbateraino harrapatuko dituen irakurleak, baina aurrekoan irakurle batek ikusi zuen, eta asko poztu nintzen. Pertsonaia Italian dagoenean hizkuntza, batez ere lexikoa, nahiko euskara batukoa da. Heltzen denean Durangora, baserrira, hasten da bizkaierara etortzen, eta Bermeon dagoenean da bizkaiera totala. Hori apropos eginda dago. Bere migrazio bidaia izan dadin, era berean, hizkuntzan bidaia bat. Eta hori, noski, ez dut egiten gaztelaniaz pentsatuz.

Unai Elorriagaren 'Franceco Pasqualeren bosgarren arima' liburuaren azala.
Unai Elorriagaren 'Franceco Pasqualeren bosgarren arima' liburuaren azala.
Espainiako Literatur Saria irabazi zenuen SPrako tranbia liburuarekin. Arrakasta izan zuen lanak. Zenbat kostatu zaizu liburuez kanpoko zarata hori guztia isiltzea?

Ez pentsa, nire akatsa izango da hori. Ni nire burbuilan bizi naiz. Epe sasoi askotan altxatu egiten naiz, gosaldu, irakurri egiten dut, idatzi egiten dut, kirola egitera noa lagunekin edo bakarrik, bueltatzen naiz, irakurri egiten dut, idatzi egiten dut, afaltzen dut eta nire alabak esaten dit zelako tontoa naizen, ez naizelako ezertaz enteratzen, eta listo. Zarata hori ez dut entzuten, igual ez nahi ez dudalako, baizik eta benetan ez zaidalako heltzen. Batzuetan, joaten naiz kanpora eta flipatu egiten dut. Mexikoko Liburu Azokan egon nintzen, adibidez, eta sinesgaitza egiten zait irakurle batzuek ezagutu egiten nautelako.

Literatura ulertzeko zure modua dago Marmaroa izeneko ipuinaren atzean. Francesco basora doa, bertara ihes eginda dagoen Marmaro izeneko pertsonaiari janaria eramateko mandatuarekin, eta mandatu horri eusten dio, baita bidean bi proposamen tentagarriri uko egin behar badie ere. Antzera idazten duzula dirudi, mandatu bati segika. Baina zein da mandatu hori?

Ez, ez, ez, ez...

Baina idazten hastean ez diozu zeure buruari despiste handirik permititzen.

Hori egia da, bai. Niretzako, nire egitekoen artean liburua da gauzarik inportanteena, eta liburua ahalik eta modurik egokienean eta borobilenean egitea, eta berdin dit tartean zer ateratzen zaidan.

Eta, bueno, ipuin hori Danteren Komedia-ren interpretazio bat ere bada. Marmaro hori jainkoa litzateke Erdi Aroan eta duela ez hainbeste ere, baina guretzat jada ez da izan jainkoa. Izan da klandestinitatea, izan da beste gauza bat, eta jainkotzat hartu izan dugu giro hori, eta, azkenean, Dante Virgiliorekin heldu zen Jainkoa ikustera, eta Francesco ere heldu da bere jainkoa ikustera, baina jainkoa hilda dago. Ez du ematen, baina pisu handiko ipuina da. Kristautasuna dago hor, eta...

...eta euskal gatazka.

Eta euskal gatazka bai, gure giroa. Kasu honetan zuk interpretatu duzu ipuina literaturaren ikuspegitik, eta beste batzuek beste gauza batzuen alde utzi dituzte bizitzak eskaintzen dituen gauza eder asko bazterrean. Ipuinean agertzen da neska bat, eta alde batera uzten du, eta lan on bat eskaintzen diote, eta hori ere bazterrean uzten du.

Liburuaren lehenengo partea, nahiz eta Italian izan, etengabe ari da klandestinitateaz. Lehenengo ipuinean, arrotz bat heltzen da herrira; arrotz bat agintzen. Bigarrenean, arrotz bat etortzen da klandestinitatean bizi den eta gaiztoa omen den Giovanni Vico izeneko tipo baten bila, eta etortzen da soldaduekin. Hirugarrena da Marmaroa, eta, Francesco jadanik heldua da horretan, eta, beraz, ikusten da Fancescok horrela eman duela bere haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroa, eta joaten da Marmaro horri zer edo zer eramatera, herriaren alde egindako gauza guztiak egin ondoren, zor zaiolako zer edo zer.

«Liburuaren lehenengo partea, nahiz eta Italian izan, etengabe ari da klandestinitateaz. Liburuan. XIX. mendean nago erabat, baina, aldi berean, etengabe ari naiz ordukoa gurera ekartzen»

Eta oinarri historikoa du horrek?

Hipotesia da Francescok ihes egin zuela Italiatik erregimenaren kontra zegoelako: sasoi horretan, erregearen kontra. Eta hori dakigu Francesco hona etorri zenean, erregistroan izena eman zuen dokumentuan ondorengoa jarri zutelako: «Francesco Gervasi Pasquale, natural de Italia». Italia ez zen existitzen oraindik, eta, berez, Bi Sizilietako Erresumakoa zen bera, baina erregistrokoak Italiakoa zela jarri zuen, Francescok hori esan ziolako. Unifikazioaren alde zegoen, beraz, eta erregearen kontra. Liburuan ez dut argi esaten, baina hipotesi horretan mugitu naiz ni ere, eta atxilotzen dituztenak, desagertzen direnak, klandestinitatean bizi direnak, denak dira erregearen kontrakoak, eta Francescok hori ikasten du ume denetik. Bere idoloari jatekoa eramatera joaten da horregatik, gaztetan, eta ikusten du hilda dagoela. Eta hurrengo ipuinean ikusten dugu itsasontzian.

Eta lotura horiek guztiak hasieratik izan dituzu argi?

Bai, erabat. XIX. mendean nago, baina, aldi berean, ari naiz etengabe ekartzen gurera, bai. Barkuan ihes egiten du, eta hor hasten dira beste problemak. Gizonen beldur den neskarena. Gaixotasunarena. Aita barik semea ekartzen duen emakume bat.

Bere heriotzan, Verdi entzuten deskribatu duzu Francesco. Italiaren batasunaren aldeko sinbolo den konpositorearen musika entzuten, alegia. Egokia dela iruditzen zaio, baina, narratzaileak dioenez, inoren aurrean aitortuko ez duen arren, berak nahiago luke Wagner entzun. Kasu honetan, plazer estetikoa irudikatzen duen konpositorearen musika, alegia.

[Barre] Bai. Bata ez doa bestearen kontra, askotan txarto ulertu dugun arren. Bai, Verdi maite dut, eta maite dut Mikel Laboa, baina maite dut Wagner ere, eta maite dut, bat esateagatik, Regina Spector.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.