Zinema estreinaldiak

Emakume askoren istorioa

Noora Niasari zinemagile irandar-australiarraren lehen film luzea da 'Shayda'. Bere alabarekin biolentzia matxista jasan duten emakumeen harrera etxe batean bizi den emakume bati buruzko istorioa da.

Noora Niasari zinemagilearen 'Shayda' filmeko irudi bat.
Noora Niasari zinemagilearen 'Shayda' filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko ekainaren 26a
05:00
Entzun

Shayda, bere senar Hossein eta alaba Monarekin, Irandik Australiara joan zen bizitzera, Hosseinek medikuntza ikasketak amaitu zitzan. Shayda mendebaldeko gizarteak ematen zion askatasun erlatiboan murgildu zen, eta Hosseinengandik independenteagoa bilakatu, besteak beste hijaba erabiltzeari utziz.

1995. urtea da, lau urte igaro dira, eta, senarraren biolentziak bultzatuta, Shaydak dibortzioa eskatu du. Erasoak jasan dituzten emakumeentzako harrera etxe batean bizi da Mona alabarekin. Bertan topatuko ditu Vi, festarako beti prest dagoen emakumea; Cathy, beti umore txarrez dagoena; Renee, haur bat duena eta Shayda hura zaintzeko erabilgarri ikusten duena; Lara britainiarra, semea bi urtetan ikusi ez duena; eta Joyce, etxearen arduraduna.

Hosseinek debekatua zuen alabarekin harremanetan jartzea, baina Monaren zaintzarako epaiketaren aurretik asteroko bisitak onartuko zaizkio; Shaydaren beldurrak eta kezkak areagotuko ditu horrek.

Noora Niasari zinemagilearen lehen film luzea da Shayda. Teheranen jaio zen, Australian hazi, eta bertan ikasi zuen, arkitektura lehenengo, eta zinema ondoren. Shayda bere bizi istorioan oinarrituta dago; amarekin harrera etxe batera joan behar izan zuen bizitzera haurra zenean. Amak bere bizitzako hamar urtetan oinarritutako memoria bat idatzi zuen, baina zinemagile irandarraren abiapuntua emakumeen harrera etxe horren mundua erretratatzea izan zen. Errealitatearen eta fikzioaren artean ibili zen Niasari gidoia idazten zuen bitartean, eta egiten zuen bertsio bakoitza amari ematen zion irakurtzeko; hala, errealitatea islatzea baino, filmari ondoen zihoakiona egitea zuen asmo. Hiru urte igaro zituen idazketa prozesu horretan, eta emaitza Sundance film jaialdian aurkeztu zen, baita ikusleen saria eskuratu ere.

Shayda trilogia bateko lehen filma da; emakume irandarrei buruzko trilogia batekoa. Bere bizitzaren arauak erabaki nahi dituen emakume bati buruzko istorioa da, baina baita diasporan bizi diren emakumeei buruzkoa ere. Persiar urte berria baino bi aste lehenago kokatuta dago, eta ohiturak, dantzak, musikak eta, azken batean, kulturak batzen ditu emakume horiek.

Niasariren proposamena zuzena da, apaingarririk gabea. Apurka-apurka sakonduz doa istorioa, protagonistaren antzera indarra hartuz doan heinean. Zinemagile irandarrak tentsio uneen eta une argitsuen arteko oreka mantentzen du. Arazoak arazo zoriontasun momentuak topatzen dituzten ama-alaben erretratua egiten du, eta, zenbaitetan dokumentalaren zantzuak dituen estilo zinematografikoa erabiliz, azpimarratzen du ezen, emakume baten istorioa baino, tamalez emakume askoren istorioa dela.

'Shayda'

Zuzendaria: Noora Niasari. Gidoilaria: Noora Niasari. Aktoreak: Zar Amir-Ebrahimi, Leah Purcell, Mojean Aria. Argazkia: Sherwin Akbarzadeh. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 117 min. Herrialdea: Australia. Estreinaldia: ekainaren 28an estreinatuko da Hegoaldean.

Beste estreinaldi batzuk

(ID_17190671481275) (/EZEZAGUNA)
'Big boys' filmeko fotograma bat.

'big boys'

Zuzendaria: Corey Sherman. Gidoilaria: Corey Sherman. Aktoreak: Isaac Krasner, Dora Madison, David Johnson III. Argazkia: Gus Bendinelli. Generoa: komedia. Urtea: 2023. Iraupena: 88 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.

Heldutasunerako trantsizioari buruzko komedia bat. Nerabe batek sexu esnatze bat jasango du familia bidaia batean, bere lehengusinaren bikotekideaz maitemintzen denean.

'kinds of kindness'

Zuzendaria: Yorgos Lanthimos. Gidoilariak: Efthymis Filippou, Yorgos Lanthimos. Aktoreak: Emma Stone, Jesse Plemons, Willem Dafoe. Argazkia: Robbie Ryan. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 165 min. Herrialdea: Irlanda.

Triptiko itxurako fabula horrek hiru istorio kontatzen ditu: bere bizitzaren agintea hartu nahi duen gizonarena; itsasoan desagertutako emaztea itzuli eta beste pertsona bat dirudielako izututa dagoen poliziarena; eta buruzagi espiritual bihurtzeko dohain berezia duen norbait aurkitzeko erabakia hartu duen emakumearena.

'norwegian dream'

Zuzendaria: Leiv Igor Devold. Gidoilariak: Justyna Bilik, Gjermund Gisvold, Radoslaw Paczocha. Aktoreak: Hubert Milikowski, Karl Bekele Steinland, Edyta Torhan. Argazkia: Patryk Kin. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 97 min. Herrialdea: Norvegia.

19 urteko Robert Poloniako etorkin bat da; Norvegiako arrain fabrika batean lan egiten du, eta dirua irabazi behar du amaren zorrak ordaintzeko. Robertek zerbait sentitzen du bere kide Ivarrenganako, baina, fabrikan duen lagun taldearen arbuioa jasateko beldurrez, bere sentimenduak ezkutatuko ditu. Fabrikako poloniar langileen artean greba bat hasten denean, haien eta atzerriko lankideen arteko harremana kolokan jarriko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.