Donostiako 72. Zinemaldia

Elena Irureta: «Nire berri duenak egindako lanagatik ezagutzen nau, eta ez jasotako sariengatik»

Antzerti arte dramatikoko eskolan ikasitako lehen belaunaldiaren parte da. Oholtza gainean hasi arren, azken boladan kameraren aurrean ibili da, hirurogei proiektutik gora eginda. Haren lana aitortu eta omenduko dute Zinemira sariaren bidez.

Elena Irureta elkarrizketaren aurretik, Zumaian (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU
Elena Irureta elkarrizketaren aurretik, Zumaiako pasealekuan. JON URBE / FOKU
Zumaia
2024ko irailaren 15a
05:30
Entzun

Zenbaitentzat Sagrario, Rosen ama (Hau da A.U., 1990); besteentzat, Xumai (Ama begira zazu, 1990). Marta Bengoetxea (Martin, 2003-2007) esanda agian ezagunagoa egingo zaie beste batzuei. Halaber, badira Blanca (Jaun ta jabe, 1995-1997) izenez ezagutuko dutenak ere. Maria Luisa Uranga Kerejeta, Bittori, Carmen, Laura Hurtado, Begoña… pertsonaia ugari, baina pertsona bera oinarrian: Elena Irureta (Zumaia, 1955). Jarraitutasunaren eta lanaren isla dira izen horiek guztiak. Horiek horrela, Zinemira saria emango dio Donostiako 72. Zinemaldiak Iruretari.

«Baditugu urte batzuk, eta badakigu nondik nora doazen sari hauek». Horixe bera aitortu zenion BERRIAri 2021eko martxoan, hiru sari jaso berritan —Forque, MIM Series eta Feroz sariak—. Orain, beste bat batu da zure palmaresera. Nolako harrera egin diozu azken horri?

Bada, poz-pozik hartu dut berria! Jose Luis Rebordinosek deitu zidanean, zera pentsatu nuen: «Ziur zerbait egin beharko dudala». Behin edo behin egin izan baitut aurkezpenen bat, edo sariren bat eman. Baina, Zinemirako saria niretzat izango zela esan zidanean… «Nola?» Sekulako poza eta sorpresa, ez bainuen inondik inora horrelakorik espero. Dena den, esandakoarekin zera adierazi nahi nuen, bakoitzak badakiela non dabilen. Eta saria jasotzean, besteen aitortza eskuratzen duzula. Eskertzen duzu, noski, baina niri ez dit ezertxo ere aldatzen.

Baina sariak ez dira izaten ateak irekitzeko giltzak?

Ez, hori ez. Uste dut nire berri duenak egindako lanagatik ezagutzen nauela, eta ez jasotako sariengatik. Beti saiatzen zara zure eginbeharra ahalik eta hobekien egiten: batzuk ongi ateratzen dira, eta beste batzuk, hala moduz. Orain ikusten ditudanean duela 30 urte euskal telebistarako egindako monologoak eta esketxak… ai ama, hau lotsa! Baina egindakoa eginda dago, hor geratzen da, eta hortik ere beti ikasten da.

Baduzu ohiturarik zuk egindako lanak berrikusteko?

Egia esan, ez. Ahizpak sarritan esaten dit: «Piztu telebista, eta jarri ETB1!». Orduan ikusten dut neure burua, aspaldian egindako programetan. Egindakoan ikusi ez arren, 30 urte beranduago ikusten ditut. Nahiko barre egiten dut horiek ikustean, baina gorritu ere egiten naiz. Ai ama, ai ama…

Barreak eta gorritasunak tarteko, hantxe, emakumeak kameraren aurrean, erdigunean, umorea eginez eta protagonista izanik.

Bai, eta aurpegi gogorra ere bai, e! Orduan pentsatzen nuen dena posible zela. Nire iloba Telmok [Irureta] esaten duen moduan, beti nire mugetan pentsatzen ariko banintz, ez nuke egiten dudanaren laurdena ere egingo. Ez dut horretan pentsatzen, eta aurrera egiten dut bi aldiz pentsatu gabe. Bata ala bestea egingo dugu eskura dugunarekin, eta, hala, pixkana-pixkana joan naiz aurrera.

«Beti nire mugetan pentsatzen ariko banintz, ez nuke egiten dudanaren laurdena ere egingo»

ELENA IRURETAAktorea
Horrela hasi zinen antzerkigintzan?

Aitortu behar dut ez nuela inoiz pentsatu aktore izango nintzenik. Oso ikasle kaxkarra nintzen, eta eskola amaitzean, ez nekien nora jo. Nire bizilaguna dentista zen, eta aldi baterako lana eskaini zidan. Bizpahiru urte igaro nituen horretan, eta, ondoren, Madrilera joan nintzen arte eta lanbide eskolara. Ez nuen jakin zeren bila, baina nahiko trebea nintzen eskuekin lan egiten.

Dena den, urtebete besterik ez nuen egin han, utzi egin bainuen. Urte luzeetarako ikasketak ikusten nituen, eta ez nuen batere gogorik han egoteko. Orduan, Londresera joatea erabaki nuen, au pair lan egitera. Beste urtebete igaro nuen han, eta Zumaiara itzultzean [Gipuzkoa], egoera berean nengoela jabetu nintzen: ez nekien zer egin. 24 bat urte izango nituen, gutxi gorabehera.

Beste behin, lagun batzuek hortz klinika bat ireki zuten Donostian, eta han ibili nintzen lanean. Baina 80ko hamarkada hasieran, Antzerti zabaldu zuten, inguruko lehen interpretazio eskola. Zertan ari nintzen oso ongi jakin gabe, probatzera joan nintzen.

Oso oroitzapen onak ditut, oso-oso gustura hasi nintzen. Aizpea Goenaga, Klara Badiola, Kontxu Odriozola, Mikel Garmendia… horiek guztiak topatu nituen han. Lehen belaunaldiaren parte izan ginen. Bigarren ikasturtean beka bana eman ziguten hamabi laguni. Orduan, dentista lanak eta beste gauza txikiak utzi, eta antzerkia egiten hasi ginen buru-belarri. Hiru urtez ibili nintzen Antzertiren bueltan.

Elena Iruretak jasoko du Donostiako 72. Zinemaldiko Zinemira saria. JON URBE / FOKU
Elena Iruretak jasoko du Donostiako 72. Zinemaldiko Zinemira saria. JON URBE / FOKU
Hortaz, ordutik antzerkiaren menpe?

Bai, eta ez da harremanik jasangarriena izan. Antzerkia ogibidea denean, ez dakizu noiz arte iraungo duen pagotxak. Eskolan bertan hainbat obra landu genituen, eta handik irtetean, gure kasa hasi ginen lanean.

Horri esker, adibidez, Txirri, Mirri eta Txiribitonengana heldu ginen. Ezagunak ziren garai hartan, eta Aizpeari eta bioi lan eskaintza bat egin ziguten. Inolako zalantzarik gabe baiezkoa eman, eta horrela hasi ginen abenturak idazten. Areago, edozein pertsonaia sortzen genuen guk ere obretan parte hartzeko. Hara eta hona ibiltzen ziren Euskal Herrian barrena, igandero. Eta horrela heldu zen euskal telebistarako programaren bat egiteko proposamena Aizpea eta niregana.

«Antzerkia ogibidea denean, ez dakizu noiz arte iraungo duen pagotxak»

ELENA IRURETAAktorea
Eta horrela sortu zenuten Hau da A.U. (1990)?

Bai, hala da. Diru gutxirekin hasi ginen, herriko jendea engainatuta. Lan erritmoa itzela zen: gurpil zoroan sartu, eta gelditu gabe ibiltzen ginen. Aizpea eta biok igandean elkartzen ginen programa idazteko. Astelehenean, produkzio bilera izaten genuen, eta ostegunean zein ostiralean, grabaketak. Bat bukatu bezain laster, hurrengoan zer egin pentsatzen genuen. Irakaspen handia izan zen garai hori guretzat, eta denbora luze igaro genuen horrela, gogotsu eta ilusioz.

Sortu zenuten telesaila aitzindaritzat har daiteke: euskaraz eginiko lehena, bi emakumeren burutapenetik abiatuta, eta bi emakume enpresaburu protagonista izanda. Etxeko pantailan gutxitan ikus daiteke halakorik, gero.

Bai, baina gu mugitzen ginelako etorri ziren horrelako lanak. Ez gara inoiz dei baten zain egon. Hau da A.U. bukatutakoan, Karlos Zabalarekin eta Eneko Olasagastirekin batera Bi eta bat  sortu genuen [1991]. Egia esan, ez nuen espero urte hauetan guztietan antzerkiak bizitzeko adina eta gehiagorako emango zidanik. Horregatik jarri nuen landetxe bat, B plana izateko.

Beraz, zauden lekura iristeko esperantzarik gabe hasi zinen?

Batere gabe. Egunean bizi nintzen, egunean egunekoa. Jendeak galdetzen didanean ea non ikasi daitekeen interpretazio lanak egiten, nik beti diot norberak egin behar duela ikasketa prozesua. Zuk sortu behar duzu: norbaitek deitzeko zain bazaude, jai duzu.

Antzezlea ez ezik zuzendaria eta gidoilaria ere izan zarela ikusita, aukeran zer duzu nahiago?

Antzerkigintza, zalantzarik gabe. Aizpearekin batera ibiltzen nintzen zuzendari eta gidoilari, eta elkarrekin lan egitea izugarri gustatzen zitzaidan. Aukeran, nahiago dut horrelako lanak beste norbaitekin egin. Baina, oro har, antzeztea gustatzen zait gehien.

Elena Irureta aktorea, Zumaian (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU
Elena Irureta aktorea, Zumaian (Gipuzkoa). JON URBE / FOKU
Nolanahi ere, ez da gauza bera izango telebistan, zineman edo oholtza gainean antzeztea, ezta?

Ez du zerikusirik. Gehien gustatzen zaidana telebista da. Han hasi nintzen lanean, eta oso bizia zela ikusi nuen, azkarra. Ni ere ipurtarin samarra naizenez, nirekin bat datorren formatua dela esan daiteke. Zinema ere izugarri gustatzen zait, baina lan erritmoa motelegia da. Areago, askotan ordu asko sartu behar dira, baina beti ez da etengabe antzeztearen ondorio. Antzerkiak, berriz, asko mugatzen zaitu. Esaterako, bira egin behar denean, egun asko hartzen dizkizu. Azkenekoan, Madrilera joan behar izan nuen, gero handik Murtziara [Espainia]… Bost egun igaro nituen funtzio bakar bat egiteko. Beraz, ez du merezi. Eta gainera, gaizki ordainduta dago.

Hasi zinenez geroztik, aldatu dira lan baldintzak antzerkian?

Bai, baina okerrera. Telebistari eta zinemari dagokienez, berriz, ez dakit zer esan. Orain azkarrago egiten da lana, beste kamera batzuk baitaude. Digitalizazioak nahi adina eta nahi beste grabatzeko aukera bermatu du. Lehen, aurreneko saiakeran dena ongi ateratzen bazen, aurrera egiten genuen. Agian badaezpadakoren bat edo beste errepikatzen genuen, baina zinta oso garestia zenez, gutxitan gertatzen zen hori.

Orain askoz gehiago nekatzen gara. Adibidez, sekuentzia batean, haur bat besoetan hartuta altxatu behar nuen. Bada, laugarrenera arte ongi eutsi nion arren, bosgarrenean krakateko bat entzun nuen bizkarrean. Zuzendariari gehiago ez egiteko eskatu nion, eta hark erantzun: «Lasai, lehenengo sekuentzia hartuko dugu». Hau marka!

Krakatekoak krakateko, hasierako belaunaldikoak hortxe zaudete oraindik.

Gazte-gaztetatik hasi ginen, eta harremana badugu oraindik. Hor daude Aizpea Goenaga, Ane Gabarain, Jose Ramon Soroiz… pentsa, urte gehiago igaro ditut Jose Ramonekin bikote moduan, nire benetako gizonarekin baino!

Aktoreon artean komunitate handi bat dago —izugarri lagundu izan diogu elkarri—, baita teknikari, zuzendari eta bestelako langileen artean ere. Orokorrean oso harreman atseginak izan ditut, eta lana gustura egin. Asko ibiltzen gara lan baten jirabiran, sarritan askotariko egoeretara egokitzen jakin behar du aktoreak, ez baikara protagonistak.

Dena den, sektorean gero eta gazte gehiago ikus daitezke. Euskal antzerkigintzaren harrobia izugarria da. Gazte asko datoz, formakuntza handikoak. Sarritan, neure burua ikusten dut haiei begiratzean, eta garai hartan niri jasotzea gustatuko zitzaidakeen hori bermatzen saiatzen naiz. Nolabait, gazteei adierazten diet ez daudela bakarrik.

Jende asko ibiltzen da proiektuetan lanean, eta gogoan dut hasiberria nintzenean zenbat kosta zitzaidan erosotasuna bilatzea. Beti topatuko duzu norbait lagunduko dizuna. Gazteen lehen aldia izaten denean, urduritasuna baretzen ahalegintzen naiz. Egia esan, egiten duguna ez da horren garrantzitsua. Beti pentsatu izan dut: nire hanka sartzeak zirujau batek egingo balitu, ez luke inoiz lorik egingo. Eta nik lo lasai-lasai egiten dut beti.

Egin dituzun lan guztien artean, baduzu kutunik?

Hau da A.U., adibidez, lehenengo proiektua izan zelako, besteak beste. Baina Patria telesaila ere hautatuko nuke [Aitor Gabilondo, 2020]. Niretzat oso lan interesgarria izan zen, asko lagundu zidan, bai arlo profesionalean, bai pertsonalean. Oso pertsonaia ederra antzezteko aukera izan nuen, askotariko aurpegiak erakusteko aukera ematen zidan.

Gero eta lan gehiago ikus daitezke zure filmografian. Aurten estreinatu diren hiru film luze eta telesail bat egin dituzu, eta badirudi datorren urtean ere agertuko zarela pantaila handian. Erretiroa hartzeko aukera eman dezake antzerkigintzak?

Erretiratzeko aukera bada, noski. Norberak erabaki behar. Baina bai, aurten lan batzuk egin ditut, eta egingo ditut. Ilusio handia pizten dit oraindik proiektuak jasotzen ditudala ikusteak.

«Gustuko izan ez ditudan lanei uko egin izan diet. Gidoia irakurri eta pentsatzen dut: zer egingo dut horrekin?»

(ID_14231818) Elena Irureta Zinemira saria zinemaldia
Elena Irureta aktorea. JON URBE / FOKU

Milaka lan heltzen zaizkio Iruretari, baina horrek ez du esan nahi guztiak egiten dituenik. Areago, nahiko zorrotza izan ohi da gorpuztu behar duen pertsonaiak kontatzen duen istorioarekin. Kontrara, harentzat ez da hain garrantzitsua antzeztu behar duen testuak bere ideologiarekin bat egitea.

Noizbait parte hartu duzu loa galarazi dizun proiekturen batean?

Ez, gustuko izan ez ditudan lanei uko egin izan diet. Gidoia irakurri eta pentsatzen dut: zer egingo dut horrekin? Ez badut neure burua egoera horretan ikusten, edo ez badut hori antzeztu nahi istorioa ez delako nire gustukoa, ez dut egiten.

Zuretzat garrantzitsua da zure ideologiarekin bat datozen proiektuetan parte hartzea?

Hor ez naiz sartzen. Interpretazio aldetik ikusten dut zer pertsonaia den eta nola landuko nukeen. Polizia lanak egin ditut, baita mojarenak ere. Naziarena egin beharko banu ere, ausartuko nintzateke. Nik lan modura ikusten ditut gauzak: nire pertsonaia eta besterik ez. Beste batzuentzat garrantzitsua da hori, eta ongi iruditzen zait. Baina niri bost axola.

Eta hizkuntzak? Badu eraginik antzezteko orduan?

Ilusio handiagoa pizten didate hemengo proiektuek. Iruditzen zait lehen fikzio gehiago egiten zela Euskal Telebistan, eta bazuen bere audientzia. Orain, telebista ikustean, beti gauza bera dagoen irudipena dut. Gainera, azkenaldian, Euskal Telebistatik bestelako programetarako deitzen didate, hutsuneak betetzeko edo. Sukaldaritza saioetan elkarrizketak egitea ez da nire lana. Hobe telebistan fikzioa egiteko deituko balidate. Gauza berriak egiteko prest nago, baina ez dago proiekturik. Ea berriro beste bultzada bat izaten den, eta gehiagotan egiten duten gure industriaren alde.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.