begona del teso
eppur si muove

Ebro ibaitik Ager Vasconumera

2024ko ekainaren 28a
05:10
Entzun

Bahitura dago ezarrita, ekoizleek, hala agindu/eskatua, momentuz, asteartean San Mameseko Katedrala eta asteazkenean Donostiako Anoeta Erreale Arena okupatu zituen Netflixeko La Liga izenburuko telesailaz behar eta merezi dituen zabaleraz, luzeraz eta gogoz mintzatzeko. Gauza bakar bat dugu aipatzerik, momentuz eta aukeraz baliatuko gara, zortzi ataleko telesail (lehenbizikoan Euskal Herriari eta Euskal Herriko futbolari egiten zaie laudorio ikaragarria) honen atzean bada, badago, denon mira jaso izan duen La Morena ekoiztetxea. Bereak dira Cerdita, AitorMorenoren Ventajas de viajar en tren edo Tequila, drogas, sexo y rock and roll bezalako zine puskak.

Etxe barruko pantaila oro hartuko duten telesail guztiekin gertatu ohi den usadioa da bahiturarena, promozio sekulakoa ez oztopatzearren. Idatziko dugu aurrerantzean, ba. Ez da arazorik, bastante dugu komentatzeko ager eta saltus vasconum (euskaldunen lurra, euskaldunen basoa nahi dute esan latinezko adiera biek) horretan, zeinetan estreinu itzalak, lurralde historiko mailakoak, badiren.

Non, kasurako? Oñatin bertan. Noiz? Gaur bertan. Orduantxe eta horko Santa Marina plazan Jose Alberto Andres Lacasta bere zuzendariak aurkeztuko duen Manolo Kabezabolo (Si todavía tienes dientes es ke no estuviste ahí- oraindik hortzak badituzu, han izan ez zinelako seinale) dokumentalak, beste askoren gainetik dagoenak, estreinaldi kristorena izan zuen iazko Bilboko Zinebi jaialdian. Ordu batzuez, bere protagonista, Manolo Mendez Lozano, bihurtu zen Gran Viako heroia eta super izarra.

Estreinatua da, beraz, punki benetakoa izan zen, den eta izango den musikari horren inguruko filma Bizkaian. Estreinatua ere, lurralde historikoa ez bai ordea erresuma izan genuen Nafarroan. Manolo Kabezabolo (oraindik hortzak badituzu, han izan ez zinelako, seinalea) Zar-Rock-aztelu  festaren konkista nagusia suertatu zen  2023an. Zar-Rock-aztelu?!?! Bai, Ager Vasconum-ko ertzean (Zarrakaztelun, hots) ospatzen den jaialdi mitikoa. Bertan gerta litekeen guztia gertatu izaten da…

Beraz, nazioartekoak izan ditu estreinuak Manolo Kabezabolo (Si todavía tienes dientes es ke no estuviste ahí-k Bizkaia maitean eta Arranoa Nafarroan. Harro ibili zen Aragoiko erresumaren hainbat festibaletan. Baita Burgosen ere, amore sekula ematen ez duen Gamonal auzotik ez oso urrun. Alta, sekula ez zuen lortu San Adriango tuneletik pasa eta Gipuzkoan hartu izana.

Orain arte. Gaur arte. Gaurko gaueko 22ak arte. Ordu horretan, Oñatin, non Euskal Herriko lehenbiziko Unibertsitatea sortu zen, estreinatuko da filma, bertako Kultur Etxeko Zine Aretoan. Eta ez pentsa bat-bateko, behin- behineko, emanaldia izango denik. Ez axolatu, ez arduratu. Egun batzuk iraungo ditu pantailan, uztailaren 1a arte.  Astelehen arte. Hori da marka, hori. Kapitalean ez den pelikula nagusituko da 16 auzo (Araotz, Arantzazu…) dituen herriaz. Uda arraro honetan noiz euriak bat egiten duen sargoriarekin.

Merezi du Oñatiko jendeak, merezi du ez banderarik, ez botikarik (musika izan ezik) onartzen ez duen dokumentalak hala izatea. Konforma dadin Donostia bere karteldegian dituen zinema zenbait mirarirekin, hala nola beldurrezkoa bada ere, beldurra baino min, min handia, ematen duen Håndtering av udøde horrekin edo amodiozko istorioa dirudien arren, krudeltasun puntu gazi-gazia duen Memory-kin.

Guk bat egungo dugu Manolorekin. Oñatin. Manolo Zaragozako Carenasekoa dugu eta, aditu/ezadituen arabera kantautore punk bakanetakoa da. Baliteke. Are, nik uste, eta errespetu osoz esanda, Evaristo, Fermin eta El Drogas baino askozaz psikotikoagoa, eskizoagoa, maniako-depresiboagoa (hartu hitz horiek guztiak barruan daukaten xarma beltzarekin, otoi) dugu Manolo, Ebro ibaitik Ager Vasconumera gaur, pantailan, salto egingo duen Sid Vicious bera beldurtuko lukeen balent hori.

Oñatin. Errabiaz zein kantuen letretan ondo eta egoki erabilitako K eta Z  hizki horren punkarrez gainezka den dokumentala. Estreinu erabatekoa, Lurralde Historiko mailakoa. Bahiturarik ez duena. Gozatu. Manolok kantatzen duen legez… hasta la extremaunzion(oleazio arte…).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.