Bueltan da Boga Boga musika jaialdia

Gorka Urbizu, Mudhoney, Lisabo, Melenas, Sara Zozaia, Toc eta beste zenbait artista ere ariko dira jaialdiaren bigarren aldian. Ostegunetik irailaren 15era arte, kontzertuak eta hitzaldiak izango dira Donostian.

Melenas musika taldea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Melenas musika taldea, artxiboko irudi batean. BERRIA
Donostia
2024ko irailaren 4a
05:05
Entzun

«Iaz izan zen gure lehen aldia, eta ez genekien nola aterako zen. Dena den, ikus-entzuleak ez ezik, kolaboratzaileak, erakundeak eta antolatzaileak ere oso eskertuta azaldu ziren, eta aurten ere antzeko sorpresa bat jaso nahiko genuke», aitortu du Iñaki Otalora Boga Boga jaialdiaren antolatzaileak; eta badirudi bide horretan doazela. Izan ere, saldu dira Txillida Leku espazioan (Hernani) Gorka Urbizuk, Sara Zozaiak eta Los Sara Fontan taldeek larunbatean eskainiko dituzten kontzertuetarako sarrera guztiak.

Nolanahi ere, izango da zer ikusia eta entzuna ostegunetik irailaren 15era bitarte «musika independentea ospatzeko» Dabadabak eta Gin Musica etxeak antolatzen duten Donostiako jaialdian. Andrea Buenavistaren emanaldiak emango dio hasiera festibalari. Gipuzkoako hiriburuan jaioa den artista gazte horrek rocka eta folklore latinoamerikarra nahasten ditu. Gau horretan bertan, Donostiako Mark Duty taldea eta Japoniako Tengger folk taldea ariko dira Dabadaba aretoan. Lehena Martin Apalategi (bateria), Markel Alonso (baxua) eta Eneko Verdu (gitarra) musikariek osatzen dute; bigarrena, berriz, nomada familia bat da, Itta eta Marqido, beren semearekin batera.

Ostiralean, Mudhoney, Lisabo, Melenas eta Ithaka taldeek joko dute Gazteszenako aretoan. Hasieran, Aieteko jauregian egin behar zituzten saio horiek, baina bertako jai batzordeak antolatutako beste emanaldiak ez oztopatzeko, espazioz aldatu behar izan dute. Sergio G. Cruzado jaialdiko zuzendariaren hitzetan, «izugarria da» grunge mugimenduaren ordezkari ezagun Mudhoney egitarauaren parte izatea. 1988. urtean elkartu ziren taldekideak Seattle hirian (Washington, AEBak), eta rock alternatiboaren azpigeneroko musika sortzen dute, oinarri harturik punka, hardcore punka, noise rocka, heavy metala eta pop rock klasikoa.

Halaber, hemengo taldeei espazioa ematea ezinbestekotzat jo du zuzendariak, eta horren lekuko dira Bidasoko Lisabo taldea, Iruñeko Melenas taldea eta Itahaka, Orio eta Zarauzko laukotea.

Bigarren asteburua

Kontzertu nagusiak datorren asteburuan dira, baina festak hurrengo igandera arte jarraituko du. Kursaaleko terrazan doako kontzertuak izango dira bi egunetan, 12:00etatik aurrera. Besteak beste, bertan izango dira Erresuma Batuko The Wave Pictures rock taldea eta Bonny Doon Detroiteko (AEBak) hirukotea. Era berean, bikote musikalak ere izango dira terrazan: Pinpilinpussies, Pipiolas eta Tatta & Denso. Horiekin guztiekin batera, Niza, Toc eta Teo Lucadamok osatzen dute Kursaaleko terrazako egitaraua.

Dabadabako bigarren asteburuko emanaldiei erreparatuta, irailaren 12an, Molly izango da oholtza gainean. Bi egun geroago, musika elektronikoaren «maitaleentzat», Club izendatu duten musika emanaldiak izango dira: Nueve Desconocidos, Safety Trance, Dalila, Giiovaaz eta Juan Tatorri.

Jaialdi eredua hizpide

Jaialdien ereduari eta horrek XXI. mendeko kulturan duen inpaktuari buruz eztabaidatzeko ikastaroak antolatu dituzte Boga Boga jaialdiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetzan. Musika jaialdi bat sortu eta ekoizteak lurralde bateko ekonomian eta kulturan duen eragina izango dute hizpide ostegunean eta ostiralean, Dabadaban. Maider Kortajarena EHUko udako ikastaroen arduradunak azaldu duenez, jardunaldiak bi lan ildo izango ditu: jaialdi baten prestakuntza eta hausnarketa kritikoa eta dialektika. Prestakuntzari dagokionez, jaialdia eta marka bat nola sortzen diren irakatsiko dute, eta proiektu bat aurkezteko ez ezik bideragarria izateko ere zer bete behar duen aztertuko dute. Horrez gain, produkzio faseei ere erreparatuko dietela azaldu du Kortajarenak.

Hausnarketa kritikoak eta dialektikoak, berriz, profesionalengan eta antolatzaileengan du fokua; zehazki, horien «bertuteen eta akatsen» inguruan mintzatuko dira, eta ingurunean duten ondorioez hausnartzeko erabilgarria izatea espero duela aitortu du Kortajarenak. Hizlarien artean, alorrean «eskarmentu handia» duten adituek parte hartuko dutela jakinarazi du EHUko udako ikastaroen arduradunak; horien artean dira Angel Gomez, Nando Cruz, Amaia Ispizua, Nerea Kortabitarte eta Sergio G. Cruzado.

Jaialdiaren antolatzaileek adierazi dutenez, udazken honetan Balentziaga museoan egingo den kontzertu berezia iragarriko da datorren asteetan.

Boga Boga jaialdiaren webgunean jaialdiaren informazio zehatzagoa eta sarrerak eskuratu daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.