Ismael Manterola
Begiz

Bi egun Gernikan

2024ko ekainaren 25a
05:05
Entzun

Gernika eta Gernikei buruzko kongresuan egon gara bi egun oso izen bereko herrian. Gertakizun historikoa eta horrek eragin zituen ondorioak aztertu ditugu kongresu akademikoan. Gernika sinbolismo handiko herria zen gerra zibila hasi baino lehen, baina bonbardaketaren ondoren beste kutsu batzuk hartu zituen. Handik hilabete gutxira iritsi zen Picassoren koadroaren erakusketa Parisko 1937ko pabiloian. Artelanak hartu duen indarra eta nazioarteko proiekzioak beste sinbolo bat eskaini dio Bizkaiko herriari. Gaur egun, Gernika, herri bat izateaz gainera, nazioartean ezaguna den irudia ere bada.

Parisko Erakusketa Azoka bukatu ondoren, margolana Espainiako Errepublikaren aldeko jarrera sustatzeko erabili zen bidaiatzen zuen bakoitzean. Azkenean, New Yorkeko MoMa museoan hartu zuen atseden 1958an, Espainiara Errepublika bueltatu arte, teorian. Espainiako estatuak behin eta berriz ahalegin handia egin ondoren koadroaren jabetza aldarrikatzeko, Madrilera eramatea lortu zuen 1981ean. Ordutik, Trantsizioa izeneko erregimenak koadroaren esanahia zuritzeko saiakera ugari egin zuen. Francoren gudarosteen agindura zeuden alemaniar eta italiar hegazkinek bonbardatutako hiriaren sufrimendua sinbolizatu beharrean, espainiarren berradiskidetzearen irudia zela aipatzen zuten behin eta berriz agintari espainiarrek. Horrela iritsi zen Reina Sofia Museora 1992an, esanahiz hustuta eta urte markatu batean.

Koadroa inguratzen duen bildumaren azken berrantolaketan, Gernika gerra zibilaren testuingurura bueltatu zen. Artelan isolatu edo maisulan moduan erakutsi beharrean, Espainiako Errepublikak Parisen eraikitako pabiloiaren testuinguruan azaldu nahi da orain Picassoren koadro ezaguna. Gainera, pabiloia gerra zibilaren barruan kokatuta dagoenez, gerrak berak eragin zuen artearen barruan ulertu dezakegu Gernika.

Hala ere, susmoa daukat pixkanaka Gernika koadro bat izatetik irudi izatera pasatu dela. Aspaldi gertatu zen hori jende arruntaren artean. Askotan, zaila da jende askorentzat koadroak zer irudikatzen duen azaltzea, eta gerraren kontrako irudia bihurtu da, onerako eta txarrerako. Koadroa irudi bihurtuta, gaur egungo ikerketa asko irudi beraren inguruan egiten ari dira, eta kezka eragiten dit artearen jarrera historiografiko gazteenak ahaztu egiten duela Gernika koadroa dela; hau da, ibilbide zehatza zuen norbaitek, 1937an, arrazoi batzuk zirela medio, oihal handi baten gainean pinturaren bidez irudi batzuk marraztu zituela. Ordutik, objektu bat da, bere pisuarekin, bere neurriekin eta gordetzeko zailtasun guztiekin. Pantaila batean ikus dezakegun irudi gogoko edo ez gogokoaz aparte, nonbait eta baldintza zehatzetan gorde behar dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.