begona del teso
EPPUR SI MUOVE

'Benetako gertakizun batzuetan oinarritua'

2024ko apirilaren 12a
05:05
Entzun

Zinema kontuetan egun baino askozaz inozoagoak ginenean, umemoko halakoak zinemaren engainuetan, zeluloidea arma, tresna, bizibide zuten horiek jar zitzaketen arteetan eskarmentu gutxikoak, gabekoak kasik, pelikula baten atarian Benetako gertakizun batzuetan oinarritua leloa ikusten genuenero ia belauniko jartzen ginen, aipatu filmak egia baino kontatuko ez zuelakoan. Are, eta auskalo zergatik, baina zinema aferetan aita edo ama pontekorik ez genueneko garai haietan, zinez sinisten genuen hobeak izango zirela egiazkoak balira bezala saltzen zizkiguten horiek, fantasian, fantasietan oinarri, zimendu, fundamentu, iturri, inspirazio zuten haiek baino.

Denboraren, adinaren, hainbat sustoren, zenbait karranparen eta hamaika erorikoren poderioz eta kausaz, zeharo, arras, erabat, seko oker geundela ikasi genuen. Eskola hura ez zitzaigun xuabe, goxo, atsegin suertatu. Engainatu ginela kostata eta minez ohartu ginen. Benetako gertakizun batzuetan oinarritua delako leloa esaera moralki eta zinematografikoki traketsa zela egiaztatzean, bai dolua tripetan eta ariman!

Egiari zor, luzaz iraun genuen temati, geureari eutsiz. Kezkaturik. Izan ere, nola liteke benetakoa ez izatea sustrai errealak dituena? Periodikoetan zein paskinetan, irratian nahiz edadeko senideek kontatutakoetan irmo tinkatutako narrazioak ez al lirateke batek daki zein asmakeriatan funtsa zutenak baino hobeak?

Ba ez. Dokumentaletan nahiz multibertsoan bezala, zineman ez da egia berdaderorik. Dokumentalen kasuan, kamera nola, non, zeinek, zeini begira, zein angelutan jartzen duzun, kontu bat edo kontrakoa adieraziko duzu. Maltzur edo zintzo. Segun eta zer, nola, noren alde edo zeren aurka kontatu nahi duzun, era batez edo bestez mugituko duzu kamera, bai horixe. Eta gero, muntaketa aretoan, superbilau edo superheroi baten moduan josiko dituzu jasotako irudi eta soinuak.

Ondorio bera atera genuen Benetako gertakizun batzuetan oinarritua bide, omen ziren mila zeluloidezko kalamitatetan, desastretan erori eta gero.

Egun, edade, eskarmentu handiko jendaia garela, egun inorekin (are gutxiago geure buruarekin) fidatzen ez garen honetan, halako hozkirria nabaritzen dugu behin eta berriro zirriborratutako esamoldea duten pelikula ia guztien aurrean.

Ez al dakizu beren bizipenak serio eta tentuz kontatzen dituztenak ere asmakizunetan dabiltzala? Ez al zara konturatu egia biribilik ez dela existitzen, denok irudikatzen, eratzen dugula geurea?

Bene-benetan suertatutako zerbait kontatzera zatozkit? Zertarako? Aspaldian ez nuen ba nik aldizkarietan irakurri, albistegietan entzun, reality show batean ikusi? Zer erakutsi, zer frogatu nahi duzu? Inork ez dakiela zuk bezainbeste? Nolatan ausartzen zara?

Are, ez esan zuk zerorrek zeozer asmatzeko irudimen nahikorik ez duzunik, artxiboetara jo behar izan duzunik, zure familiaren izkribuak arakatu behar izan dituzunik, baten batek idatzitakoarekin fio zarenik... Ez al dakizu beren bizipenak serio eta tentuz kontatzen dituztenak ere asmakizunetan dabiltzala? Ez al zara konturatu egia biribilik ez dela existitzen, denok irudikatzen, eratzen dugula geurea?

Beraz, aspaldian utzi nion nik Benetako gertakizun batzuetan oinarritua leloari kasu egiteari. Orokorrean, auskalo nork taxututako errealitatea ez zait interesatzen. Gehiago esango dizuet: nahi eta nahi ez beti asmatua izango den errealitate bati heltzen diotenak alfertzat jotzen hasia naiz. Nire irudiko, egile batek sortu arte existitzen ez zen hartan, horretan, honetan du ardatz mirarizkoa zinemak.

Derrepentean, pantaila piztu arte izanik ez zuen auskalo zer gauzatu egiten da zure begi aurrean, eta benetakoa bilakatzen pelikulak iraun bitartean. Pantaila itzali arte. Argirik gabe, asmakizun preziatu horrek utziko dio izate horri, zin degizuet.

Ez dakit konturatu zareten; ni, alta, jakitun naiz (edo jakitun nahi dut izan): emanaldiro pelikulak sortzen/ez sortzen dira. Badakit, horrek ez du zentzurik, ez du esplikazio berdaderorik, baina horrela gertatzen da.

Ez, ez naiz Benetako gertakizun batzuetan oinarrituta-ko Sur les chemis noirs / Mi camino interior bezalako zinema merkeaz ari. Ez, ni Sophie Alouiren Animalia sekulakoaz ari natzaizue.

(ID_13746412) (/EZEZAGUNA) animalia
Sophie Alouiren 'Animalia' filmaren fotograma bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.