Literatura

Auster, bost liburutan

Zoriaren eta haren ondorioetan ardaztutako narratibak egin du ezagun idazle estatubatuarra, baina Austerren lanak bestelako ertzak ere erakusten ditu.

Paul Auster idazlea. J.L.CEREIJIDO / EFE
Paul Auster idazlea. J.L.CEREIJIDO / EFE
mikel lizarralde
2024ko maiatzaren 2a
05:15
Entzun

Ia hogei eleberri, ez-fikziozko hamaika liburu, poesia, antzerkia, zinemarako gidoiak... berrogei bat liburuk osatzen dute Paul Austerren emaria, unibertso austeriar gisa izendatu dutena ezaugarritzen dutenak. Unibertso horretan sartzeko bost ale besterik ez dira honako hauek.

'The Invention of solitude'

1982

1979ko urtarrileko goiz batean Paul Austerrek jakin zuen aita hil zitzaiola. Eta orduan hasi zen idazten The Invention of Solitude. Bertan kontatzen du nola izan zuen aitaren izaera ikusezina azaltzen zuen eta familiak urteetan ezkutatu zuen gertaera baten berri. Orduan jakin zuen amonak aitona hil zuela, eta aitaren osaba saiatu zela mendeku hartzen. Orduan jakin zuen aita hilketaren lekuko izan zela. Eta orduan jakin zuen aitonaren figura zergatik zegoen ezabatuta familia argazkietan. Austerren lehenengo memoria liburua den honetan, aurkikuntza horrek eragindakoaz gain, idazleak seme nahiz aita gisa bete duen rolaz gogoetatzen du.

'New Yorkeko trilogia'

1985-1986

Ez da nobela bat, baizik eta hiru: City of Glass (Kristalezko hiria), Ghosts (Mamuak) eta The Locked Room (Gela itxia). Austerrek nobela beltzaren kodeak erabili zituen bere lehenengo hiru eleberrietan, kode horiek eraitsi eta identitatearen aldakortasunaz hitz egiteko bada ere. Austerrek kontatu zuenez, Pinkerton detektibe agentziaz galdetzen zuten bi telefono dei jaso zituen behin etxean, eta hasi zen imajinatzen zer gertatuko zatekeen itxurak egin eta agentziako kide gisa aurkeztu izan balu bere burua. City of Glass-en, hain zuzen ere, Daniel Quinnek dei bat jasotzen du. Paul Austerrez galdetzen dute, Auster agentziako kideaz. Lehenengo aldian ezetz erantzungo du; bera ez dela Auster. Bigarrenean, baina, baietz. Ghosts-en, Blue izeneko detektibe batek Black ikertu beharko du, Whitek eskatuta. Eta, The Locked Room-en, haurtzaroko lagun baten desagerpenak bere barne deabruekin borrokatzera eramango du idazle bat.

'The moon palace'

1989

Amerikar Nobela Handia, Austerren begietatik. Marco Stanley Fogg bere osaba Victorrek hezia hazi da. 1969a da, estatubatuarrak Ilargira iritsi dira, eta halako batean, osaba hiltzen zaionean, Marco apenas dirurik gabe eta osabak oinordetzan emandako 1.492 libururekin geldituko da. New Yorkeko Central Parkera joko du, eta txiro baten gisan biziko da hango kobazulo batean, Kitty Wuk zoramenetik, gosetik eta eldarniotik erreskatatzen duen arte. Patuak eramango du margolari ezindu baten laguntzaile izatera eta haren biografia idaztera, eta, gurutzatzen diren istorioen bitartez, Foggek bere jatorriarekin egingo du topo. 

'leviathan'

1992

Literatura eta konpromiso politikoa Austerren bidean gururatzen diren unea. 1990eko egun batean, gizon bati bonba bat lehertuko zaio eskuetan, eta txikituta amaituko du. Peter Aaron idazleak —Paul Austerren alter ego-a, Moon nobelaren egilea— badaki zein den hildakoa, eta haren historia kontatu nahiko du, egia ofiziala betirako gelditu baino lehen. Horrela, Aaronek Leviathan idatziko du, Benjamin Sachs idazle eta Vietnamgo gerrara joateagatik espetxeratu zuten lagunaren biografia. Baina liburua ez da biografia hutsa, Sachsen erretratua egitearekin batera, Aaronek bere kontraesanak eta galderak ere plazaratzen baititu zoriak harilkatutako hamaika istorio biltzen dituen eleberri honetan.

'Neguko egunerokoa'

2011

Bigarren pertsonan idatzitako autobiografia ez-kronologikoa. «Bizitzaren neguan» sartzean idatzi zuen Austerrek Neguko egunerokoa, bere bizitzari errepasoa emateko —jazoera eta leku batzuk hautatuta–, baina baita Amerikako Estatu Batuetan izandako aldaketa kultural eta sozialen berri emateko ere. Kanpora nahiz barrura begira, euren artean askotan lotura zuzenik ez duten pasarteak, gogoetak eta ideiak biltzen ditu idazleak. Txalapartak euskaraz argitaratu zuen, Oskar Aranak itzulia, 2015ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.