Kritika. Musika

Pasio garbiaz

2024ko ekainaren 22a
05:05
Entzun

juan sebastian hirukotea

Asteazkenean, Donostia Musikak antolatutako zikloaren barruan, bakanetan entzun daitekeen programa eskaini zuen Juan Sebastian Hirukoteak Victoria Eugeniako Klub aretoan: Bachen ganbera-musika, ahotserako idatzitako piezak erdigunean eta lauterako suitea tartean. Horietako batzuk bere emazte Ana Magdalenari oparitutako liburutik zetozen; beste batzuk, aldiz, Schemelliren kantu-liburutik.

Lauteak ireki zuen kontzertua, Bermudezen eskuetan beti samur eta barnekoi, eta Biolinerako 3. sonatarenlargo mugimenduarekin gidatu zituen bakarlariak eszenatokira. Luken Munguira tenor donostiarraren ahotsa izan zen lehena entzungai Bist du bei mir (Nirekin bazaude) arian, harribitxi sinple eta garbia. Tesitura tenkatzen denean emisioa nolabait estutu eta soinuan desitxuratu egiten zaion arren, erdiko erregistro benetan zaindua eta ederra dauka Munguirak, musikaltasun zentzuzko eta sakonaz apainduta. Bereziki distiratsua izan zen ondoren, O Jesulein süß, o Jesulein mild! (O, Jesus haur gozo eta samurra) aria eztian. Heldulekua tinkoa bada, gora igo daiteke. Bi ahotsak tartekatuz, Belen Vaqueroren doitasuna eta norabidea antzeman ahal izan ziren segituan, Lasset uns mit Jesu ziehen (Joan gaitezen Jesusekin) sotilean zein Willst du dein Herz mir schenken (Oparituko al didazu zure bihotza?) aria jostalarian. Batzuetan ahotsak musikan zama handiegia jartzen zuela esan zitekeen eta, hala ere, Bachen korapiloak arin ebazten zituen, oro har tinbre argi eta zuzena eta ahoskera garbia mantenduz. Bermudezen akonpainamendua ere lagun izan zuten une oro.

Esan daiteke forman zein edukian tentu handiz txirikordatutako programa izan zela, ez soilik musikarekiko miresmenaz gidatua, baizik eta interpretazio zuhurrak egiteko beharrezkoa den ezagutzarekiko pasioaz gauzatua ere bai. Esperientzia handiko musikariengan ardura eta betebeharra izan behar du horrek; gazteengan, topatzen denean, altxorra da. Eta entzuleok ez genuen askorik induskatu behar izan, pare-parean jarri ziguten eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.