Kritika. Musika

Ez da nostalgia

MonotypePressing_V12-3mm-outerseeve
Xabier Badiolaren azken diskoaren azala (Gaztelupeko hotsak, 2024). BERRIA
Andoni Tolosa.
2024ko ekainaren 23a
05:10
Entzun

xabier badiola

Nola da posible hain molde jakineko disko bat hain fresko gertatzea? Erraz sinistuko nukeen esan izan balidate disko hau 1969an grabatutakoa dela. Zertan datza, orduan, balizko freskotasun hori, modu fidelean jarraitzen badio duela kasik 50 urteko eredu bati?

Lehenik eta behin, kontuan hartu behar dugu, kantautoreen musikari dagokionez– eta kantautore asko ibili da, eta dabil–, Euskal Herrian batik bat Ameriketatik (hego zein iparralde) heldutako ereduak izan direla nagusi (Silvio eta Bob), eta gutxi jorratu dela, berriz, Ingalaterrako folk berritzaileak 60ko hamarkadan irekitako bidea. Nahiz eta Pentagleren, John Martynen, Nick Draken edota Martin Carthyren itzala nabarmen sumatu zenbait euskal artisten lanetan, batik bat 70eko hamarkadaren bueltan. Ondoren, esango nuke diluitu egin zela itzal hori, eta kantagintzan inork gutxik heldu ziola 80ko hamarkadatik aurrera (Ruper eta Pettiren zenbait kanturen salbuespenarekin).

Beraz bai, alde horretatik, freskoa da, oso freskoa, Xabier Badiolak erakusten duen konbentzimendua eta jatorriarekiko fideltasuna. Urteetan erdi itxita egon den ate bat zabaldu eta aparte utzitako lorategia berriro bisitatzean sumatzen duzun freskotasun hori.

Disko erabat akustikoa da, non nagusi diren folka, psikodelia eta landako bluesaren eraginak. Ahots lanbrotsuez, arpegio bihurriez eta fingerpicking jostalariez jantziak. Badira balada goxoak: Hurrengoaren Zain, Aurrez Aurre. Badira rocketik hurbilago egon daitezkeen kantu enigmatikoagoak: Bizitzaren Legea, Haize Errotak edo Herio da Atean, eta, haien artean, Leihoko Argitan esanguratsua (Jhon Renbourn eta Bert Janschen gitarra-dueloen gorazarre), eta azkenik, badira hiru instrumental labur bezain mamitsuak: Grazibel, Maite Haunat,etcetera eta Emazurtz; azken hori, Lightnin Hopkinsek sinatuko zukeen Oskorriren kantuaren bertsio esanguratsua.

Diskoa labur doa, eta, zaila dirudien arren, intentsitatea mantentzen du hasieratik bukaeraraino, gorabeherarik gabe, tinko eutsiz hasieratik hitzeman duenari: disko zintzo bat izatea, non, tranparik gabe, gitarra jotzaile oso trebe eta kantari eraginkor batek kantu sorta hurbil eta zuzen bat eskaintzen digun. Alde horretatik, goraipatzeko da Xabier Badiolak bakardadea aukeratu izana, eta emaitza gozotu zezaketen erdibidekorik ez hartzea. Ados, ez dago ezustekorik, baina zertarako ezustekoak eskuragarri badago hasiera-hasieratik kantuek eman dezaketen guztia? Horrelaxe gertatzen da Xabier Badiola diskoan. Eta ez da nostalgia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.