begona del teso
Eppur si muove

Ehun kilometro bobina, belaunika gaitezen!

2024ko uztailaren 12a
05:10
Entzun

Oraindik ez dago Iparraldeko zinema areto oparoetan, non hilaren 17an Paul Urkijok Irati aurkeztuko duen, non, Cannesko urrea irabazi zuen Anora-ren zain eta esperoan, Sean Bakerren filmografia osoa (The Florida Project, Tangerine, Red Rocket, alegia) errepasatuko baitute.

Oraino ez du ez estreinaldi datarik. Beraz, errege batentzat Parisek meza bat merezi zuen bezala, gutako askorentzat Pariseraino joateak —ez baitago ezta Bordelen ere— mereziko luke, ez izan ez dudarik, ez erreparorik.

Bertan, hilaren 4-5ean eman zen ezagutzera Abel Ganceren Napoleon mitikoaren gainean egin den zaharberritze ezin alderatuzkoa, behin betikoa izan daitekeena. Egia, joan den Cannesen ikusi genuen, ahoa bete letagin, begiak bete zeluloide txinparta. Alta, Pariseko La Seine Musicale aretoan bizi izandakoak ez du inoiz parekorik izan pelikulaz bildutako unibertsoan. Pantailan ikusten zena lagunduz, 250 musikari zuzenean. Eta ez nolanahikoak, Orchestre Nationalekoak, Radio Franceko Orchestre Philamorniekoak baitziren. Nortzuk aldamenean? Radio Franceko abesbatzako kantariak. Nork gidatuak? Frank Strobelek. Zer musika jo zuten zazpi ordutan? Ba, esaterako, Berliozek orkestraturiko La Marseillaise eta Beethovenen Hirugarren Sinfonia —dakizuen bezala, Napoleoni berari eskaini zion Ludwigek, Europari libertatea ekarriko ziola sinisturik. Ez zela horrela gertatuko konturatzean, kendu zuen Bonaparte izena partituratik. Egun, mundu osoan Heroiko-tzat ezagutzen da—.

'Napoleon' filma
Abel Ganceren 'Napoleon' filma. BERRIA

Bi egunetan banatu zen zazpi orduko munstro eder horren estreinaldia. Izugarriak izan ziren uztaileko bi arrats horiek, hauteskundeetako bigarren buelta horren hurbil zireneko horiek…

Aste honetan estreinatu berri da. Areto komertzial luxukoetan. Ez, tamalez, Baionan, ez Miarritzen, ez Maulen, ez Urruñako Itsas Mendi ederrean. Zinez egiten dizuet zin: Pariseraino bidaiak merezi du. Ez zarete damutuko. Euskal Herrira bueltatuko zarete Zinemaren Maiestateak sorgindurik.  

97 urte ditu pelikulak. Hamasei eman dituzte munduan barna sakabanaturiko ehun kilometro bobina bilatzen. Bazterretan, biltegietan, aspalditik martxan ez ziren filmategietan arakatzen. Han-hemenka ahazturiko fotogramak amoroski pilatzen, Abel Gance maisurik maisuenetakoak idatzitako oro leitzen. CNC eta Cinematheque Francaiseren sostenguz, Georges Mourier zinemagile eta ikertzailea —detektibea idatziko nuke nik— ibili da amaigabeko peskizetan.

97 urte ditu pelikulak. Hamasei eman dituzte munduan barna sakabanaturiko ehun kilometro bobina bilatzen. Bazterretan, biltegietan, aspaldian martxan ez ziren filmategietan arakatzen

Emaitza? Hitzik ez da azaltzeko; mirari tekniko-poetikoa. Zineman ia dena egitear, asmatzear zegoen garai haietako ezina gainditua. 1927 hartan dena zen, artean, posible zineman. Sortzen ziren planoak, asmatzen ziren konposizioak, irudikatzen ziren eszenaratzeak. Abangoardiakoa zen dena, eta ezinik ez zen existitzen.

Bitxia da oso gaur egungo, mende honetako ikusleak jasotzen duen sentsazioa, baina. Kuriosoa, egin beharreko barne ariketa nahitaezkoa.

Milurte honetako erreferentziaz jantzita gaudela, zazpi orduko film honen jarraitze prozesuak ez du beste ezerekin konparatzerik. Libération egunkariak Cannesen idatzi zuena arrazoizkoa da zeharo: derrepentean, parerik ez duen esperientzia horretan murgildurik zaudela, Einsenstein hor dagoela konturatzen zara. Eta ez bakarrik Sergei. Baita Orson Welles ere. Rossellini ere bai. Spielberg inkluso. Eta ez kezkatu, ez zaude burutik ez jota, ez joana. Bada eszena bat, zaldiz eginiko jazarpenarena, Mad Max bera burura ekarriko dizuna...

Ez da soil-soilik klasiko bat ikustea. Ezta errestaurazio markaz fuerako bat ere. Ez da katedral batean sartzen zareneko lilura bera sentituko duzula. Maisulan baten aurrean sumatu ohi duzun gainezkaldia (Stendhal sindromea, alegia) baino handiagoa da Napoleon vu para Abel Gance-ren aurrean nabarituko duzuna. Ze konturatuko zara nortzuk ziren ahalegin bertsuetan Gance orain egun gutxi arte bere osotasunean inork ikusi ez duen lana sortzen ari zen une hartantxe: Murnau, Stroheim Griffith, Lang.

Nik, gurean ikusi beharrekoak ikusi bezain pronto, Paris aldera joko nuke —MK2 Quai de Seine aretoan duzu programaturik, kasurako—. Ezin izango bazenu, har ezazu Editions de la Table Robek kaleraturiko liburua. Kontatzen da bertan zaharberritze egundoko horren nondik norakoa. Eta gehiago. Kontuz gero, zinemaz gose eta egarri geratuko zara eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.