EHZ-ren antolatzaileetako bat

Bittor Thikoipe: «Amikuzen bada dinamika euskaltzale bat, eta nahi dugu erakutsi»

Bittor Thikoipe, argazkiaren erdian. BERRIA
Bittor Thikoipe, argazkiaren erdian. BERRIA
Joanes Etxebarria.
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Gutxitan izan da EHZ festibalean Bittor Thikoipe (1995, Amendüze, Nafarroa Beherea), eta kasik sekula laguntzaile gisara. Haren herriko bestekin batera izaten zen jaialdia. Ondorioz, muntaketan parte hartzen zuen, baina festibalera ez zen agertzen. EHZ Amikuzera hurbiltzeko lan egin ondoren, aurten hiru egunak baliatzeko asmoa du.

Aurten salbuespena eginen duzu, edo besten datak aldatu dituzue?

Hori zen lehen desmartxa, festibala Amikuzera ekarri delarik lotura egitea Amikuzeko herriko bestekin, ikusteko data horietan ziren bestek beren datak mugitu nahi zituztenetz. Azken finean, Arruta, Amenduze eta beste herri batzuek, egun horietan zituztenez bestak, ondoko astera pusatu dituzte.

Denek onartu ote dute problemarik gabe?

Salbuespen bat bada, Uhartiri, baina erraten dute ez dutela problemarik ikusten festibalaren parean izanik. Baina desmartxa izan zen, komite guzien ikustera joatea, hori aipatzeko.

EHZk zer funtzio bete dezake Amikuzen?

Argi eta garbi, guk ikusten genuen Amikuzen euskal dinamika bat bazela, bazela gogo bat eta kanpoko jendeak ez zuela baitezpada ikusten, ez zela baitezpada Amikuzez interesatzen. Egia da EHZ festibala hori argitan emateko parada bat dela, festibala ere horren inguruan zentratuko baita, Amikuzeren garapenean, eta euskal munduan eta euskal giroan.

Erran nahi du bazela jadanik Amikuzen dinamika euskaltzale bat?

Justuki, bada, eta nahi dugu erakutsi eta ohartarazi gaur egungo gazteei nonbait eramatekoa den lan bat dela eta ez dela irabazten den zerbait. Etengabeko lan bat da.

«Muntaketan eta desmuntaketan amikuztar gazteria sakon inplikatzea espero dut, eta utziko diren aztarnak nonbait festibalak erakusten dituen balio guziak izango direla, gure eskualdean heda daitezen»

Amikuztarrek baduzue talde bat EHZri zuzendua?

Jakin genuen Irisarrin azken urtea izanen zela. Lehen urratsa guk egin genuen festibalari so, amikuztar euskaldun gazte gisa, ea festibala interesatua izan zitekeen Amikuzera etortzeko. Hainbat bilkura, proposamen eta herri ikusi eta gero, hilabeteak pasatu dira, eta azkenean Amikuzen izanen da festibala; beraz, nonbait talde ezberdinetan sartu gara, derrigorrezkoa baita inplikazioa erakustea festibalean.

Festibalak hiru egunez harago zer utziko du?

Muntaketan eta desmuntaketan amikuztar gazteria sakon inplikatzea espero dut, eta utziko diren aztarnak nonbait festibalak erakusten dituen balio guziak izango direla, gure eskualdean heda daitezen: balio feministak, ekologistak... Errespetuaren balioak.

Lehenagotik anitz amikuztar ari zirena EHZn?

Lagunak ibiltzen ziren; beraz, badakizkit gauza batzuk. Baina hor belaunaldi berri bat bada, zeinari beharbada inplikatzea gutxiago gustatzen zaion.

Ikusten dituzu amikuztarrak beren izena ematen laguntzaile izateko?

Bai, nire inguruko anitzek izena emana dute laguntzaile izateko.

Amikuzeko dinamika kulturala agertuko dea jaialdian?

Baditugu musika talde batzuk Amikuzen, baita pertsona ere batzuk hitzaldiak ematen dituztenak. Bai, amikuztarrek eginen dituzte proposamen kulturalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.