Zinema estreinaldiak

Amatasunik ezaz

Liliana Torresek idatzi eta zuzendu duen laugarren film luzea da 'Mamífera', haurdunaldia eten nahi duen emakume batek erabakia hartzeko igaro behar diren 72 orduetan bizi behar dituenei buruzko istorioa.

Liliana Torresen 'Mamifera'  film luzeko irudi bat
Liliana Torresen 'Mamifera' film luzeko irudi bat. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko apirilaren 24a
05:05
Entzun

Lolak 40 urte dauzka, eta pozik dago bere bizitzarekin. Arte irakaslea da unibertsitatean, eta lagun talde polita du. Bikotekide Brunorekin eta bien txakur itsuarekin bizi da, Cleorekin. Lolak collageak egitea gustuko du, eta beganoa da. Artez, maitasunez eta laguntasunez beteriko egunak bizi ditu. Erabaki du haurrik ez izatea, zoriontsua da hartutako erabakiarekin, eta, aldi berean, lagunen eta ahizparen haurrentzat maitasuna besterik ez du. Bere bizitzak asebete egiten du Lola. 

Tripako mina dela eta, medikuarenera joango da Lola, eta esango diote haurdun dagoela, hamar asteko. Abortatu nahi duela erabakiko du hark, baina legeak behartu egingo du haurdunaldia eteteko erabakiari buruz 72 orduz hausnartzera –lege hori indargabetua da 2022tik–. 

Liliana Torres zuzendari katalanaren laugarren film luzea da Mamífera. Texasen egiten den South by Southwest (SXSW) jaialdian estreinatu zen joan den martxoan, eta Maria Rodriguez Sotok epaimahaiaren sari berezia jaso zuen antzezpenarengatik. 

Mamífera-k emakumearen autonomiaz dihardu; norberaren gorputzaren inguruan erabakiak hartzeko autonomiaz. Emakumeek ama izateko jasotzen duten etengabeko presioa aztertzen du filmak, eta nola dena kolokan jartzen den ama ez izateko erabakia hartua duen emakume bat haurdun gelditzean, baita gertukoenen ulergarritasuna ere. Torresek errealitate baten —ama izan nahi ez dutenen errealitatearen— estigma amaiarazi nahi izan du Lolaren istorioarekin, eta ispilu izan bakarrik sentitu izan diren emakume horientzat. Amatasunik ezaz hitz egiteko ateak ireki nahi izan ditu zinemagile katalanak, erreparo eta errezelorik gabe. Zinemagilearen ustez, oso intimoa eta pertsonala den erabaki bat da haurdunaldia etetea, askotan zalantzan jartzen dena, eta azalpenik eman behar ez izateko eskubidea aldarrikatzen du. 

Torresek tonu serio batean landu du gaia, eta, Lucia C. Pan argazki zuzendariaren laguntzaz, errealismo sentsazioa transmititzen duen kontakizuna eraiki du. Katalanak ez du kontatu nahi izan, makina bat aldiz ikusi ditugun komedien antzera, ama izateko «behar dena» ez duen emakume kaotiko baten istorioa. Lolak bizitza eroso bat du, lan egonkor bat, bikote maitakorra eta babesten duen lagun taldea. Emakume goxoa da, zentzuduna, eta haurrak gustuko ditu. Gizartearen ustez, ama izateko primerako hautagaia da. Eta, beraz, istorioaren pisua emakumearen borondateak darama, emakumearen erabakitzeko gaitasunak. Kuestionatzen den gaitasun batek, zalantzan jartzen denak, hauskorra denak. 

 

'mamífera'

BESTE ESTREINALDI BATZUK

Paola Cortellesiren C'è ancora domani filmeko irudi bat.
Paola Cortellesiren C'è ancora domani filmeko irudi bat. BERRIA

'C'è ancora domani'

1940eko hamarkada, Italia. Udaberria da, eta familia guztia aztoratuta dago Marcella alaba nagusia ezkontzeko konprometituko delako. Marcellak Giuliorekin, erdi mailako klaseko mutil atsegin batekin ezkontzea besterik ez du espero, azkar ezkontzea eta familia deseroso horretatik libratzea.

'C'è ancora domani'


'Ryūichi Sakamoto | Opus' 

Ryuichi Sakamotoren azken emanaldia, soilik bera eta bere pianoa azaltzen diren kontzertua; hil aurretik eman zuen azkena. 

'Ryūichi Sakamoto | Opus'

 

'Àma Gloria'

Cleok sei urte ditu, eta munduan beste ezer baino gehiago maite du bere zaintzaile Gloria. Gloriak Cabo Verdera itzuli beharko du bere haurrak zaintzera, eta biek ahalik eta etekinik handiena atera nahiko diote elkarrekin egingo duten azken udari.

'Àma gloria'

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.