KRITIKA. Musika

Altzairuzko ezkutua

Judas Priest
2024ko apirilaren 21a
05:05
Entzun

JUDAS PRIEST

'Invincible Shield' 

Diskoetxea: Columbia-Epic.

Britainiarrek pasa den urrian Panic Attack izeneko lehen singlea sarean argitaratu zutenean, heavy metal eszena egurtuko zutela aurreikus zitekeen. Hala, bada, diskoko lehen hiru kantuetan gitarra solo irudimentsuen erakustaldiak, erritmo sekzio konpaktuak eta ahotsaren kuraia bereziak Painkiller diskoko garai mitikoak gogorarazten dizkigute. Bata, aipatu Panic Attack lehen singlea; bigarrena, The Serpent and the King bizkor eta ausarta (akaso apur bat ezberdina, konplexua eta sasi-progresiboa) eta hirugarrena Invincible Shield mastodonte garaiezina: soinu ahalguztiduna, gitarra bikiak, ahots bikoiztua... sei minututik gorako gozamen geldiezina. Judas Priestek aurtengo diskorik onenetakoa argitaratu berri du, eta freskotasuna eta giharra erakutsi ditu (gutxienez) azken hogei urteotan atera duen lanik onenarekin. Honela, Iron Maiden eta, zer esanik ez, Metallica gainditu dituzte, eta metalaren tronua erreklamatzera datoz. Norberak egin beza bere hautua, baina ez didazue azken hamarkadetan atera duten onenetakoa denik ukatuko, bederen.

Lan honek hainbat sorpresa dakartza, gainera. 1970eko urteetan egiten zuten metal konplexurako itzulera dela ere esan liteke, nahiz eta garai hartako gogortasunera ez diren iristen. 1980ko hamarkadako Judas guztiahaldunak maite dituztenentzat ere errepika kutsakorrak ez dira falta: Devil in Disguise dugu horren adibiderik garbiena. Baina Crown of Horns-etik aurrera datorrenak melodien tratamendu oso berezia dakar, Birminghamekoen historian berritasun harrigarria dakarten hainbat pieza direla eta. Horren aurretik, Gates of Hell ere hedakorra da, baina gehiago du 70eko edo 80ko urteetako hard-rock taldeen errepiketatik Judasen berezko iturritik baino. Hein batean, disko osoan entzun ditzakegun gitarra solo koloretsuek ematen diote osotasuna. 2011n taldean sartu zenetik Richie Faulkner gitarra joleak inoiz egin duen lanik osatuena dugu hau, bide batez.

As God Is My Witness, bere soinu gaurkotuarekin ere, funtsean metaleroa da. Andy Sneapen ekoizpena borobila da inondik ere; modernoa eta, era berean, klasikoa, baina freskura gozagarria daukana. Trial by Fire-k ere garbitasun berri bat dakar diskora. Escape from Reality guztiz barrokoa da: errepika retro-futurista eta giro epikoa direla eta, 1982ko Heavy Metal filmeko soinu bandan ere egon zitekeen. Sons of Thunder motza baina oso zuzena da, erregai asko daukan bolido boteretsua.

Klasiko kutsua dauka azken kantuak ere: Giants in the Sky, nahiz eta hirugarren minutuko geldialdiak berezi egiten duen. Ondorengo garapen instrumentalak amaiera ezin hobea ematen dio lan harrigarri honi. Rocka Rolla argitaratu zutenetik 50 urte pasatu diren honetan, maila honetako lan bat grabatzeak badu meritua. Soinuaren kalitateak, haren modernotasunak eta garbitasun berri honek bat baino gehiago harrituko du. Baliteke melodien erabilera berri hau Ghost taldearen eragina ere izatea... betiere berezkoa duten nortasuna alde batera utzi gabe, noski. Ekainean Iruñean disko honetako kanta asko jo ditzaten nahiko genuke, nahiz eta agian bizpahirurekin konformatu beharko dugun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.