Musika

Adrianne Lenker, kantuaren alde

Denboraren igarotzeaz mintzo den diskoa atera berri du Big Thief taldeko abeslariak: 'Bright Future'.

Adrianne Lenkerren bosgarren diskoa da 'Bright Future'.
Adrianne Lenkerren bosgarren diskoa da 'Bright Future'.
mikel lizarralde
2024ko apirilaren 21a
05:20
Entzun

Bakarka edo talde baten babesean. Adrianne Lenker musikariak (Indianapolis, AEB, 1991) arazorik gabe egiten du salto formatu batetik bestera, eta horrek ez du eragiten idazteko duen eran. Kantuak egiten ditu. Besterik gabe. Eta ondoren erabakitzen du taldearentzat izango diren edo beretzat gordeko dituen. Big Thief taldeko kide baita Lenker, eta New Yorkeko banda horrek azkeneko urteetan izan duen oihartzunak —batik bat 2019an XXI. mendeko folkaren bi disko ezinbesteko kaleratu zituenetik, UFO eta Two Hands—, lehen mailan jarri baitu Lenker. Berak, ordea, segitzen du lehen bezala lanean. Kantuak egiten. «Idatzi egiten dut, besterik gabe, eta gero erabakitzen dut zein izango den bandarentzat eta zein niretzat. Horrek ez du eragiten konposatzeko orduan». Lenkerrek orain dela aste gutxi batzuk kaleratu du bere bakarkako azken diskoa, Bright Future, folkaren eta country ahaireen artean mugitzen den lan soil bezain sentikorra.

Bright Future Lenkerren bakarkako bosgarren diskoa da —Stages of The Sun-ekin estreinatu zen 2006an, eta Songs and Instrumentals lan bikoitza du azken-aurrekoa (2020)—, eta ez da orain arte egin duen bidetik gehiegi aldentzen, nahiz eta lanari berezko nortasuna ematen dioten elementuak ere biltzen dituen. Izan ere, Bright Future ez zen sortu disko bat izateko ideiarekin. 2022ko udazkenean, Lenkerrek bere hiru lagun musikari —Nick Hakim, Matt Davidson eta Josefin Runsteen— elkartu zituen Ingalaterra Berriko baso baten erdian eraikitako estudio analogiko batean, eta han, gitarra, piano, biolin eta perkusio leun batzuekin, zuzenean jo, eta zintan grabatu zituen hogeitik gora kantu. Jotzearen plazer hutsez. «Batzuetan amets bat daukat, eta hori esploratzen saiatzen naiz, eta gustatzen zait hori musikari ezberdinekin egitea, horrekin asko ikasten baituzu. Ondo datorkit jende desberdinarekin jotzea: osasungarria da. Baita batzuetan bakarka aritzea ere. Pertsona gisa, behar ditut ikuspuntu ezberdin horiek», azaldu berri du Mondosonoro aldizkariari emandako elkarrizketan.

Disko bat osatzeko asmorik gabe grabatutako hogeitik gora kantu haietatik hamabik bukatu dute, azkenean, Bright Future-n. Bilduma Real House piano zertzelada huts batzuekin jantzitako kantu minimalistarekin hasten da. Lelo jakin bati muzin eginda eta amari mintzatuta, haurtzaroko eta nerabezaroko oroitzapenak aletzen ditu bertan Lenkerrek, egunkari bat idazten ariko balitz bezala. Bidaia bat proposatuko balu bezala, diskoa pianoarekin lagundutako beste kantu batekin ixten da (Ruined), baina, hartan, behin eta berriro —aldaketa txiki batzuekin— errepikatzen duen leloa bilakatzen da piezaren indargune nagusia.   

Familia eta natura

Diskoa hasi eta bukatzen duten bi baladek bildumaren tonu intimoa zehazten dute. Hala ere, Bright Future bi pieza horiek adierazten duten baino lan melodikoagoa eta alaiagoa da, eta, batik bat, gertutasuna eta berotasuna transmititzen du. Horren adibide garbiak dira Free Treasure bi ahotsetara abestutako kantua, zeinetan maitasun onartuak sorrarazten duen poztasunari kantatzen baition, eta Sadness as a Gift, tristeziaren balioa nabarmentzen duen country ukituko pieza ederra.

Badira diskoan pop-folkera hurbiltzen diren piezak (Fool), eta baita kanpaleku batean abesteko idatziak diruditenak ere (Already Lost) —Big Thiefek kontzertu batzuetan ere jotzen du—. Gainera, talde horren kantu ezagunenetako bat ere berreskuratu du bertsio oso biluzi batean: Vampire Empire

Lenkerrek denboraren igarotzeaz eta horrek harremanetan eta naturan eragiten duenaz hitz egiten du Bright Future-n. Amorrurik gabe, baina zalantzak azalduz. «Pentsatzen dugu gizateria guztiaren gainetik dagoela, eta, egiatan, guk geuk dugu asko ikasteko zuhaitzengandik eta animaliengandik». 

Bright Future kaleratzearekin batera, Lenkerrek sei kantu zabaldu ditu bere Bandcamp kontuan, Palestinako haurrentzat dirua biltzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.