Uda «ikusleen alboan» pasatu nahi du ETBk

Anabel Arraizak eta Agus Barandiaranek erromerien inguruko saio berri bat gidatuko dute uztailaren 7tik aurrera, ETB1en.

ETBren udako programazioa aurkeztu dute Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
ETBren udako programazioa aurkeztu dute Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko ekainaren 27a
16:00
Entzun

«Erromeriak tradizio handiko ohitura dira Euskal Herrian. Eta gure saioaren helburua izango da erromeriak barrutik ezagutzea, kontuan hartu behar baita tradizio horiek mantendu badira herritarren arteko loturari esker mantendu direla». Hala esan du Anabel Arraizak ETB1eko Erromerian saioaren inguruan. Uztailaren 7an estreinatuko dute saioa, eta hori izango da uda honetan ETBk emango duen euskarazko programa berri bakarra. «Ikusgaitasuna eman nahi diegu erromeriei: lekukotzak jasoko ditugu, bizipenak...», dio Arraizak. Harekin batera, Agus Barandiaran musikaria ariko da saio berrian gidari: «Erromerietan barna ibili izan naiz, eta erromerietan gertatzen dena ikusleei helaraztea da asmoa. Bermeoko [Bizkaia] Gaztelugatxen izan ginen, sanjoanetako erromerian, eta hura izan zen lehena. Hamaika istorio kontatuko ditugu». Arraizaren arabera, erromeriak «leku jakin batekin errotuta» egoten dira, eta inguru horiek ere pantailan ikusiko dira. «Pasadizo ezezagunak jasoko ditugu». Igande gauetan emango dute saioa —Herri txiki, infernu handi-ren tokia beteko du—. Besteak beste, Lakuntzan (Nafarroa), Santurtzin (Bizkaia) eta Zumarragan (Gipuzkoa) ibiliko dira. Irudi ikusgarriak lekukotzekin eta dantza emanaldiekin tartekatuko dituzte programa berrian.

Udan ere zure alboan lelopean, ETBk Donostian aurkeztu du udako programazioa. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak atzera begiratzeko aukera baliatu du: «Esaten da telebista tradizionala indarra galtzen ari dela. Hori egia da, baina, zorionez, ez Euskal Telebistaren kasuan. 2024. urtea primeran doa: urtarriletik maiatzera arteko datuak aintzat hartuz, ETB1ek %11 egin du gora». Nazioartean ETBk hainbat sari jaso dituela ere nabarmendu du Iparragirrek. «Udako programazioari dagokionez, ETBk batez ere entretenimenduan izan nahi du erreferentea. Kultur eta kirol ekitaldietan izango gara, jaien berri emango dugu, eta gastronomiari tartea eskainiko diogu. Ikusleen alboan egon nahi dugu».

ETB1eko Gora bihotzak saioak iazko udako formatua berreskuratuko du. Datorren astelehenean hasi eta irailaren amaiera arte, Bilboko Erriberako merkatuko tabernan egingo dute —astelehenetik ostegunera, 21:30ean—. Iaz, Julen Telleria eta Miren Nogales aritu ziren aurkezle; uda honetan, Nogalesek jarraituko du, baina Telleriaren lekua Egoitz Txurrukak beteko du.

(ID_14021961) Anabel Arraiza eta Agus Barandiaran \'Erromerian\' saioko gidariak
Anabel Arraiza eta Agus Barandiaran 'Erromerian' saio berriaren gidariak. GORKA RUBIO / FOKU

Jaiek, ohiko moduan, presentzia nabarmena izango dute ETB1eko programazioan: uztailaren 6an Iruñeko sanferminetako txupinazoa aurkeztuko dute Iban Garatek eta Ilaski Serranok, eta Garatek entzierroen kontakizuna egingo du goizero (07:30). Serranok Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietako suak aurkeztuko ditu, Klaudio Landarekin batera —askok aurkakoa pentsatu arren, lehen aldia izango da Serranok eta Landak elkarrekin saio bat aurkezten dutena—.

Joseba Argiñano Sukalerrian saioa, bestalde, uda honetan Getariako (Gipuzkoa) Askizu auzoan egingo dute.

Kirol eskaintza oparoa izango da ETB1en uda honetan: larunbatetik aurrera, ETB1ek Frantziako Tourreko etapak emango ditu, baita estropadetako denboraldi osoa ere. Astelehenean hasi eta abuztuaren 5era arte, bestalde, ETB1ek Plazandreak pilota saioa emango du.

Bi saio berri ETB2n

ETB2 kateak bi saio berri estreinatuko ditu uda honetan: La otra cara —uztailaren 8an— eta La calle sin gobierno —uztailaren 11n—. Leire Torrek aurkeztuko du La otra cara, eta bertan «telerrealitateko erreportajeak» egingo dituzte. «Udaren atzeko aldea erakutsi nahi dugu; adibidez, sanferminak nola prestatzen dituzten. Herritarren istorio bereziak ezagutu ahalko dira saio berrian». Bestetik, Xabier Garcia Ramsdenek aurkeztuko du La calle sin gobierno —arratsaldetako Quédate gidatzen ere jarraituko du—. Iragarri duenez, saio horretan «esperimentu soziologiko bat» egingo dute: Balmasedako (Bizkaia) kale bateko bizilagunei ordaintzen duten zergen dirua itzuliko diete, baina erakundeek eskaintzen dizkieten zerbitzu publikoak kenduko dizkiete. Horrenbestez, sei astez elkarlanean egin beharko dute auzoaren kudeaketa. Erresuma Batuko BBCren formatu batean oinarrituta dago; Italiako RAIn ere egin zuten.

ETB2 kateko programaziora bi lehiaketa itzuliko dira: Oído cocina —uztailaren 3an— eta Esta casa es una mina —abuztuaren 22an—. Aitana Avilak aurkezten du lehena, eta Julian Iantzik bigarrena. A bocados gastronomia saioa, bestalde, hiru tokitan egingo dute uda honetan: Donostiako eta Bilboko Abba hoteletako terrazetan eta Ullibarri Ganboako (Araba) klub nautikoan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.