‘The Washington Post’ egunkariak krisi betean eta zuzendari bila segitzen du

Robert Winnettek izan behar zuen zuzendari berria, baina dimisioa eman du. Egunkariak berak argitaratu du Winnetti buruzko ikerketa bat: haren etika falta salatu dute, eta lapurtutako informazioa erabiltzeaz akusatu dute.

'The Washington Post' egunkariaren egoitza nagusia. MICHAEL REYNOLDS / EFE
'The Washington Post' egunkariaren egoitza nagusia. MICHAEL REYNOLDS / EFE
enekoitz telleria sarriegi
2024ko uztailaren 2a
05:00
Entzun

Ez dira The Washington Post egunkariaren betiko garai onenak. AEBetako eguneroko historikoa burua altxatu ezinda dabil aspaldian. 77 milioi dolarren galerak izan zituen iaz (72 milioi euro), borondatezko 240 irteera negoziatu dituzte aurten, eta kaleratutakoak ere izan dira beste hainbat. 50 urtean lehen aldiz, greba deialdi bat ere egin dute langileek. Jeff Bezos jabe berriak 2013an erosi zuen egunkaria, zulotik atera nahian, baina asmatu ezinda segitzen du. Azken kapitulua: AEBetako hauteskundeen ostean zuzendari berria izan behar zuenak, Robert Winnettek, atzera egin du, eta dimisioa eman. Egunkariak berak argitaratu du Winnetti buruzko ikerketa bat: haren etika falta salatu dute horretan, eta lapurtutako informazioa erabiltzeaz akusatu.

Geroz eta korapilo gehiago dituen mataza bihurri bat bihurtu da The Washington Post. Ekainaren hasieran eman zuen dimisioa Sally Buzbeek, egunkari horrek izan duen lehen emakumezko zuzendariak. Hiru urtez aritu da lantegi horretan, baina ezadostasun nabarmenak izan ditu Will Lewis editore iritsi berriarekin, eta kargua uztea erabaki du. Kontua da Will Lewis berari buruz ere zalantza asko egon direla The Washington Post-en: Erresuma Batuko The Daily Telegraph egunkariko zuzendaria izan zen Lewis, eta haren kazetaritza egiteko moduak dudan jarri izan dituzte askok.

Izan ere, badago oinarrian AEBetako eta Erresuma Batuko kazetaritza ereduei buruzko eztabaida ere. Robert Winnett zuzendari berriak ere The Daily Telegraph egunkaritik iritsi behar zuen, eta egunkari horretako egungo zuzendaria izan zen bere langileei mezu baten bidez abisua eman zien lehena: «Jakinarazi nahi dizuet Rob Winnettek gurekin gelditzea erabaki duela. Guztiok dakizuen moduan, talentudun pertsona bat da, eta haiek galtzen dutena guk irabazten dugu».

Washington aldean ez dute gauza berbera pentsatzen. Egunkariak argitaratutako erreportaje horretan diote zuzendari berria izan behar zuena John Ford izeneko detektibe pribatu eta lapur batekin elkarlanean aritu izan zela urtetan. Winnetten «enkarguz» lapurtzen ei zituen Fordek informazioa eta bestelakoak, eta kazetariak esklusibak emateko erabiltzen zuen gero material hori guztia: Lees United futbol taldeari buruzkoak, Tony Blair lehen ministro ohiari buruzkoak... John Fordek berak eman zuen horren berri, The Guardian egunkariak egindako elkarrizketa batean.

The Washington Post-eko kazetariek, gainera, euren zuzendari izan behar zuen horrengana ere jo dute pieza osatzeko eta kontrastatzeko, baina erreportajean diote Winnettek «uko» egin diola haien galderak erantzuteari. Ez hori bakarrik: Will Lewis euren egungo editoreari ere galdetu diote aferari buruz —Winnettek eta Lewisek elkarrekin egin zutelako lan The Sunday Times egunkarian, Winnettek esklusiba haiek eman zituen garaian—, baina editoreak ere ez du ezer esan nahi izan.

Aurrera begira, zer?

Korapilo horiek guztiak askatu arte, etorkizun zaila dauka The Washington Post-ek. Matt Murray izeneko kazetari beteranoa eta The Wall Street Journal-eko editore ohia ari da behin-behinean zuzendari lanetan, eta bera izan da iristekoa zen zuzendariari eta egungo editoreari buruz argitaratu dituzten erreportaje horiei bide eman diena. Langileek modu anonimoan hitz egin dute. Batetik: «Guk lanean jarraitzen dugu, baina ez da erraza halakoekin kontzentratzea». Bestetik: «Gure lankideek nagusien kontra idatzitako lan hori benetan harro egotekoa da».

Jeff Bezos egunkariko jabeari dagokio orain erabakiak hartzea, eta erabaki beharreko lehenengo gauza da Will Lewis editore eta kontseilari ordezkaria babesten jarraituko ote duen. Winnett zuzendari berriak hasi aurretik dimisioa eman zuela jakin eta egun batzuetara zuzendaritzako kideei mezu bat bidali zien Bezosek: «Egunkariaren kazetaritza estandarrak ez dira aldatuko». Eta askoren ustez, horrekin aditzera eman du Lewisek bere karguan jarraituko duela, eta beste zuzendari baten bila segituko duela. Alegia, aurki iritsiko dela beste kapitulu bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.