Prentsa askatasuna

Kazetariak babesik gabe daudela salatu dute Prentsa Askatasunaren Egunean

Munduko kazetari elkarte ugarik prentsa askatasunaren egoeraz ohartarazi dute. Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dute azkeneko hilabeteetan ehun kazetari baino gehiago hil dituztela Palestinan.

Pablo Gonzalez kazetariaren aldeko elkarretaratze bat, Madrilen, otsailean. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Pablo Gonzalez kazetariaren aldeko elkarretaratze bat, Madrilen, otsailean. RODRIGO JIMENEZ / EFE
urtzi urkizu
2024ko maiatzaren 3a
17:00
Entzun

«Estatuek eta botere politikoek gero eta gutxiago babesten dute prentsa askatasuna. Batzuetan, kazetarien lana bera ere auzitan jartzen dute. Kazetaritza duina oinarrizko baldintza da sistema demokratiko batentzat eta askatasun politikoen bermerako». Mezu hori zabaldu dute gaur Mugarik Gabeko Kazetariek Munduko Prentsa Askatasunaren Egunean. Herrialde askotan izan dira ekitaldiak prentsa askatasunaren egoeraren berri emateko edo protesta egiteko. Euskal Herriko kazetari bat, Pablo Gonzalez, Poloniako espetxe batean dute preso. Haren askatasuna eskatzeko eta 796 egunez «bahituta» dagoela salatzeko, EITBko langile batzordeak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon.

Palestinako egoera erakunde askoren ahotan izan da egun horren harira. Unescok Gazan lanean ari diren Palestinako kazetariei eman die Guillermo Cano Prentsa Askatasunaren Saria. Naser Abubaker Palestinako Kazetarien Sindikatuko presidenteak jaso du saria, Txileko hiriburuan, Santiagon. «Pozik eta harro nago sariarengatik, baina tristura dut hainbeste kazetari hil dituztelako». Azaldu duenez, Gazan hildakoen eta suntsiketaren erdian egin dute eta egiten dute lan kazetariek, «muturreko hotza, gosea eta egarria» sufrituz.

Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dutenez, bestalde, nazioarteko komunitateak ez ditu kazetariak babesteko printzipioak aplikatu Palestinan. Israelgo armadak Palestinako ehun kazetari baino gehiago hil ditu urritik hona. Mugarik Gabeko Kazetariek prentsa askatasunaren zerrenda bat egin ohi du munduko 180 herrialderekin, eta Palestina 157. tokian da.

Zerrenda horretan, Errusia 161. tokian da. Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, Errusiako Gobernuaren eragina eta «bere propaganda» beste herrialde batzuetara zabaldu da; Bielorrusiak hamar postu egin du behera zerrendan, eta 167. tokian da. Azerbaijanek, berriz, hamahiru postu galdu ditu, eta 164. tokian da. Kontrara, Ukrainak hemezortzi postu egin ditu aurrera, eta 61. tokian da. Txostenaren arabera, «esku sartze politikoak» gutxitu egin dira Ukrainan azkeneko urtean. Azken hori baieztatzea zalantzazkoa izan daiteke, beste erakunde eta kazetari batzuek esaten dutena aintzat hartuz gero. Mugarik Gabeko Kazetarien zerrendako azkeneko hiru postuetan Afganistan —talibanek boterean daudenetik okerrera egin du prentsa askatasunak—, Siria eta Eritrea daude. Afrikako herrialde hori da azkena, «informazioaren basamortua» bizi baitu azkeneko urteetan.

Europako egoera

Mugarik Gabeko Kazetarien zerrendaren arabera, prentsa askatasunaren arloan osasunik hoberena Europako hiru herrialdek dute: Norvegia da lehen tokian, Danimarka bigarrenean, eta Suedia hirugarrenean. Frantzia 21. tokian ageri da, Erresuma Batua 23.ean, eta Espainia 30.ean. Europako Batasuneko herrialdeen artean, posturik txarrenak Hungariak (67.a), Maltak (73.a) eta Greziak (88.a) dute. Txostenaren beste kontraesan bat Polonian islatzen da: hamar postu hobetu dituela jasoa dago txostenean, baina Pablo Gonzalezek kartzelan dago oraindik ere, eta ez du epaiketarik izan.

Europako Askatasun Zibilen Batasuna erakundeak (Liberies), berriz, salatu du komunikabideen askatasunak okerrerantz egin duela Europa Batasuneko herrialde guztietan. «Hedabideen jabetzan kontzentrazio handia dago, jabetzaren gardentasunari buruzko arau desegokiak daude, eta hedabide publikoen independentziari mehatxu ugari egiten zaizkie», erakunde horrek salatu duenez.

Kazetarien Euskal Elkargoak agiri bat plazaratu du Prentsa Askatasunaren Munduko Egunarekin bat egiteko. Kazetarien lanbidea «duintzeko» deia egin du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kazetariak ordezkatzen dituen elkargoak. «Gure gizarteak kazetari gehiago eta hobeak behar ditu eremu publikoan gertatzen denaren egia ezagutzen eta argitzen jarraitzeko. Hori ez da beti zorroztasunez eta naturaltasunez ikusten», azaldu du elkargoak. «Ekosistema digital osasuntsua sustatzeko beharra nabarmendu nahi dugu; gorroto mezuak eta albiste faltsuak zabalduz sumindura eta desinformazioa sustatuko ez duen ekosistema bat. Desinformazioari kazetaritza profesional, aske eta kalitatezkoarekin bakarrik egin dakioke aurre».

Prentsa askatasunarekin lotutako protesta jendetsu bat izan da, bestalde, Bratislava hirian. Milaka herritarrek Eslovakiako RTVS telebista kate publikoaren itxiera salatu dute. Herrialde horretako gobernuak beste telebista batekin ordezkatu nahi du aurreko kate publikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.