Hemezortzi urteren ostean, Espainiako Liga ETB1en

Euskarazko kateak euskal taldeen partidak emango ditu astelehen gauetan, zuzenean. Lehena, datorren astelehenean: Rayo-Osasuna.

Rayo Vallecano-Osasuna partida bat. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Rayo Vallecano-Osasuna partida bat. RODRIGO JIMENEZ / EFE
urtzi urkizu
2024ko irailaren 11
15:00
Entzun

Hainbat urtez, ETB1 kateak Espainiako Ligako futbol partidak eman zituen larunbat gauetan. Ordainpeko konpainiak sartu ziren gizonezko futbolaren negozioan, eta euskarazko katea futbolik gabe gelditu zen. Baina EITBk akordio bat erdietsi du, eta, datorren astetik aurrera, euskal taldeek astelehenetan 21:00etan jokatzen dituzten partidak zuzenean emango ditu ETB1ek. Lehena, Rayo Vallecano-Osasuna lehia izango da, Madrildik. Osasunaren partidetan Oier Sanjurjo jokalari ohia ariko da aditu gisa, eta emankizuneko esatariak Naxari Altuna eta Jon Elortza izango dira. Osasunarekin batera, Realaren, Athleticen eta Alavesen astelehenetako lehiak emango dituzte euskaraz.

Joseba Urkiola EITBko Kiroletako zuzendariak lorpen garrantzitsutzat jo du futbola berreskuratzea. «Ia hogei urteren ostean, EITBn euskaraz Lehen Mailako futbola ikusi eta entzun ahal izango da. Hori guretzat gauza berezia da, eta pribilegiatu sentitzen gara. Gure apustua argia da gure kirolekin. Ikusi besterik ez dago frontoiko kiroletan, herri kiroletan eta arraunean eman ditugun pausoak, baita txirrindularitzan ere. Guretzat oinarri eta puntu garrantzitsua dira. Baina futbolak badu zerbait berezia». EITBko arduradunak gogoratu du emakumezkoen liga urte askoan eman duela ETBk, eta horrekin jarraituko dutela. «Orain gizonen futbolarekin bat egingo dugu, eta guretzat garrantzitsua da. ETB1eko ikusleek goi mailako futbolariez gozatzeko parada izango dute». Euskaraz, gainera.

Espainiako Liga ETB1en. EITBren aurkezpena.
Espainiako Liga ETB1en emango dutela aurkeztu dute gaur. ETB

ETBk euskal taldeengan jarriko du arreta, eta haiei jarraituko die. Baina, horretaz aparte, Urkiolari iruditzen zaio ETBk lortu duena estrategikoa dela euskararentzat eta gazteentzat. «Ia hogei urteren ostean, berriro ere gazteek bat egingo dute hainbeste jendek bat egiten duen entretenimenduarekin, eta euskarak bizirik jarraitzeko eta hura hauspotzeko pieza garrantzitsua iruditzen zaigu hori». Aintzat hartu behar da urte askoan euskaldunek Espainiako Liga beste hizkuntza batean ikusi behar izan dutela. Edonola ere, egun, euskal taldeen lehiak euskarazko kontakizunarekin ikusteko aukera dago DAZN ordainpeko plataforman.

Azkeneko urteetan, Espainiako Kopako finalerdi eta final batzuk ETB1en euskaraz ikusi ahal izan dira. «Horietan, gazte askok egin dute bat gure emankizunarekin», esan du Urkiolak. «Urte askotako lanketa dago atzetik; hizkuntza batena, kontatzeko modu batena eta gauzak esan eta bizitzeko modu batena». EITBko Kiroletako arduradunak nabarmendu du taldeak «esfortzu handia» egin behar izan duela astelehen gauetako partidak ematea lortzeko.  

Alavesek jokatzen dituen lehietan, Juanan Larrañagak parte hartuko du aditu gisa. Realaren eta Athleticen partidetan, berriz, ez dute erabaki oraindik nor ariko den Naxari Altuna eta Jon Elortzarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.