Lide Hernando.
'Ekografiak'

Etxeko goxotasunean esaten direnak

2024ko irailaren 12a
05:00
Entzun

Bi emakume eta egongela bat. Benetako etxe bateko egongela izan ala ez, inguruan agertzen den guztiak etxeko goxotasunean daudela pentsatzera garamatza: erosoak diruditen sofak, argi goxodun lanparak eta loredun koadroak, pastel tonuak. Aldiro-aldiro, pantailaren ezkerreko aldean agertzen dena Nerea Alias da, elkarrizketatzailea, alegia. Eskuinean agertuko den emakumea, noski, aldatu egingo da atalez atal.

Ingurua deskribatuz jada Primeran plataforman berriki aurkeztu den Intimitatean saioak bere burua justifikatzen duela uste dut. Espazio intimoa sortu asmoz egin dute saioa, eta hori transmititu egiten da. Elkarrizketatu guztiak emakumezkoak dira –hamar guztira–, nahiz bakoitza adin eta ogibide aldetik ezberdina izan eta, ondorioz, baita esateko dutenetik ere. Imajinatzen dut –eta espero dut hau gaizki ez hartzea, nahiko agerikoa baita hala izan dela– Vicky Martin Berrocalek zuzendutako eta Podium Podcasten eta Youtuben ikusgai dagoen A solas con saiotik hartu dutela inspirazioa. Eta Berrocalek eta Aliasek ere komunean hainbat gauza dituztela nabaria da: elkarrizketa informalerako gaitasuna, zurrumurrurako joera txiki bat, eta enpatiatik abiatutako erosotasuna transmititzea.

Orain arte hiru atal bakarrik atera dira –gaur justu laugarrena irtengo da, baina ez dut ikusteko tarterik izan–; gainontzekoak astean behin argitaratuko direla dio plataformak. Lehenengoak izan diren Leire Martinez, Aitziber Garmendia eta Miren Nogalesen kasuan, gustatu zait euren fatxadatik atera eta gauza barrukoagoak kontatzera ausartu izana. Horrek egiten du, azken finean, saioa interesgarri. Hala ere, esango nuke hogei minutuko atalak motz gelditzen direla gai hauen inguruan hitz egiteko; behin gauza sakonez hizketan hasi eta, halabeharrez, gaiez aldatu behar izaten baitu elkarrizketatzaileak, iraupen horretan jorratu behar duten guztia jorratzeko. Primeran-ek akaso ez du oraingoz saio luzeagoen aldeko apustua egin nahi, jendea aspertuko delakoan. Baina, hemen behintzat, bada pertsona bat atalak motzegi gelditu zaizkiona, eta imajinatzen dut beste batzuk ere izango direla.

Laburrak izan ala ez, egia da gehiago ikusteko gogoarekin gelditu naizela; eta hala egingo dudala datozen asteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.