Telesailak

'Doraemon', 'Sex Education', 'Lost' eta 'Friends', 2049. urtean behin eta berriz ikusteko

Euskadi Irratiko 'Baipasa' magazinaren 'Zer ikusi' atala jendaurrean egin dute, Santa Teresa komentuan. Crossover jaialdian, Danele Sarriugarte idazleak bere telesail kutunak zein diren azaldu du.

Ylenia Benito eta Danele Sarriugarte, atzo, Crossover jaialdian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ylenia Benito eta Danele Sarriugarte, atzo, Crossover jaialdian. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko apirilaren 25a
05:00
Entzun

Crossover jaialdiaren barne, Euskadi Irratiko Baipasa magazineko Zer ikusi tartea Donostiako Santa Teresa komentuan egin zuten atzo, zuzenean, jendaurrean. Olaia Urtiaga esatariak honako planteamendu hau egin zien solaskideei: «25 urte barru, gizarteak ahaztu egin du dena. Gizarte horrek soilik lau telesail ikusiko ditu aurrerantzean, behin eta berriz». Hori buruan zutela, programako kideek hiru telesail proposatu zituzten: Gaizka Izagirrek Dragoi bola aukeratu zuen lehenbizi, «euskarazko bertsioan»; Eider Saezek, Succession; Ibai Zabalak, Bojack Horseman; eta Urtiagak, Friends. Bigarren eta hirugarren telesailak aipatu zituzten gero. Han ziren entzuleek ere parte hartu zuten, eta une batean Saezek Maya erlea sartu zuen, Succession kenduz. Negoziazio gogorren ostean, denek 2049rako behin eta berriz ikusteko telesailak aukeratu behar izan zituzten. Azken emaitza, honako hau: «Lost, Friends, Sex Education eta Doraemon».

Iaz, saio berean historiako bost telesail «ezinbestekoak» adostu behar izan zituzten Crossoverren.

Ikusle gonbidatua tartean, bestalde, Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileak aitortu zuen koronabirusaren pandemian ohi baino telesail gehiago ikusi zituela. Ylenia Benitok gidatu zuen solasaldia, eta telesailen biografiaz galdetu zion. «Txikitan Doraemon eta Shin Chan ikusten nituen, baita Goenkale ere. Ally McBeall ere etortzen zait burura, nahiz eta haurra nintzela ikusi nuen». Abokatuen telesailak gogoko ditu idazleak, baina Friends ikusia du, baita House ere. «Aldiz, gogoan dut jendeak Lost pirateatu egiten zuela, baina ni izan nintzen Lost ikusi ez nuen bakarra». Kultuko telesailak gomendatu izan dizkiote, eta horien artean, Fleabag ikusi du. «The End of the F***ing World eta Hondar ahoak gomendatu izan ditut, baina jendeak ez du nigana jotzen telesailen gomendio bila. Aurreiritziak hausten dituzten telesailak gustatzen zaizkit». Bones, Castle, The Mentalist, Killing Eve eta beste telesail ugari ere ekarri zituen gogora.

Eguna amaitzeko, Sexua, intimitatea eta sare sozialak solasaldia egin zuten atzo, Santa Teresa komentuan. Red Flags telesailean (Atresplayer Premium plataforma) sexu eszenak nola grabatu dituzten aztertu zuten. Solaskideak telesaileko intimitate koordinatzaile Lucia Delgado eta Tabata Cerezo izan ziren, eta haiekin batera aritu zen Diego Rey aktore protagonistetako bat. Nahia Sillero aktoreak —Irabazi arte— egin zituen moderatzaile lanak. Solasaldi hori osorik ikus daiteke Crossoverren Youtubeko kanalean, baita egunotako ekitaldi guztiak ere.

Lucia Delgado, Diego Rey, Nahia Sillero eta Tabata Cerezo Crossover jaialdian.
Lucia Delgado, Diego Rey, Nahia Sillero eta Tabata Cerezo, atzo, Crossover jaialdian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Larunbatean amaituko da Crossover

Crossoverren zazpigarren aldiak azkeneko hiru egunak izango ditu gaur, bihar eta etzi. Ikusle gonbidatua tartean, euskarazko azken bi solasaldiak egingo dituzte; gaur Iker Garcia Barrenetxea marrazkilariarekin, eta bihar Andoni Munduate proiektu kudeatzaile eta ekintzailearekin. Etzi, azken egunean, bi telesail proiektatuko dituzte Tabakaleran: Without Sin (AXN) eta Las largas sombras (Disney Plus). Azken horren zuzendaria Clara Roquet da, eta aktore protagonistekin batera izango da Donostian telesaila aurkezten.

Elena Anaya, Marta Etura eta Itziar Atienza 'Las largas sombras' telesailean.
Elena Anaya, Marta Etura eta Itziar Atienza aktoreak, Las largas sombras telesailean. DISNEY PLUS

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.