gaizka izagirre
'Ekografiak'

Zubiaren azpian

2024ko irailaren 6a
05:00
Entzun

Ikasturte berria hasi da eta udazkeneko estreinaldiak ate joka ari dira dagoeneko. Iritsiko direnei heldu aurretik, ordea, udako motxilan sartutako eduki guztia bildu eta ikusitako telesailen artean gehien gustatu zaidana aipatzera nator: Mickey saguaren plataforman ikusgai dagoen Under the Brige.

Ikusten ari nintzela, Mare of Easttown, The Killing eta Sharp Objetcs telesailak etorri zaizkit burura; hiru horiek indartsuagoak iruditzen zaizkit, biribilagoak, baina antzekotasunak dituzte. Benetako kasu batean oinarritzen den miniseriea da honakoa: 1997an, Kanadako Victoria hirian, Reena Virk izeneko gaztea desagertu, eta handik ordu gutxira hilik azalduko da. Susmagarri nagusiak inguruan dituen lagunak dira; susmagarriak izateaz gain, ez dute ahuldurarik azaltzen.

Asko harrapatzen duen trama nagusi horren muinean, miniserie honek biziki interesgarria iruditu zaidan ikuspegi soziologiko bat ere eskaintzen du. Sistema eta gizarte akastun batek babesik gabe utzi dituen nerabeen bizitza birrindua erakusten du. Helduak Reenaren hilketaren basakeriari zentzua ematen saiatzen ari diren bitartean, telesailak gazteen perspektibak eta esperientziak ezagutzera gonbidatzen gaitu, eta horrek, ezinbestean, krimenean nahasita dauden gazteak ulertzeko moduan eragiten du. Asko txalotzen dudan beste zerbait: indarkeria bisualki ez nabarmentzeko hartu duten erabakia. Basakeriaz eta iluntasunez gainezka dago istorioa, latza eta gogorra da, baina, Sambre telesail bikainean egiten duten moduan —ikusi ez baduzue, ikusi, arren—, ez da esplizituki ezer ikusten; zerbait bai, baina beharrezkoa dena soilik, neurrian.

Pertsonaia ugari ditu istorioak, baina, Reena Virk hildako nerabeaz gain, Riley Keough eta batez ere Lily Gladstonen lanak nabarmenduko nituzke. Lehenak Rebecca Godfrey idazlea gorpuzten du —telesaila oinarritu den liburuaren idazlea—; idazketa prozesuan murgilduta dago eta jaioterrira itzuliko da zenbait elkarrizketa eta ikerketaren bidez liburua osatzeko. Herri txiki bateko nerabeen ezkutuko munduan sakonki murgilduko da. Bigarrenak, Scorseseren Killers of the Flower Moon filmean deskubritu nuen Gladstoneek, polizia baten rola jokatzen du; aktore itzela iruditzen zait eta telesailean lan bikaina egiten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.