urtzi urkizu
'Pantailen artetik'

Zer urtetako sanferminetan?

2024ko uztailaren 7a
05:00
Entzun

Iruñeko sanferminez hitz egiteko orduan, badira kontu batzuk errepikatzen direnak. «Esentzia lehengo bera da», esaten du herritar batek ETBk aste honetan estreinatu duen dokumentalean; ETB2k gaztelaniazko bertsioa estreinatu zuen astelehenean, eta ETB1ek euskarazkoa asteazkenean —Nahieran zerbitzuan eta Primeranen ikusgai daude biak—. «Kanpokoei irekitako jaiak dira», esaten du beste batek. Hala dira. Arena Comunicacion, Clau Creative eta Labrit Multimedia ekoiztetxeek egin dituzte bi dokumental horiek, eta haietan 1940ko, 1950eko eta 1960ko hamarkadetako sanferminetako irudiak ikus daitezke. Super 8 formatuan filmatutako irudiak bereziak dira, Sanferminak inoiz ikusi ez bezala lanean ageri direnak. Moto lasterketak, majorette-ak, ahari talkak, parrandan asto batekin ateratzen zirenak... Xarma ukaezina du hori guztia ikusteak, nahiz eta dokumentalak beste munduko ezer ez izan. Egun indarrean diren tradizioak ere ageri dira, nola ez ba: txupinazoa, entzierroak, zezenketak, prozesioa, peñak, euskal dantzak, kiliki eta erraldoiak... Horiek guztiak ere ageri dira Super 8 formatuan. 

Bi dokumental horietan gutxitan ageri da irudiak zer urtetakoak diren zehazki. Aldiz, bada 22 minutuko dokumental bat ikus-entzulea 1966ko sanferminetara eramaten duena: Zapi gorriak. Juan Bautista Pardok zuzendu zuen lan hori, eta Primeran plataforman dago ikusgai. Batez ere uztailaren 7a sanferminetan nola bizi zen ikusten da lanean. Hau da, modua ematen du dastatzeko iruindarrek nola bizi izan zuten egun hori duela 58 urte.

Frankismo garaiko sanferminak ziren 1966koak. Baina testuinguru politikoa oso bestelakoa zen 1978. urtean, eta hala ageri da San Fermines 78 dokumentalean (2005). Lan horrek aukera interesgarria ematen du jakiteko poliziek nola hil zuten German Rodriguez. Jose Angel Jimenezek eta Juan Gautierrek zuzendu zuten, eta osorik eta doan ikus daiteke Youtuben:

'San Fermines 78' dokumentala (2005), osorik.

Dokumental horretan, 2003ko sanferminetako irudiak ageri dira. 1966koekin alderatuz gero, agerikoa da festazaleen arropa ez zela lehengo bera. Izan ere, azkeneko hamarkadetako ohitura da sanferminetan zuriz jantzita joatea.

Indarkeria matxista

Iruñeko sanferminak ez ditu modu berean bizi gizon batek eta emakume batek, Miren Mindegia kazetariak modu argi eta zehatzean kontatu duenez. Hortzak zorroztu artikuluan, Mindegiak zera dio: «Emakumeak garen biztanleriaren erdiarentzat, sanferminek badakarte pisu gehigarri bat, bestaz gozatzeko oraindik ere eskubiderik ez dugula gogoratzen digun bizipen historial luze batetik eratortzen dena. Denek ala denek jasan izan baitugu, modu batera edo bertzera, sotilago edo bortitzago, indarkeria egoeraren bat testuinguru honetan». Indarkeria hori bortitz eta basatia izan da kasu batzuetan, heriotzarainokoa: 2008an, Nagore Laffage hil zuen Jose Diego Yllanesek. Gaurko egun batez duela hamasei urte. Helena Taberna zinemagileak Nagore dokumentala egin zuen 2010ean, hilketa hori ardatz hartuta.

'Nagore' dokumentalaren trailerra.

No estás sola: La Lucha contra La Manada Netflixeko dokumentalak, berriz, 2016ko sanferminetan gertatutako talde bortxaketaren auzia kontatzen du. Mindegiaren irudikoz, dokumental horrek badu beste balio bat ere: «Sexu indarkeria matxismo sistemikoaren testuinguruan zehaztasunez kokatzen du». Almudena Carracedok eta Robert Baharrek idatzi eta zuzendutako dokumentala da. Ikusi beharrekoa.

No estás sola: La Lucha contra La Manada dokumentalaren trailerra.

Auzi horren inguruko kazetaritza liburu bat ere argitaratu zuten BERRIAk, Jakin-ek eta Elkarrek: Nik sinesten dizut. Bortxaketaren kultura eta sanferminetako kasua —eros daiteke oraindik—. Samara Velteren liburu hori ez da 2016ko sanferminetan gertatutako taldeko bortxaketari buruzko kronika liburu soil bat. Ikuspegi kritiko batetik aztertzen du auzia, eta agerian uzten du nola gurutzatzen diren indarkeria sexistaren hainbat forma kasu bakar batean: biolentzia fisikoak ez ezik, nola osatzen duten erasoa epaiketan ateratako argudio sexistek eta aldi berean zabaldutako epaiketa mediatiko eta sozialak. 

Sanferminak. Mindegiak egiten duen ohartarazpena aintzat hartzekoa da:  «Askatasun delakoa, doike, gizon zuri heteronormatiboentzat bideratutakoa zen (eta da), aski ongi genekien (eta dakigun) bezala. 'Etorri eta egin ezazu txortan nahi haina' bezalako mezuak, esplizituak zein ez, ez genituen sekula gurekotzat hartu. 'Kasu zer egiten duzun, ez edan sobera, ez elkartu ezezagunekin, ez bueltatu bakarrik etxera' bezalakoak, aldiz, guk, soilik guk, jasotzen genituen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.