gorka julio
Irlen sarea

Sormen digitalari buruz

2024ko ekainaren 22a
05:00
Entzun

Micaela Mantegna adimen artifizialaren eta etikaren arloko aditua da. Bartzelonako Sonar jaialdian egin zuen ponentzian, Micaelak sormenari eta sortzaileen gaiari heldu zion perspektiba oso interesgarri batetik, eta horrek hainbat hausnarketa eta galdera sorrarazi zituen.

Bere hitzaldian, Micaela jabetza intelektualaren erreformaren aurka agertu zen, baina, aldi berean, sortzaileen lan profesionala ordaindu behar dela aldarrikatu zuen. Bere ustez, copyright-ak edo horren erreformak ez dute bermatuko egileek kobratzea eta bizirautea.

Micaela urrunago doa eta pentsarazten duten galderak egiten ditu. Teknologia berriek fisikoaren muga eta urritasuna gainditzeko aukera ematen diguten garai honetan, zergatik eusten diegu urritasun artifiziala sortzen duten sistemei, dela erregulazio-esparruen bidez (jabetza intelektualaren bidez) edo kontrol teknologikoen bidez (DRM eta NFT bezalako giltzarrapo digitalen bidez)? Sistema ekonomiko nagusiak urritasunean eta horren kudeaketan oinarritu ditugu. Zerbaitek balio handiagoa edo txikiagoa izango du urria bada. Baina, zer gertatzen da urritasun hori artifiziala denean?

Horrek ez du ezkutatu behar teknologia hauek duten eragina eta kostua kontuan hartu behar ez dugunik. Adibidez, datu-zentro handiek eta adimen artifizialeko modeloen entrenamenduek energiaren eta uraren kontsumo erraldoia dute. Eta teknologia horien bidez nortzuk ari diren kaltetzen edo ustiatzen ere ikusi behar da. Ez soilik artisten lanari dagokionez, baizik eta zapaldutako beste langile askori dagokionez ere bai. Hala nola, adimen artifizialeko modeloek ematen dituzten erantzunak «garbitzeko» kostu baxuan lan egiten duten langileak edota eduki originala sortzen duten milioika pertsonak.

Micaelak argi utzi du langile ikusezin horiek datuak sailkatzen eta sortzen egiten duten lanak aberastasunaren birbanaketaren eztabaidaren parte izan behar duela. Bere proposamen zehatzen artean bi dira nabarmenak: zerga bidezko banaketa justuago baten aldeko apustua eta oinarrizko errenta unibertsalaren alde egiteko ekimena. Proposatzen dituen soluzioak ezinbestekoak dira teknologiek sormenaren alorrean dakartzaten erronkei aurre egiteko eta guztion mesedetan egongo den etorkizun justuago bat irudikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.