gaizka izagirre
'Ekografiak'

Primeran-ek urtebete

2024ko irailaren 13a
05:00
Entzun

«Euskarazko edukien plataforma berria martxan da». Lerroburu horrekin jarri zen abian, orain urtebete, Primeran; telesailak, filmak eta bestelako edukiak euskaraz eskaintzen dituen plataforma. 2023ko iraila zen eta aste batzuk erabiltzen igaro ostean, honakoa idatzi nuen zutabe honetan bertan: «Berriki estreinatu da Primeran eta faltan nabaritzen ditudanak aipatzea bidegabea irudituko zaizue agian. Baina maite duzun norbaiti potentzialtasuna ikusten diozunean bezala da; animatu egin behar zaio hasieran, indarra eman, baina hobetu ditzakeen gauzak ere zintzotasunez aitortu behar zaizkio. Pozik nago, uste dudalako, oraingoan bai, argi honek benetako indarra izango duela eta euskaldunon erreferentziazko plataforma izango dela. Baina mesedez, faborez, arren eta otoi, ez dadila beste saiakera hutsal horietako bat izan».

Tira, zentzuzko tarte bat itxaron ostean balorazio txiki bat egiteko unea iritsi da. Hasteko, argi utzi nahi dut proiektua aurrera eramateko egiten den esfortzua agerikoa dela, eta atzean dagoen lana ere nabarmendu beharreko zerbait iruditzen zait. Hori esanda, argia eta zuzena izan nahi dut: 365 egun hauetan iritsi zaigun edukia eskasa da; ez kantitateari dagokionez, kalitateari dagokionez baizik. Uste dut, oraindik ere, bertan sartu eta eduki bakoitzari play ematen diogunok gehiago egiten dugula militantziagatik, eskaintza interesgarriagatik baino. Erne, ez dut esaten eduki deigarririk ez dagoenik, inondik inora ere, baina orain dela urtebete ikusten nituen gabeziek hor jarraitzen dute eta uste dut ez dela benetako apusturik egiten. Euskaldunon erreferentziazko plataforma izateko osagai guztiak ditu baina baieztapen horretatik urrun sentitzen dut oraindik.

Astero eransten den edukia, oro har, ez zait erakargarria iruditzen —niri eta nire inguruko ia guztiei—. Ekoizpen propio berriak eta eduki esklusiboen aldeko apustu irmoa behar direla uste dut. Badakit mundu mailako telesail baten eskubideak lortu daitezkeela pentsatzea utopikoa dela, baina epe luzera begira, egun dagoen edukiarekin ezinezkoa izango da atxikimendua sortzea, eta are gutxiago publiko hori gaztea bada.

El Casoplón eta Acoustic Home gutxiago, eta euskarazko ekoizpen berri gehiago, mesedez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.