Lide Hernando.
Ekografiak

Musikaren barrunbeak

2024ko ekainaren 25a
05:00
Entzun

Atzo —osteguna, hau ostiral batez idazten ari bainaiz— Donostiako Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdiko film bat ikusi nuen: Omar and Cedric: If This Ever Gets Weird. Munduko bi izenik ezagunenak ez diren arren, musikazale askorentzat jainko bilakatu dira Omar Rodriguez-Lopez eta Cedric Bixler Zavala denborak aurrera egin ahala. At the Drive in eta The Mars Volta dira haien musika proiekturik ezagunenak, eta dokumentalak artisauen erara grabatutako hogei urteko ibilbidea erakusten du. Zoragarria da ikustea nola bi pertsona hauen artearen ikuspegiek bat egin duten bizitzan zehar musika sortzeko; ikustea zein erabaki zailak hartu behar izan dituzten euren ibilbideetan; famaren inguruan duten iritzi hain garden eta zintzoa... benetan gomendagarria iruditu zait musikarekiko interesa duen edonorentzat.

Baina atzokoa zinema areto batean gertatu zen. Zutabe honetan berez telebistaren inguruan hitz egin behar dizuedanez, hona hemen pantaila txikian ikus ditzakezuen euskal talde edo artisten hainbat dokumental gomendagarri, denak Primeran plataforman ikusgai:

Berri Txarrak: Dardara (2021). Letretan zein gogoetetan beti iaioa izan den Gorka Urbizuk taldearen errepasoa egiten digu pieza honetan, bere agurraren ostean, irudi hunkigarriz lagunduta.

Izaro: Limoiari eztia (2022). Mallabitarrak, Donostiako belodromoan eman zuen kontzertua aitzakiatzat hartuta, hainbat gogoeta egiten ditu bere ibilbidearen inguruan; batez ere beldurren, ziurgabetasunen eta epaiketen inguruko hausnarketa sakon eta inteligenteak biltzen ditu. Musikaren aro berri bat eraikitzearen erantzule izan den artistaren testigantza.

Kepa Junkera: Berpiztu (2022). Honi buruz beste artikulu batean hitz egin nuen arren, egokia iruditu zait hona ere ekartzea. Inguruan dituen pertsonen bitartez, Euskal Herriak eman duen trikitilari ezagunenaren bizitza era sakonagoan ezagutzen laguntzen du dokumental interesgarri honek.

El drogas (2020). Barrikada taldeko sortzailearen argi-ilunak erakusten dizkigu, zintzoki, pieza honek.

Euskal musikaren barrunbeak ezagutzeko tresna bikainak dira denak. Pena, ordea, dokumental bat egin ahal izateko maila bateko artista izan behar dela, eta, beraz, soilik ikuspegi jakin bat ezagutzeko baimena dugula ikus-entzuleok: arrakastarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.