gaizka izagirre
Ekografiak

Haurtzarorako bidaia

2024ko ekainaren 26a
05:00
Entzun

Joseba Etxebarria, Xebe Atencia, Miel Apaolaza, Xeberri, Mariasun Iturragoitia, Ana Lupe Fernandez, Patxi Ugalde, Felix Arkarazo... izen horiek guztiak irakurrita, beharbada, batzuk ez zaizkizu oso ezagunak egingo, baina Son Goku, Bulma, Yamcha, Krilin edota Satan Txiki aipatzen baditut? Dragoi bola-ren euskarazko bertsioan, hainbat pertsonaia gogoangarriren atzean dauden ahotsak dira; Edertrack estudioak bikoiztu zuen euskarara eta gidoien itzultzaile eta egokitzaile nagusia Xabier Amuriza izan zen. Maila altuko itzulpena landu zuen eta gazteen artean euskararen hedapenean asko lagundu zuen; pertsonaiek erabiltzen duten hitanoa eredugarri bihurtu zen, esaterako. 34 urte igaro dira 1990ean ETB1en lehen aldiz eman zutenetik eta marrazki bizidun soil batzuk baino askoz gehiago izan ziren hasieratik. Urtzi Urkizuren Txoria hodei artean liburuan Kike Amonarrizek aipatutakoa datorkit burura «Dragoi bola-k markatzen du Euskal Herrian euskarazko erreferentzia komun indartsuen gainbehera. Momentu batean, euskal komunitateak bazituen erreferentzia komun indartsuak: adibidez, Goenkale. Dragoi bola belaunaldi baten erreferentzia linguistiko indartsua izan zen».

Bada, erne, iragan ostiraletik Dragoi bola pantaila handian eta euskaraz ikusteko aukera dagoelako: zinemara eraman dituzte Dragoi bola Z kai telesailaren lehen atalak, Raditzen sagari dagozkionak. Japonieraz «kai»-k «eguneratua» edo «aldatua» esan nahi du; hau da, Dragoi bola Z-ren bertsio berritu bat da. Koloreztatu, ahotsak eta soinu-efektuak grabatu eta betegarririk gabeko muntaketa berri bat prestatu dute, besteak beste.Bertsio birmasterizatu hau 2009. urtean eman zuten lehen aldiz Japoniako telebistan, jatorrizko telesailaren 20. urteurrena ospatzeko. Asteburuan ikusi dut eta gozamena ikaragarria izan da; lehen mailako soinu eta irudien eztanda horren artean euskara entzuteak asko hunkitu nau, berezia izan da, haurtzarora bidaiatu dut. Pertsonalki, ordea, Dragoi bola-ren lehen atalekin egingo nuke hau. Goku, Krillin eta konpainia umeak zireneko garai hori birmasterizatu eta zinemara eramango nuke. Ikus-entzunezko jakin batek gazteen hizkuntza ohitura eta jarreretan eragina izan ote dezakeen ala ez zalantzan jartzen duenari, marrazki bizidun ahaztezin hauen adibidea aipatzen diot beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.