Lide Hernando.
ETB

Gure kutxa ergela

2024ko apirilaren 22a
05:00
Entzun

Apustu egingo nuke belaunaldi berriek ez dutela «kutxa ergel» kontzeptua erabiltzen telebistaz aritzean. Telebistaz ere apenas arituko diren; hedabide tradizionalek jada ez dute lekurik haien elkarrizketetan. Gaztea irratia, bere azken kanpainan, abila izan zen bere burua irrati gisa definitu beharrean «unibertso» kontzeptura aldatzen; halaxe baita gaur egun: ez ditu irrati jakin batean topa daitezkeen uhinak soilik hartzen, baita Internet, jaialdiak eta komunitate oso bat ere.

Baina nola defini genezake gaur egun ETB1 katea? Urtzi Urkizuk Berria, Jakin eta Elkar-ekin ateratako Txoria hodei artean: ETB lehen eta gero liburua irakurtzen aritu naiz egunotan. Lan bikaina egin du Urkizuk; kazetaritza testu batek eskatzen duen neutraltasunez jantzia, gainera. Alta, iruditzen zait berrogei urte hauetako ibilbidearen datu eta testigantzak aztertu besterik ez dagoela gure kate publikoaren kritika konstruktibo bezain zorrotza egitera iristeko. Izan ere, parez pare ikus daiteke, 180 orrialdetan, euskarazko telebistaren gainbehera: ikusle datuetan; bikoizketaren, fikzioaren, kultura edukien, nazioarteko informazioaren eta aurrekontuen murrizketan; zentsuraren gorakadan; alderdikeria agerikoan.

Itxaropenez beterik antzematen dira liburuan katearen lehen urteei dagozkien testigantzak. ETB euskara normalizatzeko tresna funtsezkoa zela sinetsia zuten denek, eta hala lan egiteak are gehiago egonkortu zuen ideia hori. Egun, ordea, normalizatu den ideia da euskararen normalizazioa bigarren mailako behar bat dela. Guztiz bat nator Eli Zunzunegi berriemaileak botatako gauza batekin: «Ematen diozunera ohitzen da jendea». Hala zen hasieran, eta hala da gaur egun ere: entretenimenduzko eduki hutsalak, kirolaren hegemonia eta programa zaharren berpiztea ikustera ohitu dira ikusleak. Gero eta gutxiago dira, ordea: garai batean gure hiztunentzako erreferente izandako telebistarekin gero eta atxikimendu gutxiago dugu.

Hauteskundeak atzo izan ziren. Tamalez, emaitzak jakin gabe idatzi behar izan dut hau. Eskatzen dudan gauza bakarra zera da: Jaurlaritzan agintea hartzen duen horrek, mesedez, bihur dezala berriz gure kutxa ergela unibertso emankor, euskaldun eta eraldatzaile; eta alderdi horretatik ahalik eta askeen bada, hobe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.