Lide Hernando.
Ekografiak

Ez da bekatua

2024ko uztailaren 4a
05:00
Entzun

Ekaina amaitu dela aprobetxatuz, eta harrotasunaren hilabeteak berez urteko egun guztietan iraun beharko lukeela aldarrikatu nahian, gaur LGTBIQ+ gaia dakarten telesail batzuk aipatuko dizkizuet. Kontzientzia ez galtzen, den-denok pantailan behar bezala islatuta egon gaitezen eta, bide batez, istorio polit batzuekin gozatzen lagunduko diguten hainbat izenburu topa daitezke plataformetan.

Veneno (Amazon Prime, Atresplayer). Telesail honekin konbentzitu ninduen lehen aldiz Javier Ambrossi eta Javier Calvok osatutako zuzendari bikoak —Los Javis ere deituak—. Espainiar telebistan ezaguna egin zen La Veneno emakume transexualaren bizitzari jarraitzen dio telesailak, izugarrizko poesiaz zipriztinduta. Telesailaren elementu narratiboak benetan txalotzekoak dira, istorioaren beraren ausardiaz gain.

Heartstopper (Netflix). Askotan kritikatu izan da, eta arrazoi handiarekin egin gainera, fikzioan erretratatutako LGTBIQ+ pertsonaiek istorio tragikoak soilik bizi dituztela. Alice Osemanen komiki batean oinarritutako telesail hau tragediaren tendentziarekin haustera etorri zen, eta ederki gainditu zuen erronka: bi mutiko neraberen arteko maitasun harremanaren alde ederra erretratatzen du, kurtsilerian erori gabe.

The Bisexual (Filmin). Desirée Akhavanek zuzendari eta protagonista lanak egiten dituen telesail honetan, ordura arte bere burua lesbianatzat duen emakume bat bisexuala dela ohartuko da, gizon batek bere arreta pizten duenean. Telesail bitxi hau ikusi arte ez nuen gai hau inoiz pantailan ikusia, eta beharrezkoa bezain polita iruditu zitzaidan egoera hori erretratatzeko duen modua: azken batean, giro homosexualetan ere aurreiritziak eta errepresioa egon baitaitezke.

It’s a Sin (Amazon Prime, Max). 2021eko telesailik onenetarikoa izan zen, nire ustean. 1980. hamarkadan Erresuma Batuko giro homosexualean kokatzen gaitu, hiesak eragindako drama latza modurik errespetagarri eta, paradoxikoa bada ere, alaienean kontatuz. Lagun talde horretako pertsonaia bakoitza etxerako modukoa da, egia esan.

Euphoria (Max). Egia da LGTBIQ+ kolektiboa ez dela denok ezagutzen dugun telesail honen gai nagusia; baina, hain zuzen ere, ez da oso ohikoa izaten protagonista lesbiana duen telesail bat ikustea gai nagusia homosexualitatea bera ez denean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.