Urdaibaiko patroia

Gorka Aranberri: «Sekretu bakarra lana da, eta irabazteko gosea»

Bermeoko ontziaren urte oparoenak bizitzen ari da patroi zarauztarra, eta hark ere urte berdingabea osatu du. Goia jo du Kontxako Banderan Aita Manuelen palmaresa berdinduta.

Gorka Aranberri, Kontxako Bandera irabazi izana ospatzen. JON URBE / FOKU
Gorka Aranberri, Kontxako Bandera irabazi izana ospatzen. JON URBE / FOKU
pettan uralde
2024ko irailaren 13a
05:00
Entzun

Denboraldi historikoa osatu du Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak (Zarautz, Gipuzkoa, 1987). Laugarren urtez jarraian Eusko Label liga eta Kontxako Bandera irabazi, bigarren urtez jarraian ligako patroi onenaren saria eskuratu, eta 90 urtean inork hautsi gabeko marka berdindu du: Aita Manuel pasaitarraren pare jarri da Kontxako palmaresean, bederatzi bandera lortuta. Adierazi du arraunari gutxi gehiago eskatu dakiokeela. 

 
Bederatzigarren Kontxako Bandera irabazi zenuen asteburuan. Erraz esaten da. Ohituta zaude jada?

Ohitu ez da inor egiten. Azken urteetan asko irabazteko aukera izan dut, baina ez naiz ohitu. Kirol honetan, ez irabaztea da normalena, eta irabaztera ohitzen baldin bagara, gero gogorra egiten da porrotak onartzea.

Aita Manuel patroi pasaitar mitikoaren pare jarri zara Kontxako Banderaren palmaresean. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Kontxako Banderaren historian, aldi asko jokatu dira, eta, orain arte, Aita Manuelen izena egon da zerrendaren goialdean. Azken urte hauetan lortutako garaipenekin haren pare jartzea harrotasun handia da niretzat, eta oso pozik nago horrelako aitorpena jasota.

Marka historiko horiek pizten ahal dizute ilusio berezirik?

Errekorrak eta lorpenak beti ikusi ditut bigarren mailako gisa, edo gutxienez beti pentsatu izan dut egindako lanaren ondorioa direla. Denboraldi bat hasten duzunean, ez zara marka baten bila ibiltzen. Errekorra lortzen baduzu, badakizu zure izena hor geldituko dela, eta beste batek estutu egin beharko duela gainditzeko. Markak lortzea polita da, oso zaila baita, baina garrantzia handiagoa ematen diot, adibidez, denboraldi bakoitzean lortutako banderei.

«Gure garaipenak kritikatzen dituena gonbidatuko nuke astebetez Bermeora etortzera, gure jarduna ikustera»

Baduzu beste marka bat lortzeko aukera asteburu honetan: Eusko Label ligako banderen errekorra. Hamabi irabazi dituzue aurten. Batekin berdindu egingo duzue errekorra, eta birekin, gainditu. Hori duzu helburua?

Aurtengo helburua argia zen: liga irabaztea. Ligak, bandera batekin edo hamabostekin irabazi, berdin balio du. Orain aukerak dauzkagu errekor hori gainditzeko, eta horretan saiatuko gara, noski. Lehenik eta behin, larunbatean etxeko estropada jokatuko dugulako, eta, gainera, erakutsi dugulako irailera sasoi onean iritsi garela. Zukua atera behar diogu horri. Mutilak gogotsu egongo dira, denboraldian osoan erakutsi dugun moduan, Bermeon ere erakusteko onenak garela. Zaila izango den arren, ahalegina egingo dugu gure onena emateko.

Garaipen asko lortutakoa zara, baina igandean bereziki hunkitu zinen estropada amaieran. Aurtengo Kontxako Bandera berezia izan da?

Urte asko dira goi mailan, urte asko Kontxako Banderan... taldekide hauek gabe ez nukeen ezer lortuko, eta hunkitu egin nintzen. Asko diet eskertzeko urte hauetan izandako entrenatzaile eta arraunlariei, pila bat irabazteko aukera izan baitut haiekin. Baina eskerrak eman behar dizkiot familiari ere, denbora asko pasatu baitut etxetik kanpo, eta, konturatzen zarenean sakrifizio horrek zerbaitetarako balio izan duela, bada, hunkitu egiten zara.

Bada zuen garaipenei meritua kentzen dionik, selekzio bat zaretela esanez. Min egiten dizu jendeak ikuspegi hori izateak?

Etxeko sofatik edo tabernako barratik begira dagoenak ondorio arruntak ateratzeko joera du: beti berdinak irabazten duela, selekzio batekin irabazteak ez daukala meriturik... nik argi daukat beste inork bezainbeste lan egiten dugula, oso talde ona izan arren. Guri inork ez digu ezer oparitu, eta mutilek urteko hamar hilabetetan arrauna besterik ez dute buruan. Elikadura, atsedena, prestakuntza fisikoa... geure eguneroko lanetan gaudenean ere pentsatzen ari gara arraunean, bizimodua horretara bideratua daukagu. Badirudi arraunlari onez inguratuta egotearekin garaipenak ziurtatuta dituzula, baina hori ez da horrela. Urrutira joan gabe, Bermeok talde oso onak izan ditu garaipena usaindu ere ez dutenak egin. Sekretu bakarra lana da, eta irabazteko gosea.

Gogotik ospatu zuten Urdaibaiko arraunlariek Kontxako Bandera. JON URBE / FOKU
Urdaibaiko arraunlariek gogotik ospatu zuten Kontxako Bandera irabazi izana. JON URBE / FOKU
Hainbeste alditan aipatu duzun lan hori al da talde honen funtsa?

Iker Zabalak zerbait sustatu badu, lana sustatu du. Lana predikatu izan du beti, eta horrela kutsatu gaitu besteok. Hiru urte hauetan sekulako lana egin du. Beste taldeak ez dakit zenbat entrenatzen diren, baina ondo dakit Bermeok zenbateko lana egin duen. Gure garaipenak kritikatzen dituena gonbidatuko nuke astebetez Bermeora etortzera, gure jarduna ikustera.

Horrelako denboraldi biribil baten ostean, kirolari askok baliatzen dute aukera erretiroa hartzeko. Urte mordoa egin dituzu arraunean, eta lorpen gutxi utzi dituzu eskuratu gabe. Pasatu zaizu burutik erretiro hitza?

Burutik pasatzen da, denboraldia luze joaten baita azkenean. Etxeko jendeari ere ordu asko kentzen dizkiozu, eta nik dagoeneko hiru alaba dauzkat, eta emaztea. Urtetik urtera etxeko egoera ere aldatuz doa, eta denboraldia bukatzen denean mahaian eseri behar da etorkizuna antolatzeko. Horrelako denboraldi bat osatu ostean, erraza da agur esateko aitzakiak bilatzea. Baina, bestalde, boladarik onenean zaudela ohartzen zara, eta nola jakin ezin duzula horrelako beste denboraldi bat osatu? Kirolariak irabazteko gosea behar du, eta nik badaukat oraindik.

Argi dago gutxi gehiago eskatu diezaiokezula arraunari, ezta?

Egia esan, arrauna bizitzako ikaskuntza baten parekoa izan da niretzat, arraunetik hazi naizelako txikitatik. Balio asko jaso ditut arraunetik, batez ere banakotasunek ez dutela ezertarako balio, eta talde lana benetan garrantzitsua dela. Bizitza errealean gertatzen diren gauzak ikasi ditut arraunetik, eta asko eman dit kirol honek. Oraindik ere asko ematen dit arraunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.