Getafe 1-1 Reala

Realak puntu bakarra lortu du Getafen

Barrenetxeak aurretik jarri du talde txuri-urdina. Baina Latasak berdindu egin du, eta hortik aurrera etxeko taldea hobeto aritu da. Partidaren kontrola izatea falta izan zaio Realari, eta azken txanpan baino ez ditu sortu gol aukerak.

Realeko Turrientes eta Getafeko Yulli, lehian, gaurko partidan. ZIPI / EFE
Realeko Turrientes eta Getafeko Yulli, lehian, gaurko partidan. ZIPI / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko apirilaren 21a
16:50
Entzun

Bigarren jardunaldiz jarraian, Realak ezin izan ditu hiru puntuak batu. Talde txuri-urdinak puntu bakarra urratu du Getaferen zelaian, bana berdinduta. Norgehiagoka ondo hasi da txuri-urdinentzat, aurretik jarri baitira Barrenetxeak buruz egindako gol bati esker. Baina, ordu erdia betetzear zela, Latasak berdindu egin du, eta, hortik bigarren zatiaren azken txanpara arte, etxeko taldea hobeto aritu da.

Realak ezin izan du jokoaren kontrola eta ekimena izan, eta antzeman egin du. Imanolek marrazkia aldatu du, bosteko atzealdearekin jokatuz, eta azken ordu laurdenean Realarenak izan dira aukerak. Ez du asmatu, ordea. Horrenbestez, Europa ligara sailkatzeko borrokan, nahi baino gutxiago balio duen puntu bat eskuratu du, hirunaka batu beharra baitu. Sailkapena estutu egin da, eta Ralak hiru puntura du orain Betis, eta laura Valentzia. Datorren ostiralean Real Madrilen aurka jokatuko dute txuri-urdinek Anoetan. 

Hamaikakoan ohikoak diren bi jokalari falta zituen gaur Imanol Alguacilek: Zubeldia eta Zubimendi. Espero bezala, Pacheco eta Turrientes aritu dira haien ordez, hasieratik. Getaferen zelaian jokatzen diren partidak itxiak eta trabatuak izan ohi dira. Halakoa izan da neurketa hasiera, lehia handikoa eta parekatua. Baina Realak hautsi du parekotasun hori. Izan ere, 11. minutuan gola sartu du buruz Barrenetxeak. Baloia ondo atera du atzetik talde txuri-urdinak. Zakhariani iritsi zaio baloia, hark buelta eman du, eta pase bikaina eman dio Beckerri. Hegaletik erdiraketa neurtua jarri du bigarren zutoinean, eta atzetik indarrez etorrita sartu du gola Barrenetxeak.

Aurretik jarri ostean, Realak pazientziaz mugitu du baloia, eta, batez ere zelai erditik aurrerako jokalariak sartu direnean, zalantzaren bat sortu diote Getaferen atzealdeari, batez ere bizi jokatu dutenean. Bordalasek zuzentzen duen taldeak, berriz, apur bat estutu du presioa Realaren baloi irteeran, eta erdiraketen eta pase luzeen bidez saiatu da min egiten. Baina Realak kontrolpean zuen partida. Pixkanaka, ordea, gero eta gehiago gerturatu da Remiroren atera. Hala, 29. minutuan, Remirok bi gelditu ikusgarri egin ostean, baloia Greenwoodi iritsi zaio, eta haren erdiraketa baliatu du Latasak buruz gola sartzeko. 

Hortik aurrera, nahastu egin da partida. Ez talde batek, ez besteak, ez dute lortu jokoaren ekimena izatea. Realari ez zitzaion komeni hori, eta deseroso ari zen. Baloia eduki behar zuen, eta Merino eta Zakharian jokoan gehiago sartzea ere bai. Azken ordu laurdenean ez da aukera argirik egon. Epaileak, ordea, hiru minutuko luzapena adierazi du. Eta, lehen zatiko azken jokaldian, Reala gola sartzear egon da. Zakharianek ondo jaso du baloia, eta Alderete atzean utzi du; baina arearen balkoitik egin duen errematea erdira joan zaio, eta hankekin atera du Soriak, Getafeko atezainak. Hala amaitu da lehen zatia.

Bi aldaketa

Bigarren zatia abiatzeko, bi aldaketa egin ditu Imanolek: Traore eta Barrenetxea geratu dira aldagelan, eta Odriozola eta Kubo zelairatu dira. Bigarren zatia presio estua eginez hasi du Getafek, eta nagusi izan da. Realak apenas zuen baloia, eta etxeko taldea gola sartzeko zorian izan da Oscarrek jaurtitako falta batean. Baloiak zutoinean jo ostean, Le Normand jo du, eta gol arrastotik atera du erdiko atzelariak. Garcia Verdura epaileak VAR-ean egin behar izan du kontsulta, baloia ez dela guztiz sartu ziurtatzeko. 

60. minutuan gerturatu da Reala —lehen aldiz bigarren zatian— Soriaren atera, Kuboren buruz buruko jokaldi batekin. Baina haren erdiraketa ondo geratu du Soriak. Imanolek ez zituen gauzak argi ikusten, eta, hegaletatik sakontasun gehiago bilatu nahian, marrazkia bera ere aldatu du. Sadiq eta Elustondo zelairatu ditu Beckerren eta Zakhariaren ordez, eta bosteko atzealdearekin jokatzea erabaki du. Baina etxeko taldea hurbildu da gehien Remiroren atera, nahiz eta 72. minutuan Realak arriskua sortu duen Odrizolaren igoera batean. Haren erdiraketa ondo utzi du pasatzen Oiartzabalek, baina Sadiqen errematea kanpora joan da. Ia erreskadan, beste abagune argi bat izan du aurrelari nigeriarrak, Kubok erdiratu ostean. Baina orduan ere ez du asmatu.

Imanolen taldeak gora egin du azken txanpa horretan, garaipena behar baitzuen Europa ligarako sailkatzeko borrokan. Beñat Turrientesek izan du hurrengo abagunea, urrutitik jaurti duen batean, baina Soriak ondo atera du eskua. Getafek balekotzat eman du puntua, eta pauso bat egin du atzera. Azken minutuetan bi taldeek nekea antzeman dute, eta berdinduta amaitu norgehiagoka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.