Txirrindularitza

Pogacarrek jantzi du maillot horia jada

Kevin Vauquelinek irabazi du Frantziako Tourreko bigarren etapa, azken igoeran ihesaldiko kideei gailenduta. Batera helmugaratu dira Pogacar eta Vingegaard.

Kevin Vauquelin, gaur, Boloniako helmugan. KIM LUDBROOK / EFE
Kevin Vauquelin, gaur, Boloniako helmugan. KIM LUDBROOK / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko ekainaren 30a
18:55
Entzun

Italiako Giroan egin zuen moduan, Tadej Pogacarrek (UAE) bigarren egunean jantzi du liderraren elastikoa. Oraingoan, horia. Sentipenak, ordea, ez dira orduko berak. Giroan begi bistakoa zen ez zuela aurkaririk izango, baina gaurko egunak albiste pozgarri bat utzi du zaleentzat: Jonas Vingegaard (Jumbo) indartsu dabil. San Lucako igoeran Pogacarrek jo duen erasoari ongi erantzun dio danimarkarrak, eta Bolonian (Italia) batera helmugaratu dira bi oilarrak eta Remco Evenepoel (Soudal).

Vingegaardek hiru hilabete zeramatzan lehiatu gabe, eta, pronostikoen arabera, zail izango zuen Pogacar bezain ondo aritzea. Azken bi Tourretako irabazlea gutxiestea ez da komeni, baina. Ikusi beharko da datozen egunetan zein garapen izaten duen. Mikel Landa lagun duen Evenepoelek ere hautagaitza aurkeztu du bigarren etapan, jaitsieran Pogacar eta Vingegaard harrapatuta. Irabazlearengandik 2:21era helmugaratu dira.

Etapa Kevin Vauquelin (Arkea) frantziarrak irabazi du. Talde horrek Tourrean lortu duen lehen garaipena da. Ihesaldiak bidea egin du, eta osatzen zutenen artean indartsuena izan da Vauquelin. San Lucako igoera bigarren aldiz igo dutenean egin du ihes hark ere. Jonas Abrahamsen (Uno-X) norvegiarra izan da bigarren, mendiko liderra.

Tadej Pogacar, gaur, maillot horia soinean duela. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Tadej Pogacar, gaur, maillot horia soinean duela. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.