Eurokopa

Osatu da Eurokopako koadroa

Ezustekoekin amaitu da multzoen fasea. Errumania E multzoko lehen postuan sailkatu da, eta aurrera egin du. Georgia ere final-zortzirenetan izango da, Portugali irabazi ostean. Txapelketa irabazteko hautagaietako asko koadroaren alde berean ariko dira.

Errumaniako selekzioko jokalariak, sailkapena lortu dutela ospatzen.  YOAN VALAT / EFE
Errumaniako selekzioko jokalariak, sailkatzea lortu dutela ospatzen. YOAN VALAT / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko ekainaren 27a
09:25
Entzun

Eurokopako selekzio bakoitzak badaki zein izango den bere bide orria garaikurra eskuratu nahi badu. Atzo jokatu zituzten multzoen faseko azken lau partidak, eta, horrekin batera, gauerako jakin ziren final-zortzirenetako norgehiagoka guztiak. Orain, bi eguneko atsedena izango dute talde guztiek, eta larunbatean ekingo diote berriro lehiari. Zortzi neurketa jokatuko dira datorren asteartea bitarte. Alegia, bi partida egun bakoitzeko (18:00etan, eta 21:00etan). Faborito gehienak koadroaren alde berean ariko dira, eta baliteke haien artean lehiatzea datozen faseetan.

Atzo jokatu ziren multzoen faseko azken lau partidak. E multzoan berdinduta amaitu ziren bi partidak; Belgikak eta Ukrainak 0-0 amaitu zuten, eta Eslovakiak eta Errumaniak, 1-1. Azken partida horretan biscotto-a izango zela aurreikusi zitekeen, bi selekzioei balio baitzien berdinketak hurrengo fasera igarotzeko. Horrela, lau taldeek lau punturekin amaitu dute multzoen fasea. Ukraina kalean gelditu da golen aldea dela medio, baina beste hirurek aurrera egitea lortu dute. F multzoan izan zen eguneko ezustekoa. Georgiak 2-0 hartu zuen mendean Portugal, eta final-zortzirenak jokatzeko sailkatu da. Hala ere, Portugalek ziurtatuta zeukan multzoko lehen postua. Beste partidan, Turkiak 2-1 irabazi zion Txekiari, eta hala aurrera egin. Txekia, berriz, kanpoan gelditu da.

Georgiako jokalariak, Portugali irabazi berritan. MIGUEL A. LOPES/EFE
Georgiako jokalariak, Portugali irabazi berritan. MIGUEL A. LOPES / EFE

Orokorrean, multzoen fasea lehia handikoa izan da. Espainia izan da hiru partidak irabazi dituen selekzio bakarra, eta selekzio guztiek lortu dute puntu bat gutxienez. Emaitzen artean zenbait ezusteko izan dira. Adibidez, Austria lehen postuan sailkatu da, Frantziaren eta Herbehereen aurretik. Frantziak eta Ingalaterrak, garaikurra altxatzeko hautagaietako bik, partida bakarra irabazi dute. Belgikak ere neurketa bakarra irabazi du Errumaniak, Eslovakiak eta Ukrainak osatzen zuten talde batean. Hala ere, faborito guztiek egin dute aurrera.

Euskal jokalariei dagokienez, Unai Simon eta Nico Williams garrantzitsuak izaten ari dira Espainiako selekzioan. Simon da, David Raya taldekidearekin batera, orain arte golik sartu ez dioten atezain bakarra. Ligaxkako hirugarren partidan, ohikoak diren jokalariek atseden har zezaten, ordezkoak zelairatu zituen Luis de la Fuente hautatzaileak. Horrela, aulkian gelditu ziren Simon eta Williams, eta ez zuten minutu bakar batean ere jokatu. Erabaki hori Dani Vivianen, Martin Zubimendiren, Mikel Merinoren eta Mikel Oiartzabalen mesedetan izan zen. Laurak hasieratik aritu ziren, Eurokopa honetan lehen aldiz. Alex Remiro, berriz, aulkian gelditu zen. Orain arte ez du jokatu, eta ez dirudi aukerarik izango duenik.

Bidea, uste baino zailagoa

Txapelketa irabazteko hautagaietako askori zaildu egin zaie finalerako bidea. Izan ere, koadroaren alde berean arituko dira Alemania, Espainia, Frantzia, Belgika eta Portugal. Frantziak multzoko lehen postua galdu izanak koadroaren alde horretara bidali du Didier Deschamps baionarraren taldea. Gauza bera gertatu zaio Belgikari ere.

Eurokopako azken fasea

Horiek hala, erabakita dago final-zortzirenetako koadroa. Hauek izango dira partida guztiak, etzitik aurrera: Alemania-Danimarka, Suitza-Italia, Espainia-Georgia, Ingalaterra-Eslovakia, Frantzia-Belgika, Portugal-Eslovenia, Errumania-Herbehereak eta Austria-Turkia. Faborito guztiek aurrera egiten badute, izen handiko selekzioen arteko partidak izango dira final-laurdenetan. Esate baterako, baliteke partida hauek izatea: Alemania-Espainia, Portugal-Frantzia edo Ingalaterra-Italia. Horretarako, ordea, final-zortzirenetako partidak irabazi beharko dituzte lehendabizi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.