Prestatzailea eta trebatzailea

Axier Arteaga: «Orain, Artola sinetsiago dago egin duen lanketa ondo irtengo dela»

Arteagak urtebete pasatxo darama Artolarekin lanean, eta, elkarrekin ari direnetik, pilotari alegiarrak gora egin du nabarmen. Argi du: «Pentsaeran egin du aldaketarik handiena».

Axier Arteaga. JON URBE / FOKU
Axier Arteaga. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
Lasarte-Oria
2024ko maiatzaren 16a
05:10
Entzun

Duela urte eta erdi pasatxo pilota profesionala utzi zuenetik, prestatzaile eta trebatzaile dabil Axier Arteaga (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1996). Etxean du lantokia. «Oso gustura» dabil, eta «oso pozik» dago harekin ari diren kirolariak lortzen ari diren emaitzekin.

Zer sentitzen duzu Iñaki Artola horrenbeste gozatzen ikusita?

Harekin batera gozatzen dut nik. Hori gertatzen da maite duzun edonorekin: hark gozatzen badu, zuk gozatzen duzu, eta hark sufritzen badu, zuk sufritzen duzu. Nik maite ditut nirekin dabiltzan kirolariak, badakidalako nigana etorri badira sufritzen ari direlako dela. Asko betetzen nau nirekin arituta onerako aldatu direla ikusteak.

Arrakasta ere zurea da?

Ez, haiena da. Nire egitekoa erraza da: zein pauso eman behar dituzten esaten diet. Konprometituta dagoenak ematen ditu, eta ez dagoenak, ez. Ezin zaio lagundu nahi ez duenari. Umiltasuna behar da laguntza eskatzeko, eta asko kostatzen zaigu onartzea laguntza behar dugula. Errazago joaten gara fisioterapeutarengana arlo mentala lantzen dutenengana baino; tabu eta sinismen batzuk ditugu.

Noiz eta nola hasi zineten elkarrekin lanean Artola eta zu?

Duela urtebete pasatxo izan zen. Iñaki ordezko zebilen promozio mailako binakakoan. Esan zidan zerbait aldatu behar zuela. Prestaketa fisikoaz ari zen. Elkartu egin ginen, eta esan nion hasiberria nintzela, baina beste guztiekin egiten dudan bezala, bete-betean ariko nintzela harekin. Nigan sinetsi zuen, eta lanean hasi ginen. Nik banekien arazoa ez zela fisikoa, hura asko prestatu baita beti, eta oso profesionala baita. Arazoa beste nonbaitetik zetorren. Nik oso islatuta ikusi nuen neure burua harengan: ezinegona zuen kontratua bukatzen zitzaiolako. Nik ere hori bizi izan nuen, eta gerora ikasi nuen nola kudeatu; okertzen garenean ikasten dugu. Hala, burua lantzen hasi ginen.

Sufritzen ari zen?

Bai, baina ez du onartuko. Iñaki beti dago pozik. Baina, kirolari batek sufritu egiten du emaitzak lortzen ez dituenean.

«Barruan zituen beldurrak desagerrarazi ditugu, pentsamendu onak izan ditzan, eta bere buruarengan segurtasuna eta konfiantza izan dezan»

Lan fisikoa egin nahi zuen. Ondo hartu zuen burua ere lantzea?

Iñaki oso zentzuduna eta azkarra da. Oier Alkorta palistak hamar partida galdu zituen jarraian, eta, nirekin lanean hasi, eta berehala hobetu zuen. Burua bakarrik lantzen dut harekin. Iñakik hori ikusi zuen, eta probatzera animatu zen. Emaitzak lortzen hasi, eta lan horretan sakondu genuen, baina beti oso naturalki.

Nola da harekin lan egitea?

Ez dizu ideia erosten segituan; oso ondo hausnartu behar du, eta hori egindakoan gauzatu. Hori dela eta, beste batzuek baino gehixeago kostatu zaio emaitzak lortzea. Baina, bakoitzak egin behar du bere bidea. Garrantzitsuena da konprometituta egotea, eta Iñaki badago.

Zer aldatu du gehien?

Pentsaera. Kantxan beti seguru sentitzen den kirolari bat izan zaitezke, edo kantxan beti zalantzati eta beldurrez dabilen kirolari bat. Pentsatzen duzunak eragiten du hori. Iñakik barruan zituen beldurrak desagerrarazi ditugu, pentsamendu onak izan ditzan, eta bere buruarengan segurtasuna eta konfiantza izan dezan.

Beldurrez ari zen?

Arrakasta ez izateko eta frakasatua sentitzeko beldurra zuen; kirolari askok dute. Horrek pentsamendu ezkorrak eragiten dizkizu, eta zalantzati sentiarazi. Beldur hori desagerrarazten duzunean pentsamenduak erabat kontrakoak dira: nik hau egingo dut, nik hau merezi dut, nire zoriontasuna ez dago arrakasta hau lortzearen edo ez lortzearen mende... Presio hori askatuta, kirolaria, askatu egiten da, eta eguneroko bizitzan aske sentitzen denez, jokalekuan ere aske sentitzen da, eta emaitzak hobeak lortzen ditu.

«Goitik behera okertuko litzateke pentsatuta Altuna baino hobeto aritu dela, eta horregatik irabazi beharra duela»

Nola heltzen die partidei orain?

Sinetsiago dago egin duen lanketa ondo irtengo dela. Ez balitz konbentzituago egongo, ez luke horrela jokatuko.

Aspaldian ez du min hartu. Ez da kasualitatea.

Ez. Gure gorputzeko gaixotasun askok garunean dute oinarria: zer pentsatzen ari garen, zer beldur ditugun... Horrek eragin handia du gure osasunean. Iñaki, adibidez, askotan lesionatzen zen, eta gure helburuetako bat izan zen hori zuzentzea, jarraitutasunik gabe ezin delako hobetu. Plangintza bat egin genuen mugikortasuna lantzeko eta burua askatzeko. Beldurrak tentsioa eragiten dizu, eta hausteko arriskua handitu. Lasai zaudenean, ordea, arrisku askoz gutxiago dago.

Igandean finalerdia jokatuko du Jokin Altunaren aurka. Nola egingo diozue aurre?

Zabalaren aurkakoari bezala; beste partida bat gehiago da. Kirolariok beti okertzen gara pentsatuta arrakasta dela finalerdi bat edo final bat jokatzea, baina arrakasta norberarena da: norbera egiten ari den lana, hobekuntza... Kantxara irteten den aldiro lor dezake arrakasta hori; aste barruan egin duen lanketa ateratzen bazaio, ondo sentituko da. Eta Iñakik hori egin dezake, bai Zabalaren aurka, nahiz eta sailkatuta egon, bai Altunaren aurka. Aurreko asteko lanketa eta plangintza berbera da, eta horrek segurtasuna eta lasaitasuna ematen dizu pentsatzeko ez dela garrantzitsuagoa; bestela, presioa sentituko duzu. Guk ez dugu lan egiten arrakasta lortzeko, Iñakik hobetzeko baizik. Horregatik, nahiago nuen Jokinen aurka jokatu: laguna dugu, txapeldun handia da... Horrek eramango du Iñaki hobea izan behar izatera eta aurkariarengatik gehiago ikastera.

«Iñaki baliotsua da egunerokoan den pertsonagatik, eta hobetzeko egin duen lanagatik, ez finalerdia galdu edo irabazteagatik»

Zer itxura hartzen diozu lehiari?

Beste koska bat da Iñakirentzat, onena baita Jokin. Ez da haren gustuko txapelketa egiten ari, eta Iñaki hobeto aritu da, baina orain artekoak ez du deus balio, igandekoak bakarrik balio du. Jokin onena espero dut. Baina, lasai gaude, irabazi ala galdu ikasketa bat izango delako Iñakirentzat. Sekulako gogoa du; hori ez dugu landu beharrik. Landu behar duguna da garuna ez hastea pentsatzen hau finalerdi bat dela, eta ezberdina dela; goitik behera okertuko litzateke pentsatuta hobeto aritu dela, eta horregatik irabazi beharra duela. Iñaki kantxara irteten den bakoitzean du aukera irabazteko, eta horri bete-betean eutsi behar dio, eta erakutsi zein maila duen, eta eman. Hala ere, Iñaki baliotsua da egunerokoan den pertsonagatik, eta hobetzeko egin duen lanagatik, ez finalerdia galdu edo irabazteagatik.

Zer gerta ere, txapelketak konfiantza handia emango dio.

Lehenbizi, norberak izan behar du. Ez da kasualitatea Iñaki finalerdietan egotea, aspaldi dabil konfiantzaz. Galdu ala irabazi eutsiko dio, eta berdin segiko du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.