Pertsonaia

Olatuen maisua

Oraindik publikoki baieztatu ez duen arren, laster da erretiroa hartzekoa Kelly Slater. Floridakoa hiru hamarkadatan aritu da goi mailan, eta 11 aldiz izan da munduko txapeldun.

Kelly Slater. WSL / TONY HEFF
Kelly Slater. WSL / TONY HEFF
Beñat Mujika Telleria.
2024ko maiatzaren 7a
05:25
Entzun

«Amaiera hurbiltzen ari dela sentitzen dut». Hala esan zuen Kelly Slaterrek (Cocoa Beach, AEBak, 1972) Bells Beachen egin zen WSL proban. Historiako surflari onenak erretiroa hartzeko erabakia hartua du jada, nahiz eta oraindik ez duen publikoki esan. 11 aldiz izan da munduko txapeldun, eta oraindik goi mailan lehiatzen da 52 urterekin, aldakan ebakuntza egin ondoren ere. «Dena amaitzen da, eta, moldatzen ez bazara, ez duzu bizirik irauten», gaineratu zuen olatuen maisuak.

Kirolari gutxik bezalako ekarpena egin dio surfari eta kirolari Slaterrek. Marka guztiak hautsi ditu 30 urteko ibilbidean, eta, horregatik, beste kirol izar handi eta mediatikoekin alderatu dute. Hala nola Michael Jordanekin, Muhammad Alirekin edo Tiger Woodsekin. 11 aldiz izan da munduko txapeldun, beste inor baino gehiagotan. Horrez gain, World Tourrean garaipenen errekorra apurtu zuen. Guztira, 56 garaipen eskuratu ditu World Tourreko probetan.

Oraindik nerabea zela, etorkizuneko munduko txapelduntzat jotzen zuten surfean aditu direnek. Berehala egiaztatu zen hori. Izan ere, munduko txapeldun izendatu zuten 1992an, 20 urterekin. Oraindik ere hura da inoiz izan den txapeldunik gazteena. Baina hori nahikoa ez, eta txapeldun izatea lortu duen surflari zaharrena ere bada. 2011n lortu zuen hori, 39 urterekin. Aurreneko txapelketaren eta azkenekoaren artean nagusitasuna erakutsi zuen, eta lehiakide guztien aitortza jaso. Inork ez du zalantzarik hura izan dela olatuetan onena.

1990ean profesional egin zenetik, nagusitasuna erakutsi du Slaterrek. Adituen esanetan, surfa birdefinitu zuen 90. hamarkadan Cocoa Beacheko izarrak. Erritmo azkarreko surfa ekarri zuen, airean egindako maniobra erabat berriak eta uretako teknika landua. Sei Munduko Txapelketa irabazi zituen jarraian, 1993tik 1998ra. Hamarkada horren amaieran, 1999an, egin zuen erretiroa hartzeko lehen saiakera. Baina berehala itzuli zen goi mailan lehiatzera, eta beste bost aldiz lortu zuen Munduko Txapelketa.

2000. hamarkadan, surfaren zaleek inoiz ahaztuko ez duten lehia izan zuen Andy Ironsekin. Floridakoak eta Hawaiikoak buruz buruko biziak izan zituzten ia hamar urtean, eta haien artean banatu zuten aginte makila urte horietan. Zale guztien oroimenean geldituko da 2006an Pipeline Masterseko finalean izan zuten lehia, askorentzat inoizko ekitaldirik onena. Ez zen Slaterrek izandako lehia bakarra izan. Aurreko urteetan Ironsen aurka lehiatu ondoren, Mick Fanningen aroa iritsi zen. Australiako surflari gazteak zortzi aldiz Munduko Txapeldun izan zenari egin zion aurre. Bien artean banatu zituzten hurrengo bost urteetako garaikurrak 2007 eta 2011 bitartean.

«Itzaltzen ari den kandela»

2011an lortu zuen Munduko Txapelketa irabaztea azken aldiz. Hamahiru urte igaro dira geroztik, baina goi mailan lehiatzen jarraitu du, onenen artean. 30 urte baino gehiagoan beti izan du lehiatzen jarraitzeko grina eta motibazioa. Baita gaur egun ere, adinean bikoizten dituen gazteen aurka. Ederki laburbiltzen du Slaterrek berak dagoeneko famatu egin den esaldian: «Surfa mafia bat bezalakoa da. Behin barruan zaudela, ezin zara bertatik irten».

2023ko apirilaren amaieran, Kelly Slater World Surf Leagueko Championship Tourrean —Munduko surfeko maila gorena— sartzeko aukera ematen duten tokietatik kanpo gelditu zen, 33 urteko ibilbidean lehen aldiz. Denboraldiaren bigarren zatian, ordea, goi mailan aritzeko gonbidapena jaso zuen. Baita 2024rako ere. Baina ezin izan du aprobetxatu, eta bigarren urtez jarraian kanporatuta geratu da. «Oraindik ez dut iragarri, baina laster amaituko dut nire ibilbidea. Beraz, unean unekoaz gozatzen saiatzen ari naiz», adierazi zuen kanpoan gelditu zenean. Olinpiar Jokoetan ere ez da izango. 23. postuan sailkatu zen 2023ko Championship Tourrean, Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera ematen zuten lehen hamar postuetatik urrun.

Hainbatetan hitz egin da olatuen maisuaren erretiroaz. Hark ere askotan aipatu du, baina orain arte beti jarraitu du aurrera. Oraingoan, baina, atzera-bueltarik gabeko erabakia dela dirudi. «Nire bizitza diseinatu nuen izan daitekeen lehiakiderik handiena izateko. Laster, nire lehentasun berrietara egokitu dadin diseinatuko dut bizitza. Besteak beste, familia, lagunak, free surfing-a eta negozioak izango dira nagusi», ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.