Athleticeko jokalaria

Yulema Korres: «Nire helburua beti izan da taldekideen egunerokoa erraztea»

Duela bi urte berritu zuen kontratua, behin hura amaituta futbola uzteko hautua egin du Korresek. Datorrenari heltzeko gogoz dago. Baina aurretik atseden hartu nahi du.

Yulema Korres
Yulema Korres. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko ekainaren 26a
05:00
Entzun

Gauzak ondo edo gaizki joan, Yulema Korresek (Gasteiz, 1992) irribarre batekin heltzen dio egunerokoari. «Pailazo samarra naiz». Hamar urte oparo egin ditu Athleticen.

Nola joan dira agurraren osteko egunak?

Albistea eman aurreko egunetan okerrago pasatu nuen: jendeak ez zekien, agur bideoa grabatu behar izan genuen... Urduri egon nintzen, egun gogorrak izan ziren. Baina berria eman ostean, zama bat kendu nuen gainetik. Hortik aurrera emozio eta ilusio handiarekin bizi izan dut agurra. Hunkigarria izan da.

Etxeko korridorean aitarekin futbolean jokatzen zuen neskato hark 203 partida jokatu ditu Athleticekin. Nork esan behar zizun, ezta?

Hala da. Azkenean nire ogibide bihurtu da, hamar urtez. Zoragarria izan da, eta amets bat bete dut. Espero gabekoa, gainera. Izan ere, txikitan ez nuen pentsatu ere egiten amets hori egia bihurtu zitekeenik. Orduan, emakumeen futbolak ez zuen hainbesteko ikusgaitasunik, eta ez zegoen erreferenterik.

Hain zuzen ere, beti esan duzu aitak eman zizula aholkurik onena Athleticera joateko eskaintzan jaso zenuenean. Zera esan zizun: «Biderik zailena da, baina onenekin entrenatuko zara». Orain zer hausnarketa egiten duzu aholku hartaz?

Bete-betean asmatu zuela. Ni Gasteizko Aurreran nengoen, eta Athleticek deitu zidanean pentsatu nuen: «Dituen jokalariak kontuan hartuta, nola joango naiz hara? Ez dut ia jokatuko». Baina aitak arrazoi zuen: Erika [Vazquez], Eli [Ibarra], Iraia [Iturregi]... zeuden. Ez nekien urtebeterako edo birako izango zen. Baina ezin nuen aukera galdu. Ikasteko eta hazteko lekurik egokiena zen. Azkenean hamar urte izan dira, eta inoiz hartu dudan erabakirik onena izan zen Athleticekin fitxatzea. 

Nola hasi zinen Athleticen? Asko kostatu zitzaizun lekua egitea?

Nik ikastea nuen buruan, eta egunero hobetzea. Baina saltoa handia zen, beste mundu bat. «Zer egiten dut nik hemen?», galdetzen nion neure buruari. Urduri nengoen, eta haiek oso onak ziren. Ez nion ia ematen baloiari. Gaizki pasatu nuen. Etxera oso nekatuta iristen nintzen. Baina, pixkanaka, ohituz joan nintzen, eta lekua egin nuen.

Duela bi urte berritu zenuen azken aldiz kontratua, eta agur bideoan zenion orduan hasi zinela erretiroan pentsatzen. Nola izan da prozesua?

Kontratua berritu nuen, gogotsu nengoelako eta disfrutatzen jarraitu nahi nuelako. Baina, aldi berean, jakitun nintzen ondoren gauza asko planteatu beharko nituela. Horri lotuta, prozesua naturala izan da. Ez dut asko jokatu, gorputzak uzteko unea dela dioten seinaleak ematen dizkizu, lagunekin eta familiarekin galtzen dituzun planei gero eta garrantzi handiagoa ematen diezu... Gaztetan gauza horiei ez diezu hainbesteko garrantzia ematen, jokatzea eta entrenatzea baita nahi duzuna. Alde horretatik, prozesua erraza izan da, eta pixkanaka barneratu dut. Neure buruari eta joango nintzen taldeari iruzur egitea izango litzateke jarraitzea. 

«Prozesua erraza izan da, eta pixkanaka barneratu dut. Neure buruari iruzur egitea izango litzateke jarraitzea»

Horrek azken hilabete hauetaz gehiago disfrutatzen lagundu al dizu?

Uste dut baietz. Nik gehien estimatzen dudana da multzoaren giroa. Asko gustatzen zait txantxak egitea eta taldekideekin irribarre egitea. Horrek, jokatzeko hainbeste aukera ez duzunean, bizipoza ematen dizu. Alde horretatik asko disfrutatu dut, eta lasai noa. 

Talaia horretatik nola ikusi dituzu gazteak?

Polita izan da ikuspegi horretatik gazteei erreparatzea. Sekulako talentua dute, eta harrobian egiten ari diren lana zoragarria da. Gazteak indartsu datoz, eta normala da esperientzia gehiago dugunoi tokia kentzea. 

67 gol sartu dituzu lehen taldearekin, seigarrena zara golegile onenen zerrendan. Gustura?

Egia da kirolari batek beti nahi duela gehiago. Hainbestetan min hartu ez banu, gehiago izango ziren. Baina gol bakoitzarekin asko gozatu dut, eta taldeari lagundu diot. Helburu horrekin iritsi nintzen.

2016-2017ko denboraldia izan zen oparoena: hogei gol sartu zenituen. Zure sasoirik onena izan zen?

Argi dago zenbakiak hor daudela. Baina ez dut oroitzapen handirik sasoi hartaz. Aurrekoa dut batez ere gogoan, txapeldunak izan ginelako. Ezuste handia izan zen, eta are gehiago disfrutatu genuen. Eromena izan zen, zoragarria.

San Mames berrian lehen gola sartu zenuen jokalaria izan zinen, Txapeldunen Ligako partida batean. Zure kirol ibilbideko momenturik onena izan zen?

Dudarik gabe. San Mames berrian jokatzea, Txapeldunen Liga jokatzea, gola sartzea... izugarria izan zen. Zoriona erabatekoa izan zen. 

Golez gain, zein izan da zure ustez taldeari urte hauetan egin diozun ekarpenik handiena?

Ez nuke jakingo esaten. Uste dut beste batzuei dagokiela hori esatea. Baina esango nuke aldagelan beti izan naizela ni, eta nire helburu nagusia izan dela taldekideen egunerokoa erraztea. Niretzat hori funtsezkoa da. 

Urte zail batzuen ostean, taldeak denboraldi oso ona egin du. Horrek uzteko erabakia erraztu du?

Bai. Uste dut bizpahiru urte zeramatzala klubak gazteekin oso lan ona egiten, eta emaitzak iritsi dira. Gainera, Davidek [Aznar entrenatzaileak] asmatu egin du lan egiteko eta jokatzeko moduarekin. Dena den, momentua ona izan ez balitz ere, uste dut nire erabakia ez zela aldatuko. 

Erabakiaren berri ematean, zer mezu eman diezu geratu diren jokalariei?

Batuta jarraitzeko, Athleticen multzoa bakarra baita munduan. Familia bat gara, lagun multzo bat. Hori ezin da galdu. 

«Beste kirol batzuk egin nahi ditut. Oso gustuko dut igeri egitea eta bizikletan ibiltzea, baita eskiatzea ere»

Zer asmo duzue etorkizunerako?

Uda lasai igaro nahi dut, atseden hartu, eta irailean ikusiko dugu. Argi samar dudana da ez dela futbolari lotuta izango. Izan ere, ez dut neure burua hor ikusten. Datorrenaz disfrutatu nahi dut, eta beste kirol batzuk egin: batez ere igeri egin, bizikletan ibili eta eskiatu. Bizimodu berrira egokitu beharko dut. Hainbat gauzatan egin dut lan, eta ikusiko dugu zertan hasten naizen.

Nola bizi izan duzu emakumeen futbolak izan duen bilakaera?

Hazkundea agerikoa da, eta horretan hasi zirenei asko zor diegu. Borrokan jarraitu behar da, badirelako oraindik lortu beharreko gauzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.