«Kirol profesionala uztea erabaki dut, baina ez diot inoiz utziko bizikletan ibiltzeari». Hala iragarri du Lourdes Oiarbidek (Egino, Araba, 1994) goi mailako txirrindularitza utziko duela. 2013an fitxatu zuen Bizkaia-Durangok, eta orain arte onenen artean lehiatu da. Movistarren egin ditu urte gehien, baina azken urtea Laboral Kutxan egin du. Lorpenen artean Espainiako Txapelketa da garrantzitsuena. Bi aldiz irabazi du Espainiako txapelketa; 2017an erlojuaren aurka eta 2019 iraupeneko proban.
Oso gazte hasi zen bizikletan, eta bere hastapenak oroitu ditu Instagramen zabaldu duen agur mezuan: «Bizikletari zor diot nor naizen. Oso goiz hasi nintzen, 7 urterekin, eta bizikletaren gainean pertsona gisa garatu naiz. Hainbat gauza lantzeko tresnarik onena izan da: Iraunkortasuna, dedikazioa, sakrifizioa, errespetua, laguntasuna, talde lana eta beste hainbat gauza. Gazte mailetan oso emaitza onak lortu zituen, eta, horren ondorioz, Bizkaia-Durango taldeak fitxatu zuen 2013an, 19 urte zituela. Handik urtebetera egin zuen debuta Munduko Txapelketan, Espainiako selekzioarekin. Oiarbide Leire Olaberriaren ordez aritu zen erlojuaren aurkako proban, gipuzkoarra min hartuta baitzegoen. Orduz geroztik ia urtero aritu da Munduko Txapelketetan.
Bizkaiko taldean lortu zuen lehen sari handia. 2017an Espainiako Txapeldun izan zen erlojuaren aurkako saioan. Lorpenak goi mailako tropelean aritzeko aukera eman zion, urte horretan bertan fitxatu baitzuen Movistarrek. Bertan egin du bere ibilbidearen zatirik handiena. 2017tik 2023ra. 2019an, gainera, Espainiako txapeldun izendatu zen beste behin. 2017an lortutakoa 2019an lortu zuen, baina iraupen saioan.
Zazpi urte egin zituen Movistarren, eta iaz Laboral Kutxak fitxatu zuen. Euskal taldeak World Tourrean aritzea lortu du aurten, eta Oiarbide bera eta Ane Santesteban izen handiko fitxaketak izan ziren onenekin batera lehiatzeko. Urtebete egin du bertan, eta atzo iragarri zuen goi mailako tropela utziko duela.
Agur mezuan emakumeen txirrindularitza izan du gogoan:«Emakumezkoen txirrindularitzaren profesionalizazioa oso gertutik bizitzeko aukera izan dut, maila eta baldintza guztietatik pasatu bainaiz». Tropel kideekin ere gogoratu da arabarra: «Bidean entrenatzaile, zuzendari eta laguntzaile handiekin topo egiteko zortea izan dut. Eta zer esan nire lehiakideei inguruan! Pribilegiatua izan naiz hainbeste urtez benetako emakume borrokalariz eta inspiratzailez inguratuta egoteagatik. Izan ere, gizonen mundu batean bizi gara (kirolaren barruan eta kanpoan), eta bidea irekitzea ez da inoiz erraza izaten».