EIBAR FUTBOL TALDEKO JOKALARIA

Aritz Aranbarri: «Lehen Mailara igotzeko presiorik ez dut nabaritzen»

Etxe ingurura itzuli da, urtebetez Leganesen aritu ostean. Realean ez zuen tokirik topatu, baina debuta egin zuen onenen artean. Orain, elitera itzultzen lagundu nahi dio Eibarri, Leganesen egin bezala. Ederki hasi dira. Gaur Tenerife jasoko dute (16:15).

Aritz Aranbarri. EIBAR
Aritz Aranbarri. EIBAR
enaut agirrebengoa
2024ko irailaren 14a
05:10
Entzun

Elastiko berriarekin astelehenean jokatu zuen estreinakoz Aritz Aranbarrik (Azkoitia, Gipuzkoa, 1998). Eibarren garrantzitsu sentitu nahi du, eta funtsezko ekarpena egin zuen Albaceten: golik ez jasotzen eta gola sartzen lagundu zion taldeari. «Debut biribila» izan ondotik, gipuzkoarren atzeko lerroan finkatzen saiatuko da. Igotzeko aukerak «ilusioa» eragiten dio, baino nahiago du helburu zehatzak baztertu. «Denborak gure tokian jarriko gaitu».   

Zure pase luze batek aurkariaren ate barruan bukatu zuen Albaceteren kontra, atezainak baloia urruntzerakoan kale egin ostean. Gola zuri eman beharko zizuten?

Ez, ez [barrez]. Atezainak baloia ukitu izan ez balu, ez zen ateraino iritsiko. Egia esan, harrituta gelditu nintzen. Gure zelai zatian nengoen, eta, aurkariak gainean nituenez, gora bidali nuen baloia. Puertas eta Bautista zihoazen bila, eta atezainak, aurrera beharrean, bere aterantz eman zion baloiari. Halako zerbait gertatzen zaidan lehen aldia da.  

Gol horrek ez du Puskas saria irabaziko, baina hiru puntu baliotsu eman zizkizuen. 

Golak hori du, berdin duela nola sartzen duzun. Beti balio du berdin. Gero, azpimarratu beharra dago lan ona egin genuela alde horri eusteko. Lehen garaipena lortu genuen etxetik kanpo, eta oso pozik gaude. Egia esan, debut biribila izan zen niretzat Eibarrekin egindakoa. Partida osoa jokatu, irabazi… Ezin dut gehiago eskatu. 

Partida hasieran, nahaste-borraste handia izan zenuten Fuzato atezainak eta zerorrek. Gauzak desberdinak ziratekeen baloi hori sareetara iritsi izan balitz. 

Albacetek bere atean sartutako golaren antzeko egoera bat izan zen. Hala ere, nire pasea kanpora zihoan, eta azkenean kanpora joan zen. Eskerrak. Eta gero, txanpona gure aldera erori zen, haiek ordaindu egin baitzuten hutsegitea. Guk, ordea, ez genuen beste hutsik egin. Oso serio aritu ginen defentsan, eta pozarren gelditu nintzen atea hutsean utzita. 

«Lehen Mailara igotzeko formula zein den? Batik bat, talde barruko batasuna nabarmenduko nuke»

Hamahiru jokalari berri iritsi zarete Eibarrera, eta zure fitxaketa merkatuaren azken txanpan gauzatu zen. Oso luze egin zaizu uda?

Bai, ez dizut ukatuko. Eibarrek ni fitxatzeko nahia erakutsi zuen, eta nik ere banuen gogoa. Bi aldeetatik gauzak erraz jarrita, azkarrago topatzen da irtenbidea. Ordea, Leganesek beste atzelari bat fitxatu nahi zuen niri ateratzen utzi aurretik, eta gakoa hor egon zen. Behin hori konponduta, gauzak erraz atera ziren. 

Leganesekin titular gisa aritu zinen Lehen Mailako lehen bi jardunaldietan. Ez zenuen izan bertan jarraitzeko tentaziorik?

Nahiko garbi nuen Leganesen ez nuela nahi beste jokatuko. Lehen partidetan hutsune batzuk zeuden, eta aukera ondo baliatu nuen. Gustura gelditu nintzen emandako mailarekin. Hala ere, esana zidaten beste jokalari batzuk aurretik izango nituela nire postuan. Bada, aukera gehiagoren bila etorri naiz Eibarrera. Oso ondo hartu naute hasieratik. Dena da errazagoa etxe ingurura itzulita. Hala ere, egokitzen ari naiz oraindik.

Eibarrek hiru urte daramatza igoeraren atarian gelditzen. Presio berezia nabari da taldearen inguruan?

Pauso txiki batera gelditu da azken hiru urteetan, hori hala da. Dena den, nik ez dut presiorik nabaritzen. Klubean gauzak ondo ari dira egiten, eta uste dut denborak gure tokian jarriko gaituela. Gainera, jokalari berri asko iritsi gara, eta horrek, nolabait ere, mentalki hutsetik hasteko aukera emango dio taldeari. Futbolistikoki iruditzen zait oso ondo ari garela, eta dagoeneko hasi gara teknikariak eskatzen diguna zelaian islatzen. 

«Realaren harrobian ikasitakoei esker naiz gaur egun naizena; bai futbolean, bai bizitzan»

Sailkapenaren goiko aldean kokatu zarete hasi orduko. Aurrera begira, zein da helburua, lehen bi postuetako bat lortzea?

Hasiera ona izan da, dudarik gabe. Ea horrela jarraitzen dugun. Hala ere, uste dut hobe dela helburu zehatzik ez jartzea. Ahalik eta puntu gehien lortzen saiatuko gara. Gero, ea sailkapenak zer dioen. Igotzeko aukerak ilusioa eragiten digu, noski, baian ez dut uste geure buruari presio hori jarri behar diogunik. 

Aurreko sasoian Leganesekin igo zinen Lehen Mailara. Zein da formula?

Batik bat, talde barruko batasuna nabarmenduko nuke. Talde izaerak asko lagundu gintuen partidarik zailenetan. Oso luzea izaten da Bigarren Mailako denboraldia, eta gorabeherei hobeto egiten zaie aurre talde guztia bat eginda dagoenean. Kalitatea behar da, noski, baina horrek ez dizu ziurtatzen igoko zarenik. 

Urte asko egin zenituen Realaren harrobian, eta lehen taldearekin debuta ere egin zenuen; bai Ligan, bai Europan. Zer falta izan zitzaizun hor goian egonkortzeko?

Reala asko hazi da azken urteetan, eta gaur egun, maila oso ona behar duzu bertan tokia egin ahal izateko. Oso esperientzia polita izan zen ligan eta Europan debuta egin ahal izatea; hori bai, erdiko atzelari gisa ez nuen batere jokatu, eta arantza hori gelditu zait. Oroitzapen oso onak ditut, dena den. Hamabi urte nituenetik 25 urtera arte egon nintzen Realean, eta orduan ikasitakoei esker naiz gaur egun naizena; bai futbolean, eta bai bizitzan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.